Gipuzkoako eta Donostiako suhiltzaileen zerbitzuen bateratzeak datarik gabe jarraitzen du

Gipuzkoako eta Donostiako suhiltzaileen zerbitzuen bateratzeak datarik gabe jarraitzen du

Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2018an onartu zuten Gipuzkoa Babestu 20-30 plana, herrialdeko suhiltzaileen zerbitzua eta Donostiakoa bateratzeko konpromisoa jasotzen zuena. Gaur, egitasmoa onartu eta zazpi urtera, auzia berriro izan dute eztabaidagai Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, bi zerbitzuek «modu independentean» funtzionatzen baitute oraindik. EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio urtea amaitu baino lehen gauzatu dezala bi zerbitzuen arteko bateratzea, eta Elkarrekin Podemosek gehienez sei hilabeteko epean egitea galdegin du. Nolanahi ere, bateratzea ez dute gauzatuko EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatutako epean; izan ere, EAJk, PSEk eta PPk —51tik 26 batzarkide— testu bat transakzionatuko dute Foru Aldundiari eskatzeko legegintzaldia amaitu aurretik —2027an amaitzen da— «eraginkortasun funtzionala lortzeko aurrerapausoak» eman ditzala. Gipuzkoa Babestu 20-30 planaren arabera, suhiltzaileen bi zerbitzuak bateratzeak esan nahi du larrialdiei erantzuteko garaian lehentasuna emango zaiela herritarrei erantzuteko denborarik laburrena eskatzen duen zerbitzuari, eskumena duen administrazioa edozein dela ere. Hortaz, asmoa ez da Donostiako suhiltzaileak foru administrazioaren esku uztea, baizik eta Gipuzkoako gainerako parkeen sarean sartzea, herrialdeak «bateratze operatibo bat» izan dezan. EH Bilduk egin zuen gaia Batzar Nagusietara eramateko eskaera, uste baitu bi zerbitzuak bateratzeak herrialdeko zerbitzuaren «eraginkortasuna handitzeko» eta «baliabideak optimizatzeko» modua emango duela. «Foru Aldundiak 2018an onartu zuen neurri baten inguruan ari gara; ulergaitza egiten zaigu bateratze operazionala oraindik gauzatu ez izana edota erabaki eraginkorrik hartu ez izana», esan du Jon Martin EH Bilduko batzarkideak gaurko bilkuran. «Klima larrialdia aintzat hartuta eta uda honetan izan diren sute handiek agerian utzi dutenez, ahalik eta azkarren gai honetan neurri eraginkorrak hartzea eskatzen du». Goizeko Osoko Bilkuran Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu diote orain zazpi urte onartutako Gipuzkoa Babestu 20-30 planean jasotako konpromisoetan «aurrerapausoak» ematen jarraitzeko. Horrenbestez, Gipuzkoako eta Donostiako suhiltzaileen zerbitzuen bateratzeak datarik gabe jarraitzen du.