Eider Goenaga Lizaso
Marian Viaderok 28 urte daramatza irakasle, eta ezagutu ditu egoera okerragoak; hobeak ere bai. “Baina gauza bat esaten dizut: inoiz baino ordu gehiago sartzen ditut, bai eskolan eta bai etxean, iritsi behar dudan guztira iristeko”. Viaderok nabarmendu du iaz hasi zirela murrizketen aurkako mobilizazio eta grebak unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, baina aldarrikapenak lehenagotik datozela. “Murrizketa etorri da murrizketaren atzetik, eta dena irentsi dugu. Baina iritsi da garai bat non jada ez gauden prest gehiago irensteko”.
Viaderok dio hezkuntzako langileen aldarrikapenak askotarikoak direla; badaudela aldarrikapen ekonomikoak, baina horiek ez direla haien helburu nagusia. “Askotan esaten digute dena dela dirua, eta berdin zaigula beste guztia. Ez da egia. Diruarena ez da puntu nagusia. Guk 2009ko baldintzetara bueltatzea eskatzen dugu, ez gehiago”. Lehen zutena berreskuratu nahi dute. “Gela txikiagoak, laguntza gehiago ikastetxeetan, gaixotu eta hurrengo egunean ordezkoa izatea, 60 urtetik aurrera eskola orduak murriztu ahal izatea… eta baita galdu dugun %15eko erosahalmena berreskuratzea ere, 2010etik 2017ra izoztuta izan baitugu soldata”.
Mahai sektorialaren bilera
Zortzi urtez blokeatuta egon ostean, hezkuntzako mahai sektorialek bilera egin zuten joan den irailean. Sindikatuek hainbat eskaera jarri zituzten mahai gainean, eta EAEko Hezkuntza Sailak entzun zituen, baina ez zuten lortu akordioa erdiesterik. Sindikatuek iazko udaberriko protesten emaitza gisa ikusten dute bilera egin izana. Baina, bilera ez ezik, konponbidea nahi dute, eta akordioa behartu nahi dute mobilizazio gogortuz. Hezkuntzako langile guztiak grebara deitu dituzte martxoaren 14 eta 15ean eta ekainaren 12an. Tartean, sektoreka, aste osoko grebak egingo dituzte: irakasleek, apirilaren 23ko astean; heziketa berezikoek, maiatzaren 7koan; sukaldari eta garbitzaileek, 21ekoan; eta haurreskoletakoek, ekaineko lehen astean. Bi aldeek nahiko lukete greba ez egitea, baina ikusteke dago ea posible den hori eragotziko duen akordioa. Mahai sektorialak gaur du bilera.
Negoziazioak alde batera utzita, hezkuntza arloan lan egiten duten hiru lagunek murrizketak nola bizi dituzten kontatu diote Gipuzkoako Hitza-ri. Oso argi dute Edurne Ugarte fisioterapeutak (heziketa berezia), Marian Viadero Lasarte-Oriako Sasoeta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Arantxa Arrieta Donostiako Antigua auzoko Landetxe haurreskolako irakasleak: baldintzak nabarmen okertu dira. “Gureak ere bai, baina batez ere umeek pairatzen dituzte murrizketen ondorioak”, dio Arrietak.
Ratioak dira Viaderoren kezka nagusia. “Orain ohikoak dira 25 umeko gelak; lehen, kopuru horrekin, bitan zatitzen ziren gelak. Gainera, maiz gainditzen da 25eko topea: ume batek errepikatzen badu edo ikasturte erdian norbait etortzen bada, ez da bikoizketarik egiten”.
Irakaslearentzat gainkarga dela dio, baina umeek ordaintzen dutela. Gero eta denbora gutxiago dute ikasle bakoitzari eskaintzeko; eta tartean premia bereziak dituen ume bat badago, irakasleak nekez erantzun diezaieke haren beharrei, “gainerakoak deskuidatu gabe”. “Gainera, hezkuntza arloko baliabideak gelaka kalkulatzen dira, ez ikasle kopuruaren arabera, eta, noski, gelak bikoizten ez direnez, ikastetxeek baliabide gutxiago dituzte ikasle gehiagori erantzuteko”.
