«Kirol arloan, frontoia da euskaraz bizitzeko gune seguru bakarrenetakoa»

«Kirol arloan, frontoia da euskaraz bizitzeko gune seguru bakarrenetakoa»

Iñaki Lizaso Perezek (Villabona-Amasa, 1984) pilotari teknikotzat dauka bere burua. Oraindik, tarteka lehiatzen da Villabonako Behar Zana pilota elkartean. «Nik ez nuke aukerarik izango profesionaletan debutatzeko, indar faltagatik», aitortu du. Pilotaren munduan, bestelako ardura bat izango du datozen lau urteetan, Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakaria baita apirilaz geroztik. Lizasok esan du badagoela zertan eragin; emakumeak pilota jokatzera animatzen, adibidez.

Zerk bultzatu zaitu Gipuzkoako Pilota Federazioko lehendakaria izatera?

Bultzada baino gehiago, beharra izan da. Inor ez zegoen prest. Aurretik, hiru agintaldi oso egin nituen zuzendaritza batzordean, hamabi urte, eta, pixkanaka, txikiagotuz joan da taldea. Borondatezko lana da, eta kide bakoitzak bere klubean egiten du lan. Aurreko agintaldietako lehendakariek ardura hartzea proposatu izan didate, baina beti saihestu izan dut, zenbait arrazoirengatik. Lehendakari izatea erantzukizun handiko postua da. Kontuak kontu, zerrenda bakarra aurkeztu zen zuzendaritza batzorderako hautagaitzetarako. Beste lurraldeetan gehiago aurkezten dira; auskalo zergatik!; akaso, gauzak ondo egiten ditugun seinale izango da. Orduan, neure buruari erronka bota nion: lantalde indartsu bat osatuz gero, lehendakari izatera animatuko nintzateke. Jokamolde guztiak ordezkatuta egotea da nire lehentasunetako bat, eta emakumezkoek pisua izatea. Azkenean, hamabost laguneko talde indartsu bat osatu dugu.

«Askotan entzun dut emakumezkoen pilota osasuntsu dagoela; duela hamarkada bateko egoerarekin alderatuz gero, hobetu da noski, baina, nire ustez, ez dago osasuntsu»

Gipuzkoan pilotak duen indarra ikusita, espero al zenuen zerrenda bakarra aurkeztea?

Bagenekien gertatuko zela. Bost agintaldi generamatzan hala. Nire ustez, bi gauza izan behar dira kontuan: oro har, gizartean dagoen inplikazio falta eta lantaldeak ondo funtzionatzeak eragiten duen erosotasuna. Federazioak oso ondo egiten du lan. Beste lurraldeetakoek Gipuzkoako funtzionatzeko modua izaten dute eredutzat, eta zenbait gauza kopiatzen dizkigute. Hori seinale ona da. Ni, beste talde bat aurkeztu izan balitz, ziurrenik ez nintzen aurkeztuko, baina laguntza eskatu izan balidate, lagunduko nien; edo, akaso, pauso bat atzera egin, eta federazioa utziko nuen.

Zer izango da zuretzat lau urtez lehendakari izatea?

Lehen urtea oso gogorra egiten ari zait. Agintaldi aldaketak bat egin du federazioaren mendeurrenarekin, eta horrek lana areagotzea ekarri du. Hori nahikoa ez, eta agintaldi aldaketa ohi baino gehiago luzatu da, Kirolaren Legean zenbait aldaketa egin behar zirelako. Mendeurrenaren ospakizunerako, ekintza handi asko antolatu nahian gabiltza, gure umiltasunetik, baina diru laguntzak lortzeko esfortzu handia egiten aritu gara, eta horrek nekatu egin gaitu. Mendeurrena ez da amaitu oraindik, eta beste hiru urte gelditzen zaizkit karguan. Nahiko burugogorra naiz, eta gauzak ahalik eta ondoena egitea gustatzen zait. Hortaz, saiatuko naiz buruan ditudan asmoak eta helburuak lortzen.

Zeintzuk dira helburu horiek?

Besteak beste, emakumezkoen pilotan aurrerapausoak ematea. Azken urteotan, askotan entzun dut emakumezkoen pilota osasuntsu dagoela; duela hamarkada bateko egoerarekin alderatuz gero, hobetu da noski, baina, nire ustez, ez dago osasuntsu. Aurten, asteazkenero, Villabonako frontoian entrenatu dira Larrarte, Zabaleta, Erasun, Arrillaga eta Salsamendi, emakumezko pilotaririk onenetako batzuk, baina harmailetan ez da inor egon; behin edo bitan etorri dira neska batzuk, autografo eske. Neskak, orokorrean, ez dira hain erraz animatzen pilotan jokatzen hastera.

