Aste Santuan Donostiako turismo bulegoak bisitatu dituzten turisten kopuruak gora egin duelako, eta datuak “positiboak” direla iritzita, pozik azaldu dira asteon Donostiako turismo arduradunak. Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariaren arabera, Donostiako turismo bulegoek %2,5 bisitari gehiago izan dituzte aurtengo Aste Santuan iaz baino —martxoaren 31tik apirilaren 9ra—, nahiz eta “eguraldi txarra” izan. Orotara, 11.175 bisitari. Horietatik %27 nazioartetik iritsitako bisitariak izan dira, eta bereziki azpimarratu dute Argentinatik eta Txinatik ailegatutako turisten kopurua; hurrenez hurren, zifra orokorraren %5 eta %3,8.
Josu Ruiz Donostiako Udaleko Kirol eta Garapen Ekonomikorako zinegotziaren arabera, “ez da izan suziriak botatzeko moduko Aste Santua”, baina azpimarratu du eguraldi txarra izan arren aurreikusitako datuak betetzea lortu dutela. Eguraldiak terrazak dituzten lokalei “kalte” egin diela eta, aldiz, Eureka Zientzia Museoak eta Aquariumak “inoiz baino datu hobeak” lortu dituztela nabarmendu du.
Hain justu, Donostiako Aquariumak, prentsa ohar bidez, Aste Santuan izandako bisitari kopuruaren berri eman du. Ostegun santu egunetik pazko astelehenera arteko bisitarien kopuruak gora egin du. Bost egun horietan 17.601 bisitari izan dituzte, iaz baino %5,6 gehiago. Era berean, museoa berritu zutenetik izandako daturik onena ere badela azpimarratu dute. Bisitari gehien ostegunean jaso zuten: 5.082 bisitari. Gutxien, berriz, astelehenean: 2.213. Aquariumeko arduradunen arabera, datu horiek “oso positiboak” dira, eta, haien arabera, euriari zein museoak eskaintzen dituen berritasunei esker lortu dira “emaitza bikain” horiek.
Hondarribian ere, gustura
Hondarribia da Gipuzkoan turista asko biltzen dituen beste herrietako bat, eta bertako udalak ere Aste Santuko turismo datuei buruzko balantze positiboa egin du: “Hondarribia jendez beteta egon da Aste Santuan, nahiz eta eguraldiak ez duen lagundu”. Udalaren datuen arabera, iragan ostegunetik astelehenera bitartean 17.715 bisitari igaro dira Hondarribiko bi turismo bulegoetatik. Martxoaren 30etik pazko astelehenera arteko datuak kontuan hartuta, berriz, 23.320 bisitari izan dira herriko turismo bulegoetan. Beraz, iazkoekin alderatuta, datuak “bikoiztu” egin direla azpimarratu dute. Bisita gidatuetan ere antzeman dute gorakada. Aurten 105 egin dituzte, eta 44 iaz. Hondarribiko hotelek %75eko betetze kopurua izan dutela jakinarazi du udalak.
Irungo Oiasso Museo Erromatarrak ere “inoizko daturik onenak” izan ditu Aste Santuan. Irungo Udalak jakinarazi duenez, 957 pertsonak bisitatu dute museoa; 2011ko egun berberetan baino bost aldiz gehiago.
Gipuzkoa barrualdeko hainbat eskualde eta herritan, ordea, turistak urrundu egin ditu eguraldiak. Seguran, esate baterako, ostegun eta ostiral santu egunetako prozesioak elizaren barruan egin behar izan zituzten, eta horrek ez zuen askorik lagundu bisitariak erakartzeko orduan. Barnealdeko hainbat landetxetan bertan behera ere utzi dituzte hainbat erreserba, baita kanpoan egitekoak ziren zenbait irteera ere.