Andoni Aizpuru ETB1eko aurpegi ezagunenetako bat da (Gabiria, 1964). Hainbat urte igaro zituen euskara irakasten, eta 1992an ikus-entzunezkoen mundura egin zuen jauzi. Saio ugari aurkeztu eta zuzendu ditu harrezkeroztik; ETB1eko Euskadi zuzenean, Bertatik Bertara eta Barnetegia, besteak beste. Gaur egun, ETB1en eguraldi iragarle dabil Aizpuru, eta esan du 32 urteren ondotik jardun horretan amaitu nahi duela ibilbide profesionala.
Gabirian hazi zinen. Nola oroitzen dituzu garai haiek?
Umetako oso oroitzapen onak dauzkat. Orain baino askoz jostailu eta traste gutxiago geneuzkan, baina asti libre gehiago, eta asko jolasten ginen. Hainbat ekintza egiten genuen eskolatik kanpo; futbolean eta pelotan jolasten ginen, txabolak egiten genituen, zapaburuak harrapatu, txori habiak bilatu…
Gabiria herri txikia izanik, askotariko adinetako haurrak ibiliko zineten elkarrekin, ezta?
Bai. Denok elkarrekin jolasten ginen. Herriko eskolan, maisu bera genuen 5 urte genituenetik 14 bete arte, eta neskak eta mutilak bereizi egiten gintuzten. Gogoan dut berrogei bat mutil egoten ginela gelan. Oso eskola berezia izan zen Gabiriakoa. Gero ikastolara joan nintzen, Urretxura; ondoren, institutura, eta azkenik, Donostiara, Irakasle Ikasketak egitera.
Zure lehenengo aukera izan al ziren Irakasle Ikasketak?
Naturarekin zerikusia zuen gradu bat ikasi nahi nuen. Naturak eta bertako elementuek atentzioa eman izan didate beti; ikaragarri gustatzen zait mundu hori. Hortaz, Biologiako gradua zen nire lehen aukera.
«Uste dut nire gailurreraino iritsi naizela, eta hemendik aurrera jaisten joan nahiko nuke, pixkanaka»
Eta zergatik ez zenuen ikasi?
Garai hartan gradu horrek zeukan ospe txarrak atzera bota ninduelako.
Zer dela eta?
Esan zidaten Biologia ikasten zutenek laborategi batean amaitzen zutela, eta nik kanpoko lana egin nahi nuen; mendira joan, eta animaliak eta landareak aztertu.
Irakasle Ikasketak aukeratu zenituen, azkenean.
Bai. Egia esan, beti gustatu izan zait irakasle lana. Gradua egin bitartean, bazegoen zubi kurtso moduko bat, eta natur arloko adarra aukera zitekeen. Hori egitea zen nire asmoa, baina lanean hasi nintzen, eta soldaduska ere egin nuen, eta, azkenean, ezin izan nuen zubi kurtso hura egin. Nik beti esaten dut biologo frustratu bat naizela.
Lanean hasi zinela esan duzu. Zertan?
1980-1982 artean, euskara klaseak ematen hasi nintzen euskaltegian. Garai hartan jende asko hasi zen euskara ikasten, eta irakasle beharra zegoen. Nik ordurako banuen Euskaltzaindiaren B titulua, eta Donostian euskara klase batzuk ere ematen nituen. Irakasle Ikasketak bukatu berritan hasi nintzen euskara irakasten. Zazpi edo zortzi bat urte egin nituen horretan, EITBra etorri aurretik.
Nola sortu zitzaizun ETB1en lan egiteko aukera?
Irakasle Ikasketetako tesina Urbia eta Oltzeko artzaintzari buruz egin nuen, eta, horretan pixka bat sakondu ostean, Gerriko Saria idazlan lehiaketara aurkeztu nintzen. Nire lanak bigarren saria irabazi zuen, eta uste dut hori izan nuela telebistan sartzeko atea.
Eta handik aurrera, zer?
Kolaborazioak egiten hasi nintzen hainbat komunikabidetan; natur kontuak eta etnografikoak jorratzen, batez ere. ETB1en eguraldi igarle baten bila zebiltzan, eta, dirudienez, egiten nituen kolaborazioen berri izan zuten. Castinga egitera animatu nintzen, eta, antza, nire soslaia gustatu zitzaien. 1992an hasi nintzen.
Gaur arte.
Bai. Orduan postu egonkor bat nuen Errenteriako udal euskaltegian, eta zuzendariorde ere banintzen han. ETBn proba egitea erabaki nuen, euskaltegian urtebeterako lanuztea hartuta. ETBn aurkezle lanetan hasi nintzenean, proposatu zidaten telebistako beste saio txiki batzuk ere aurkeztea, eta, azkenean, euskaltegiko lana utzi eta telebistan geratzea erabaki nuen. 32 urte daramatzat horretan.
Askotariko saioetan lan egiteko aukera izan duzu. Zer saiotan gozatu duzu gehien?