(ID_17530911696075) (/EZEZAGUNA)
2021ean 75 urte bete zituen Villabonako Behar Zana pilota elkarteak, baina 2022an ospatu zuten efemeridea. Askotariko ekitaldiak antolatu zituzten, eta batean elkarteak Iñaki Lizaso omendu zuen, ekainean, Behar Zana frontoian egin zuten Pilota Maratoi Solidarioan —irudian, Lizaso, erdian—. KARLIS

Duela hiruzpalau urte, Neskide kluba sortu zuten Aiztondo ibarrean, eta futboleko eta boleiboleko taldeak osatu zituzten. Egun batetik bestera, laurehun neska zituzten klubean. Izugarria da, eta inbidia sanoa sentitzen dut. Baina taldeko kirolak dira horiek, eta pilota kontsidera daiteke taldeko kirola, baina binaka edo bakarka jokatzen da, eta, gaztetxoen artean, kuadrilla giroak eragin handia du.

Behar Zana pilota elkarteko kide zara. Nolako garrantzia dauka Gipuzkoan?

Uste dut lan egiteko moduagatik erreferente garela. Harro esan dezaket zenbait klubek gauza asko kopiatzen dizkigutela. Inguruko pilota eskolei laguntzen saiatzen gara. Nik ez dut nahi Behar Zanan pilotari ugari egotea elkartean egoteagatik; nahiago dut herri txikietan pilota eskolak mantentzea eta nork bere herrian jokatzen jarraitzea. Gero, adin nagusiago batera heltzean, halabeharrez, herri handiago bateko elkarte batera joateko pausoa emango dute. Azken denboraldian, 165 pilotari aritu dira gurekin. Hori guztia, sariak kontuan hartu gabe. Izan ere, gure lehen helburua ez da sariak lortzea, entrenamenduak ahalik eta txukunen egin eta pilotariak heztea baizik. Baina gauza batek bestea dakar, eta, sariei dagokienez, urte oso oparoa izan da. 

Esku pilota ez ezik, jokamolde ia guztiak lantzen dituzue. 

Bai. Ziurrenik, jokamolde gehien lantzen dituen elkartea izango da gurea. Erremontean eta laxoan izan ezik, beste guztietan aritu izan dira gure pilotariak. Esaterako, gure izatearen parte diren errebotea eta joko garbia lantzen ditugu. Errebotea ondare immaterialeko kultur ondasun izendatzea lortu nahi dut agintaldi honetan, jokamoldea lantzen duten elkarteekin eta erakundeekin elkarlanean. Bestelako modalitate batzuetan ere aritzen dira gure pilotariak; bote luzean eta xarean, adibidez. Aurten, gainera, Gipuzkoako Pasaka Txapelketa Zizurkilera ekartzea lortu dugu. Elkartean lelo hau erabiltzen dugu: Pilotakadek batzen gaituzte. Jokamolde guztietako pilotakadek batzen gaituztela esan nahi du.

Beraz, osasuntsu dago elkartea, ezta?

Ni ez naiz horren baikorra. Badaude beste kirol hegemoniko batzuk etorkizunean pilotariak izan daitezkeen haur eta gaztetxoak erakartzen dituztenak. Nabarmendu behar da jaiotza tasa gero eta baxuagoa dela. Berez, ia 6.000 biztanleko herri baterako, gure elkartearen zenbakiak harrigarriak dira; biztanle aldetik ia gu halako lau diren herrien pare gaude. Hala ere, azpitik kopuruak oso baxuak dira. Hori bai, kontzientzia lasai eduki behar dugu, ezin dugulako gehiago egin, ez sustapen aldetik, ez antolakuntzan, ezta zabalkuntza aldetik ere. Orain egiten dugun guztiarekin ez baditugu herriko familiak erakartzen, zaila izango da haurrak frontoira etortzea. Aurten, azken urteetako lizentzia kopururik handiena izan dugu federazioan. Agintaldi honetan datuak mantentzeko saiakera egingo dugu. Hala ere, alerta egoeran gaude. Oina azeleragailutik pixka bat altxatuz gero, beste kirol batzuek berehala hartuko digute aurrea.

Kezkatzen zaitu horrek?

Villabonaren kasuak kezkatzen nau. Berez, haurrentzat gurea den kirola ezagutu eta lantzeko aukera ezin hobea ematen dugu, gure entrenamenduek ez dutelako bat egiten gainerako kiroletako entrenamenduekin. Hori guztia landu egiten dugu, eta, hala ere, iruditzen zait pilotan aritzen diren haurren kopuruak handiagoa izan beharko lukeela.

