Herren egiten duen aulki bat. Mahai bat, inguruan bildu ohi dituena platerak, katiluak, latak, hautsontziak, eskuak, aldizkariak, opariak, frutaontziak. Kafe-makinaren pssssss. Pospolo erabiliak. Leiho bat zabalik, atzera eta aurrera. Koloretako zakarrontziak. Sei labana paretan pegatuta, beste bi mahaian. Iturria, eta azpian, harraska bat ataskatuta. Egunkariak pilatuta. Melokotoi ubelduak. Ogi apurrak lurrean, eta azenario bururen bat. Gatz potoa. Kazuelatik irteten den lurruna. Erloju bat martxan, ordubete atzeratuta.
Eskolako lanak egitera joaten ginen lehen; hala, zalantzarik sortuz gero, han zebilen etxekoren batekin kontsultatzeko aukera izaten genuelako. Trapua pasatzen genuen mantela txukun gera zedin, eta elkarren inguruan esertzen ginen; karta-jokoan ikasi genuen 15era arteko batuketak modu diferentean egiten. Bertsoak entzuten genituen behin eta berriz, eta elkarrekin kantatzen gero, errepikatzearen errepikatzeaz buruz ikasi genituen arte; hala memorizatu genituen lehenengo errima sailak. Tipulak mozten genituen tipularik mozten ez genekienean; zakarretara bota genuen hatz lodiari zerion odol gorriak zikindutako barazkia. Postrea jaten geratzen ginen elkarrizketa luzatu nahi genuenetan. Ate ondoko aulkian esertzen ginen, dena delako jertse-poltsa-gauzaren gainean, ezin genuelako logelak hartzen zuen isiltasuna jasan; isilik egon nahi ez, eta ikasi genuen maiteenei «gure gauzak» kontatzen. Ate ondoko aulkian esertzen ginen, dena delako jertse-poltsa-gauzaren gainean, ematen zuelako burua jaitsi eta ondoan geratuta, hor egonda, inora joan gabe, haserrea baretu egingo zela; zenbatetan egongo ginen hortxe, aulki banatan eserita, isil-isilik, negarra eztarrian, batek esan arte «berandu da eta ohera joan beharko dugu». Esne hotzaren bila abiatzen ginen lorik hartu ezin zen udako gau sargorietan; hankak zikinduko genituela-eta errieta egiten ziguten sasoian, oinutsik ibiltzeari gustua hartu genion biajetxo haietan. Otordu itzelak egiten genituen umore eskaseko iratzartzen ginen edozein egunetan, janaria prestatzen ziguten gu mahaira heltzerako; berandura arte ez ginen horretaz ohartu.
Desagertuko dira egunkari orriak mahaitik, utziko diogu barazkiak banan-banan mozteari, iritsiko dira kafe-makina isilagoak, eta orduan ere, nahi nuke jarraitu sentitzen sukaldeak duen su berezi hori
Sukalde bat martxan ezagutu behar da, bizirik. Jendea bertan dabilela. Tripak, gogoak eta eskuak bateratzen ditu sukaldeko bizitzak. Badu zerbait bestelakoa, badu su bat berezia. Denbora eman dugu hantxe, aldatu egin gara hantxe, sentitu egin dugu hantxe; denetik eman digu sukaldeak: elkartzeko toki goxo-goxo bat batez ere.
Aspaldian, iruditzen zait etxeko garbiketetako turno bat gehiago dela sukaldekoa. Pena ematen dit. Gaur, neure burua topatu dut ate ondoko aulkian eserita, bi tipula eskuan eta oin biak biluzik, maiteenei «nire gauzak» kontatzen, eta okurritutako zera guztia pila bat erromantizatzeaz aparte, poza sentitu dut, bila joan gabe toki goxo-goxo horretan elkar hartu dugulako.
Desagertuko dira egunkari orriak mahaitik, utziko diogu barazkiak banan-banan mozteari, iritsiko dira kafe-makina isilagoak, eta orduan ere, nahi nuke jarraitu sentitzen sukaldeak duen su berezi hori. Gure bizitzarekin zer egin nahi dugun komentatzean elkarri, adibidez, bata leiho ertzean eta bestea mahaiaren gainean jarrita, porruak egosten diren bitartean.