Iragarritako ordezkorik ez
Ordezkapen ezak ere kezkatzen du, eta asko. Garai batean, lehen egunetik ordezkatzen zituzten irakasleak; orain, bost egunera bidaltzen dute ordezkoa. “Gabonetatik bajan nago, eta, berez, Jaurlaritzak iragarri zuen urtarriletik aurrera LHko ordezkapenak lehen egunetik egingo zituztela. Bada, nire kasuan ez da bete. Bost egun pasatu arte ez zuten bidali nire ordezkoa”. Viaderok salatu du Hezkuntza Sailak hitza jan duela, eta “sekulako amorrua” sentitu zuela ikastetxean esan ziotenean ez zutela ordezkatu. “Beraz, nire ikasleek bost egun egin dituzte, orduero irakasle ezberdin batekin. Hori ikasleen kalterako dela ikusten ez duena…”.
Irakasleek ere sufritzen dituzte horren ondorioak. “2010etik izugarri murriztu dira berez eskolak prestatzeko, materiala bilatzeko, ikastetxeko beste proiektuak garatzeko eta abarrerako ziren ordu horiek”. Batetik, Espainiako Gobernutik etorri zelako ordu horiek murrizteko agindua. “Eta Madrilek esaten duen guztia txintik esan gabe betetzen da hemen”. Baina, bestetik, ordezkatuak ez diren irakasleen geletan xahutzen dituztelako orduak. “Dardarka jartzen gara ikasketaburua gerturatzen den bakoitzean, gehienetan beste irakasle baten orduak betetzeko izaten baita”.
Halaber, behin-behinekotasunari dagokionez, Viaderok adibide garbi bat eman du hezkuntzako irakasleen %40 behin-behinean izateak dituen ondorioez: “Gure eskolan, irailean, berria zen klaustroaren erdia. Horrela, asko kostatzen da ikastetxearen martxa hartzea”. Gaineratu du arazo hori konpontzeko ez dela nahikoa Eusko Jaurlaritzak egin eta agindu duena. “Hezkuntza Sailak esaten du oposaketak egin eta plaza berriak ateratzen dituela, baina ez da egia. Ez dituzte ateratzen atera ditzaketen plaza guztiak; justu-justu erretiroa hartu dutenen plazak kubritzeko lain, eta horrela ezin da konpondu arazoa”.
Azpiegituretako inbertsioetan ere gabezia handia dagoela uste du irakasleak. “Duela bi urte, gure ikastetxeko Haur Hezkuntzako eraikinaren egiturak arazo bat izan zuen, eta, lanak egin bitartean, beste eraikin batera eraman zituzten”. Oraindik ez dituzte tokiz aldatu. “Eta, gainera, eraikin horretan itoginak daude, lurra oso labainkorra da… Konpontzeko abisua emana dago, baina badirudi ez dagoela dirurik”.
Haur eskoletan, ezinean
Irakasle titulazioa du Arantxa Arrietak, eta 0-2 urteko umeekin egiten du lan Haurreskolak Partzuergoan. Ez du irakasleek adina kobratzen, eta ez da haien opor egunetara hurbiltzen, baina bere kezka nagusia ez da hori. “Gustatuko litzaidake galdu dugun eros-ahalmena berreskuratzea, baina beste premia batzuk lehenesten ditut”. Haien eskakizun nagusia 0-2 zikloa doakoa izatea dela dio. “Bost ordukoa 160 euro ordaintzen da; hortik gorakoa, 208 euro; eta, gainera, janaria aparte. Horrek jende asko uzten du kanpoan”. Bestetik, gaixotzen diren hezitzaileak ez ordezkatzeak gaixotu egiten duela dio, eta hori dela partzuergoko langileen bigarren eskaera nagusia. “Okerrena da batzuetan ordezkatzen direla, eta beste batzuetan ez, eta, gainera, ez dakigula oso ondo zergatik den hori”.
