Jon Miranda
Futbol jokalaria izan zen Juanito Urkizu Sustaeta Katugorri ondarroarra (1901-1982); jokalaria eta entrenatzailea. Bizkaitarrak 50 urteko ibilbidea egin zuen kirol munduan, eta inork inoiz ez du zuzendu Athletic hainbeste denboran. Zazpi urtez aritu zen langintza horretan, 1940tik 1947ra; 235 partida. Beste hainbat taldetan ere aritu zen, eta ibilbide horren arrastoaren atzetik ibili da Irene Urruzola Arratibel (Lasarte-Oria, 1972). Liburu batean bildu du jasotakoa.
Aurretik egindako ikerketa bat du oinarri lanak. Ondarroako Udalak Herriko kirolariak historian zehar beka ematen du urtero, eta Urruzolak jaso zuen saria 2014an, Urkizuri buruzko proiektua aurkeztuta. “Aurretik ere banuen harremana Ondarroarekin, eta ezaguna nuen Juanito”, azaldu du ikerlariak. Futbola gustuko duela aitortu du, baina, batez ere, ikerketa zalea dela gaineratu du Urruzolak: “Beti gustatu izan zait ingurukoen ondarea jasotzea; oso garrantzitsua iruditzen zait hori guztia ez galtzea”. Beka lortu, 3.000 euroko saria jaso, eta sei hilabeteko epea izan zuen proiektua gauzatzeko. “Zoramena” izan zela aitortu du, baina “oso gustura” dagoela egindako lanarekin.
Neurri batean, XX. mendean futbolak izan duen bilakaerari errepasoa egitea da Urkizuren ibilbideari arreta jartzea. Lehen hamarkadetan kirolak ez zuen gaur adinako oihartzunik. Espainiako ligari dagokionez, Katalunia eta Madril inguruko eskolekin batera euskal futbola indarrean zegoen garai hartan, Euskal Herriak Ingalaterrarekin zuen harremanagatik, batez ere. “Familia onekoa zen Urkizu, eta Urduñako jesuiten eskolan ikasi zuen. Eskola hark harremana zuen Ingalaterrarekin. Frontoian baloiarekin jolasean ari zela ikasi omen zuen futbolean”, azaldu du Urruzolak.
1917 inguruan hasi zen ondarroarra Deustuko taldean jokatzen, eta Osasunara joan zen 1921ean, artean taldea amateurra zela. Hala ere, berehala hasi zen nabarmentzen. “Garai hartan ohikoa izaten zen errefortzu bezala beste taldeekin partidak jokatzea, eta Realak Athleticen kontra jokatu zuen batean ezagutu zuen Ricardo Zamora. Bere taldearekin, Espanyolekin, Ameriketan barrena bira bat egitera gonbidatu zuen hark”. Batera eta bestera, Santiago Bernabeu ere ezagutu zuen gerora, eta harremana eduki zuen Real Madril klubarekin.
Euskal Herrira bueltatzeko gogoa sortuta, 1929an fitxatu zuen Athleticek. 11.000 pezeta ordaindu zituzten bilbotarrek orduan —66 euro inguru—, eta 600 pezetako jornala ordaindu zioten hilero-hilero —3,6 euro inguru—. “Garai hartarako dirutza zen hori. Bizkaira izar baten modura iritsi zela esan daiteke. 1930ean, esate baterako, Coca Colaren iragarki batean agertu zen”. Fred Pentland izan zuen entrenatzaile, eta hark jarri zion Katugorri ezizena, “ilegorria zelako, alde batetik, eta, arina izanik, alde batetik bestera zebilenean ahaleginarekin gorritu egiten zelako, bestetik”. Pentlandek zuen sonaren itzalean geratu ziren orduko jokalariak, baina Athleticek garaipen handiak lortu zituen gerra aurretik: hiru liga eta lau kopa.
1935ean futbol jokalari profesional izateari utzi, eta 1940an itzuli zen Athleticera, entrenatzaile gisa, 1936ko gerrak eragindako etenaren ostean. “Taldekideetako batzuk erbestean, besteak kartzelan… Taldea berregituratu egin zuen kaos hartatik. Ordukoa da Athleticen aurrealde mitikoa“. Liga bat eta hiru kopa eskuratu zituen Athleticek Urkizu entrenatzaile zela.
Inoiz kontatu gabekoa
Emaitzek lagundu ez eta, entrenatzaile kargutik kendu zuten 1947an. Barakaldora joan zen ondoren, eta, besteak beste, Oviedo, Murtzia, Ourense, Alaves eta Levante ere zuzendu zituen 1966an erretiroa hartu aurretik. Urruzolak, beraz, talde horien guztien artxiboetan arakatu behar izan du informazio bila: “Talde batzuek kontu handiz gorde dituzte dokumentuak, eta dena emateko prest agertu dira. Baina badaude hermetikoagoak ere”. Hori bai, lasartearrak azaldu du taldeak ofizialki bilketa lan hori egin ez duenetan ere beti egoten dela inguruan dokumentu horiek jasoak dituen zale edo kazetariren bat.
Iturri horiei esker jaso ahal izan ditu liburua ilustratzeko argazkiak ere. “Garrantzi berezia eman diet”, azaldu du egileak. Urkizuk Atotxan jokatu zueneko erretratu bat ikus daiteke horietako batean, non zaleak zelaian kabitu ezinda arboletara igota agertzen diren; edo Ameriketarako bira horietako batean, trena matxuratu eta Andeak astoz zeharkatu behar izan zituztenekoa. Futbol taldeetako artxiboez gain, Urkizuk laguntzaile izan ditu ondarroarrak eurak eta Katugorriren senideak. “Urkizuk oso maitea zuen Ondarroa, eta bi aldiz doan entrenatu zuen herriko taldea. Bere jaioterrira eraman nahi izan zuen Kopa, irabazi zuenetako batean, eta momentu hori islatzen duten irudiak ere badaude liburuan. Orain arte ez dituzte argitaratu inon”.
Urruzolak horregatik erabaki zuen liburua argitaratzea: “Bekak ez zuen estaltzen argitalpena, eta, hainbesteko lana hartu eta gero, merezi zuela pentsatu nuen. Horrelako kirol bizitza garrantzitsu eta esanguratsu bat ezin zen kontatu gabe geratu”. Liburua autoekoitzi egin du lasartearrak, eta asko zaindu du edizioa. “Behin aterata, horrela behar zuela pentsatu nuen; kirolariaren ibilbidea islatuko zuen kalitatezko publikazio bat”. 500 ale argitaratu ditu, eta salgai da jada ohiko liburu dendetan.
Leave a Reply