Albisteekin lan egitea baino nahiago dut bestelako saioetan aritu. Adibidez, magazine formatua zuen Bertatik bertara programa oso gustura egin nuen. Zortzi urtez izan ginen horretan, egunero-egunero, eta, oker ez banago, 1.500 saiotik gora egin genituen. Gailurra izan zen asko disfrutatu nuen beste saio bat. Izan ere, ni mendizalea naiz, eta programa hartan parte hartzeko galdetu zidatenean, ez nuen zalantzarik izan. Euskal Herriko mendietara joaten ginen, eta haien historiaz hitz egiten genuen.

Orain ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Ez. Mila saltsatan ibili naiz urte askoan, eta, eguraldia emateari utzi gabe, martxa handi samarrean. 61 urte egingo ditut laster; beraz, jada erretiroa daukat buruan. Uste dut nire gailurreraino iritsi naizela, eta hemendik aurrera jaisten joan nahiko nuke, pixkanaka. Oso gustura ari naiz eguraldiaren kontuarekin; uste dut gaur egun oso saio konpletoak egiten ditugula, eta nire asmoa eguraldia eginez amaitzea da. Gainera, telebista oso exijentea da, eta uste dut gazte jendeari lekua uzteko garaia dela.
Lanetik kanpo, zein dira zure zaletasunak?
Zaletasun asko daukat; gehiegi, beharbada. Asko gustatzen zait familiarekin egotea, mendira joatea, korrika egitea eta baserriko lanetan aritzea. Ni baserrian bizi naiz, eta oso gustukoa dut hango bizimodua. Oiloak, erleak eta zaldiak dauzkagu orain. Batzuetan denera iritsi ezinda ibiltzen naiz, baina badakit gauzak behar den momentuan uzten.
Noiz izaten duzu zaletasunez gozatzeko denbora?
Lantokira joan aurretik, goizean, pare bat orduan egoten naiz libre, umea eskolara eramateko edo nire baratzean aritzeko… Gaur, adibidez, lantokira etorri aurretik, belarra jiratzen ibili naiz, eta bihar zuhaitz txiki bat ereingo dugu.
Nolakoa da zure lan egun bat?
Astelehenetik ostiralera egiten dut lan ETB1en. Eguerdian etortzen naiz Bilboko egoitzara, eta eguerdiko eta gaueko eguraldi iragarpenak ematen ditut. Nahiz eta kamera aurrean ni bakarrik agertzen naizen, atzetik talde handi bat dago meteorologia eta errealizazio lanetan. Guk meteorologoek eta koordinatzaileek prestatutako prebisioak ikusten ditugu, eta gero bilera bat egiten dugu dena bateratzeko.
Zer da lan horretatik gehien gustatzen zaizuna?
Eguraldiaren ziurgabetasuna da nire lanbidetik gehien gustatzen zaidana. Inork ezin du kontrolatu zer eguraldi egingo duen, eta uste dut horrek xarma berezia daukala.
«Beti egoten da eguraldia gure esku dagoela uste duen jendea, baina eguraldi iragarleok komunikatzaile hutsak gara»
Batzuetan ematen du eguraldi iragarleeen esku dagoela eguraldi ona edo txarra egingo duen.
Beti egoten da eguraldia gure esku dagoela uste duen jendea, baina eguraldi iragarleok komunikatzaile hutsak gara. Normalean, jendeak esker ona adierazten digu, nahiz eta tarteka kontrakoak ere izaten diren. Esango nuke, iragarpenak ez betetzeak baino gehiago, bakoitzak nahi duen eguraldia ez egiteak gogaitzen duela jendea.
Azkenaldian, muturreko eguraldia izaten ari gara Euskal Herrian. Klima aldaketaren ondorioa al da hori?
Garbi dago eguraldia eta klima epeltzen ari direla, baina lehen ere ekaitzak eta uholde bortitzak egoten ziren. Gogoratzen dut 1983an izugarrizko uholdeak izan zirela Gipuzkoan eta Bizkaian. Euskalmeten txostenetan ikus daiteke Euskal Herrian hamarkada bakoitzean 0,3 gradu epeldu dela eguraldia; beraz, ez dago ukatzerik klima berotzen ari dela. Hala ere, ez dago batere garbi horrek gerora zer ondorio izango dituen; alegia, ez dago jakiterik aurrerantzean euri gehiago edo gutxiago egingo duen edota naturan zer eragin izango duen. Dakiguna da zerbait egin ezean ondorio larriak izango direla ingurumenean. Zalantzarik gabe, neurriak hartzea izango da onena.
MOTZEAN
Mendi kutun bat? Aizkorri.
Plazer txiki bat? Udan baserriko lanak egitea eta igerilekuan bainutxo bat hartzea lanera joan aurretik.
Oporretarako leku bat? Gironako kosta [Herrialde Katalanak].
Gustukoen duzun urtaroa? Negua, elurrarekin.