Gipuzkoako ustiategien %78 50 urtetik gorakoek kudeatzen dituzte, eta horrexek kezkatzen du lehen sektorea. Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore horren erronka handienen artean du belaunaldien arteko erreleboa. «Ustiategiko titularren kopuru handi bat erretirora gerturatzen ari da edo erretiratuta dago dagoeneko, eta gazte gutxik egiten dute lehen sektorearen aldeko hautua». Hortaz, gai hori ardatz hartuta, udako ikastaroa antolatu du biharko. Donostiako Miramar jauregian izango da, 09:00etatik 14:30era. Jardunaldiaren helburua da sektoreko belaunaldien arteko erreleboaren gaineko «iritziak partekatzea» eta «gizartearen ekarpenak jasotzea». Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian dituen hainbat proiektu ere izango dituzte hizketagai, Baserritar Misto Profesionala, adibidez. Programa horren bitartez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duenak bere aurreko enpleguan %50eko lanaldi murrizketa eskatu ahal izango du, eta aldundiaren laguntza ekonomikoa jasoko du horretarako. Otsailean egin zuten ekinaldiaren lehen deialdia, eta irailaren 15ean amaituko da bigarrena. Xabier Arruti Olazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak emango dio hasiera jardunaldiari, eta mahai inguruak eta solasaldiak izango dira ondotik. EGITARAUA 09:15. Inaugurazio instituzionala, Xabier Arruti Olazabal Lurralde Oreka Berdeko diputatuak. 09:30. Erreleboa sustatzeko estrategia bateratua solasaldia, Raul Perez Iratxeta Eusko Jaurlaritzako Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak. 09:50. Baserritar Misto Profesionala programaren gaineko hitzaldia, Arantxa Ariztimuño Larraza Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak. 10:10. GILUR. Jon Andoni Urdangarin Urrutia Gipuzkoako Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako zerbitzuburuak. 10:30. Landa lurren digitalizazioa solasaldia, Ismael Mondragon Laskurain Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko zerbitzuburuak eta Jon Zubizarreta Aldaya Abaltzisketako alkateak. 10:50. Etorkizuna bermatuz hitzaldia, Elisabet Gorospe Gorostiza HAZI Ekintzailetza eta Prestakuntza arloko arduradunak. 11:10. Atsedenaldia. 11:40. Baserritar Misto Profesionala programaren gaineko mahai ingurua, Oitturri ustiategiko Jon Oñederra Rascon, Pagatza ustiategiko Miren Izarra Zubiaurre, Goimekeko Aitor Txurruka Motriko eta Kit Lineko Aitor Gil Azkuerekin. 12:30. Etorkizuna bermatuz mahai ingurua, Bulano-goikoa ustiategiko Mikel Arteaga Arruti, Sari ustiategiko Jose Mari Zaldua, Goizane Otegi eta Laura Urdinekin. 13:15. Atsedenaldia. 13.30. Taldekako dinamika eta ondorioak.