Oso modu grafikoan azaldu du lankidea gaixotzeak haurreskola batean eragiten duena. “Jar zaitez gure lekuan. 0-1 urteko zortzi ume, edo 1-2 urteko hamahiru ume, eta, haiek artatzeko, zu bakarrik. Negarrez daudenak lasaitu, eta beste inor negarrez has ez dadin saiatu; kaka egin duenari fardela aldatu, pixa egin dutenek gehiago itxaron dezakete; bazkaldu aurretik nekatuta daudenak lokartu; bazkaltzeko prestatu eta bazkaria eman; etxera doazenak prestatu; gelditzen direnei berriro fardela aldatu, eta, gero, gainerakoak lokartu. Zuk uste duzu hori egin daitekeela bakarrik?”. Landetxen zortzi gela daudenez, halakoetan beste geletako hezitzaileek hiruzpalau ume hartzen dituztela azaldu du. “Baina ez da modua. Egokitzapenean asko errepikatzen dugu irakaslearekiko atxikimendua lortu behar duela umeak, eta garrantzitsua dela espaziora ohitzea; eta, bat-batean, irakasle bat falta zaie, eta beste gela batera eramaten ditugu beste irakasle batekin”.
Arrietak azaldu du deskribatutako egoerak “tentsio handia” sortzen duela. “Fisikoki ez zara iristen, baina emozionalki are gutxiago. Eta, noski, horrek eragina dauka zure umorean, zure pazientzian, zure erantzunetan, eta, azkenean, umeek ere antzematen dute hori; urduriago egoten dira askotan. Hori ez da kalitatezko zerbitzu bat ematea”. Arrietak dio ezin dela bermatu halakoetan umeen beharrak %100 aseko dituztenik. “Eta egia da umeak ondo egoten direla, baina horretarako guztiok oso ahalegin handia egiten dugu; eskatzen zaiguna baino askoz ere handiagoa”. Arrietak ezagutu ditu ordezkoak lehen egunetik jartzen zituzten garaiak, eta garai horietara itzultzea du amets.
Arreta banatu behar
Edurne Ugarte fisioterapeuta da, eta Lasarte-Oriako Berritzegunean du plaza. Bere jarduna, ordea, Lasartetik hasi eta Ikaztegieta arteko zentro guztietan egin dezake, publiko zein pribatu. “Hamar bat ikastetxetara joaten naiz astero, eta beste dozena bat ikastetxe hilean edo bi hilean behin bisitatzen ditut, han dauden umeei jarraipena egiteko”.
Mugitzeko arazoak dituzten umeei laguntzen die Ugartek, eta horretan ari da 1996tik. “Murrizketak areagotu egin dira, baina guretzat lehenago ere baziren murrizketak”. Diplomaduna da Ugarte, HHko eta LHko irakasleak bezala, baina ez zaie maila bera aitortzen, funtzio publikoaren legeak hala agintzen duen arren. “Gu ez gara irakasleak, hezitzaileak gara, eta horrek esan nahi du hilean 300 bat euro gutxiago kobratzen ditugula”. Hori da mahai gainean duten eskaera nagusietako bat. “Irakasleei soldata izoztu zietenean, zaku berean sartu gintuzten gu, baina soldata parekatzerakoan ez dute hala egiten”.
Adibideak jarri ditu Ugartek, erakusteko murrizketek umeei egiten dietela kalterik handiena: “1988an hasi ziren zentro berezietako umeak eskoletan integratzen, eta horretarako baliabideak jarri ziren. Ni sartu nintzenean, ume bat baloratu eta ikusten bagenuen egunean fisioterapia saio bat behar zuela, baliabideak eskatu eta egunero izaten zuen saio bat. Hori ezinezkoa da orain”.
Lasarte-Oriako Berritzegunean bi fisioterapeuta ari dira lanean orain, lanaldi eta erdi denera, eta euren eremu geografikoko behar guztiei erantzun behar diete. “Zer gertatzen da hurrengo urtean bost ume gehiago baldin badaude? Bada, aukera bat da itxaron zerrendan uztea, toki bat libratu arte, baina oso gogorra da hori; beraz, ahal den moduan moldatzen gara ume guztiak hartzeko. Zer egiten dugun? Bada, aurreko urtean bi saio egiten zituen bati, bat kendu. Hori ere gogorra da, eta ume horien gurasoek ez dute ulertzen askotan; normala da. Baina, behintzat, ez duzu inor kanpoan uzten”.
Murrizketak murrizketa, Arrietak, Viaderok eta Ugartek ziurtatu dute umeei duten onena ematen saiatzen direla; eta, Hezkuntza Sailak konponbidean urratsak egiten ez baditu, hirurak kalera irtengo dira udaberrirako iragarritako mobilizazioetan.
Leave a Reply