Apirilean hil zen Elena Barrena Osoro historialariari eman diote Ondare saria

Apirilean hil zen Elena Barrena Osoro historialariari eman diote Ondare saria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak apirilean zendu zen Elena Barrena Osoro historialari eta irakasleari (Eibar, 1953-2025) eman dio Ondare saria, Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiaren ikerketa eta zabalkundean egindako lanagatik. Barrenak irakaskuntzan eta ikerkuntzan jardun zuen batik bat, eta Gipuzkoaren jatorria landu zuen, besteak beste. Azaroan izango da saria emateko ekitaldia, Donostian. Bost lagunek osatu dute epaimahaia: Anton Ugarte kultur ondarearen adituak, Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxiboaren arduradunak, Ainara Iroz Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoaren Saileko buruak, Nekane Goenaga Museoen Ataleko buruak eta Maria Jose Telleria Kultura Departamentuko zuzendariak. Egindako ekoizpen zientifikoagatik saritu dute historialaria, baita belaunaldi berrien irakasle gisa bete duen eginkizunagatik ere. Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak dio Barrenaren ikerketak «ezinbesteko erreferentzia» direla lurraldearen «konfigurazio historikoa eta soziala» ulertzeko. «Elena Barrena gure tradizio akademiko eta kulturalaren onena da. Emakume aitzindaria izan zen, zorrotza eta eskuzabala, eta gure lurraldearen historia ikertzen eta irakasten aritu zen». Horixe saritu nahi izan diote, justuki. «Gipuzkoako historialari handi bat izan zen, eta unibertsitatean eta ikerketan emakume askori bidea ireki zielako saritu nahi izan dugu. Haren ondarea gure ondare kolektiboaren parte da, eta etorkizuneko belaunaldiak argitzen jarraituko du». Jon Iraola Eibarko alkatea bat dator Kulturako foru diputatuarekin, eta esan du «merezitako aitortza» dela Barrenari Ondare saria eman izana. «Elena gure hiriak eman duen intelektual handietako bat izan zen. Hil ondoren bada ere, merezi zuen sari hau, ikerketan, irakaskuntzan eta gure historiaren dibulgazioan egindako lanagatik. Elenak hamarkadak eman zituen Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren iragana aztertzen begirada zorrotz, grinatsu eta konprometituarekin, eta haren ikerketak gure ondare kulturalaren ezinbesteko parte dira dagoeneko».