Bilduma arkeologiko eta paleontologikoa

Bilduma arkeologiko eta paleontologikoa

Ondarea bildu, informazioa jaso eta garaian garaiko gizarteak aztertu. Xede horrekin ireki zuten Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Irunen. Lehenago, Gipuzkoan ez zen lurraldeko ondare arkeologiko eta paleontologiko guztia bilduko zuen tokirik, harik eta 2011. urtean Gordailua ireki zuten arte. «Ez gaitezen nahastu. Gordailuak ez ditu hamar urte bete», esan du Xabier Kerexeta Gordailuko bildumen eta museoen arloko buruak. «Hamar urte pasatu dira bertan dugun bilduma arkeologiko eta paleontologikoa osatu genuenetik». Halere, urtero sartzen dituzte objektu gehiago.

Kerexetak kontatu duenez, «behar batek bultzatuta» sortu zuten Gordailua. «Gipuzkoa ez da lurralde bereziki aberatsa arkeologiaren ikuspegitik, baina aldundiak badu bilduma handi bat. Han gordetzen diren pieza guztiak lurralde osoan sakabanatuta zeuden lehen, eta Donostiako San Telmo museoa zen erreferentziazko tokia». San Telmoko baldintzak ez ziren egokiak ondarea mantentzeko, eta, gainera, toki txikiegia zen horrenbeste lanentzat. «Aranzadin ere hainbat gauza zituzten. Leku guztietako ondarea biltzeko sortu zen Gordailua egiteko ideia». Asmoa egia bilakatu zuten azkenean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011n ireki zituen Gordailuaren ateak, Irungo Belaskoenea auzoan.

Kerexetak uste du arkeologia «berandu» iritsi zela Gipuzkoara baina aurrerapen nabariak egin direla azken urteetan. Orain, garai askotako piezak dauzkate bilduta Gordailuan, hala nola erromatar garaiko zeramika piezak, historiaurreko hezurrak, objektu etnografikoak, artelanak… «Ditugun objektu guztiak gordetzeko diseinatuta dago Gordailua. Tenperaturak eta hezetasunak asko kontrolatzen dira han, eta eraikineko txoko bakoitzak bere funtzioa du. Materialen arabera banatzen ditugu, bakoitzak bere ezaugarriak eta beharrak ditu eta». Pieza bakoitzak dokumentazioa du, eta hori ere han gordetzen dute. Kaxatan antolatzen dira objektuak, eta bakoitzak QR kode bat dauka; modu horretan, datu base bat oinarri hartuz, badakite gauza bakoitza zehazki non dagoen.

«Arkeologia ez da aztarnak aurkitzea, baizik eta aztarnek ematen diguten informazioarekin antzinako garaietako jendea nola bizi zen ulertzea»

XABIER KEREXETA Gordailuko bildumen eta museoen arloko burua

Azken hamar urteetan, 150.000 obra katalogatu dituzte Gordailuan, eta 700.000 piezatik gora daude egun; horien artean dira Oñatiko Arrikruzko lehoia eta Jose Miguel Barandiaranek Lezetxikin aurkitutako giza aztarna, Europan aurkitutakoen artean zaharrenetako bat. «Objektu enblematikoek ez dute zertan garrantzitsuenak izan. Informazio gehien ematen dizkiguten piezak dira baliotsuenak», adierazi du Kerexetak. «Askotan esaten dut hemen ez dagoela ez altxorrik eta ez trasterik, hemen ondarea dugula». Gordailuko bildumen eta museoen arloko buruak dioenez, Dorre kobazuloko hezurra da horren adibide: «Dorreko hezurra, berez, hezur txiki bat da, baina han dituzten grabatuek informazio asko ematen digute». Izan ere, Kerexetarentzat horixe da arkeologia: informazioa eskuratu eta haren bidez historiaren berri jakitea. «Arkeologia ez da aztarnak aurkitzea, baizik eta aztarnek ematen diguten informazioarekin antzinako garaietako jendea nola bizi zen ulertzea».

Pedagogia lana

Kerexetaren ustez, «erakunde bizia» da Gordailua. «Hemen ditugun gauzak ez dira soilik bilduta edukitzeko. Ikertzaileek hemengo piezak azter ditzakete, atzean duten informazio guztia jasotzeko. Gainera, museoei hemen dauden objektuak uzten dizkiegu, erakusketak egin ditzaten».

Gordailua ez da museo bat, ez baitu izaten erakusketarik. Nolanahi ere, bisita gidatuak antolatzen dituzte hilean behin —udan izan ezik—, bertan egiten duten lana ezagutarazteko. «Guretzat oso garrantzitsua da jendeari azaltzea nola egiten dugun lan, ondareak duen garrantziaz ohartarazteko eta bisitariek iraganeko gizartea ulertzeko. Hortaz, gordetzen dugun bilduma erakustea baino gehiago, Gordailua bera erakustea da bisiten helburua». Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman behar da aurrez. 

(ID_17532782964345) (/EZEZAGUNA) Gordailua, Arrikutzeko lehoia
Oñatiko Arrikruzko lehoia, uztailaren 18an, Irungo Gordailuan. GORDAILUA

Gordailuan gordetzen dituzte, esaterako, Gipuzkoan egiten dituzten arkeologia eta paleontologia indusketetan egindako aurkikuntza oro, izan lurpean edo izan urpean aurkitutakoak. Kerexetak azaldu du pieza guztiek «ibilbide jakin bat» egin behar dutela Gordailura iritsi ahal izateko. «Lehenik eta behin, indusketak baimendua izan behar du», esan du. «Gaur egun, bada metal detektagailuekin piezen bila ibiltzen denik, piraten moduan altxorraren bila ariko balitz bezala. Hori onartezina da, objektuak profesional batek atera, jaso eta dokumentatu behar baititu». Aurkitutako objektua Gordailuan sartu behar da urtebetez, arkeologoek denbora tarte hori izan dezaten hura aztertzeko.