Gipuzkoan, nola dago pilota?

Inplikazioa txikia da, inork ez du erantzukizunik hartu nahi, eta beti berak gaude toki guztietan. Kirol ia guztietan gertatuko da hori. Salbuespenak salbuespen, herri gehienetan urte askoan ordezkari edo arduradun aritutakoek eskola edo elkartea utzi arte ez da erreleborik izaten. Inork ez du aurrerapausorik ematen. Gaur egun, herri batzuetan pilota indartsu dago, baina beste batzuetan hutsuneak daude.

Eta zein izan daiteke konponbidea?

Ibar edo eskualde bereko herrien arteko sinergiak sortzea.

Gaur egun, pilotari gutxik lortzen dute profesionaletan irautea. Hori ona al da atzetik datozen gazteentzat?

Behin adin jakin batera helduta profesionaletan debutatzen ez badute, pilota utzi beharra sentitzen dute, eta gure kirola hori baino gehiago dela sinetsarazi behar diegu. Azken urteetan, federazioak eta pilota enpresek izan dituzten tirabirak leundu beharko genituzke, eta garai batean zeuden formakuntza eskubideak berreskuratu. Kluben eta federazioaren lana aitortu eta saritu egin behar da, eta balioa eman behar zaio. Federazioa kluben kluba da, eta federazioaren erabakiak klubek batzarretan hartutakoak dira.

Horrekin lotuta, uste dut enpresen plantillak murritzak direla; duela hogei urte zabalagoak ziren. Gainera, pilota jaialdiak telebistako emanaldietara mugatzen dira gaur egun. Nire ustez, jaialdi gehiago egin ahalko lirateke, baina hori enpresen esku dago. Urtean berrogei partida jokatzea hitzartzen dute, eta batzuk ez dira kopuru horretara heltzen. Azken batean, pilotaria zuriz jantzita da pilotari. Bestetik, iruditzen zait zenbait pilotarik oso gazte debutatzen dutela profesionaletan, afizionatuetan ondu gabe. Askori ez zaio denborarik eman, eta pazientzia handia eduki behar da.

«Entrenatzaile gisa pilotari nintzenean baino ordu gutxiago igarotzen ditut frontoian, elkartearen antolakuntzak denbora eskatzen duelako»

Zer da pilota zuretzat?

Pilotan aritzea ikaragarri gustatzen zait. «Kirolaria zara?» galdetzen didatenean, «pilotaria naiz» erantzuten dut. Pilota herrigintza egitea da, militantzia da, baita hizkuntza bat baino gehiago ere, mundu guztian jokatzen baita. Dena den, niretzat pilotak zerikusi handia du euskararekin, herriarekin. Orain, kirol arloan, frontoia da euskaraz bizitzeko gune seguru bakarrenetakoa; Gipuzkoan bai, behintzat. Lurraldeko beste hainbat kiroletan aurrerapauso handiak eman behar dira oraindik. Euskal pilota gure kulturaren parte oso garrantzitsua da, gurea delako, Euskal Herrian sortua. Bihotzean daramat eta asko bizi dut.

Zenbat ordu igarotzen dituzu pilotalekuetan?

Entrenatzaile gisa pilotari nintzenean baino ordu gutxiago igarotzen ditut, elkartearen antolakuntzak denbora eskatzen duelako.

MOTZEAN

Inoizko pilotaririk onena? Ezin dut bat aukeratu. Olaizola II.aren ezker gantxoa, Bengoetxea VI.aren ausardia, Altuna III.aren adimena, Irujoren suhartasuna, Titin III.aren borrokarako grina… Berasaluze VIII.a eta Saralegi ahaztu gabe.

Miresten duzun pilotari bat? Zortez, pilotari asko ezagutzeko aukera izan dut, oso jatorrak denak.

Txunditu zaituen bat? Antton Pebet. Angelutik Villabonaraino etortzen zen nirekin entrenatzera. Trinketean aritzen zen, eta, hemen entrenatzen hasi eta bi urtera, ezker hormako txapelketa onenak jokatzen hasi zen. Ikaragarri ondo jokatzen zuen. Profesionaletan debutatu behar zuten baina aukerarik eman ez zieten pilotari asko daude; Xabi Urbieta eta Aitor Gorrotxategi, adibidez.

Pilotaleku bat? Miarritzeko Plaza Berri. Antzoki bat dela dirudi, eta ikaragarri gustuko dut. Bestela, Amasakoa edo Villabonakoa.

Nori jantziko zenioke txapela? Etxekoei, ni aguantatzeagatik…