Eguzkik kanpaina bat hasi du landare inbaditzaileen aurka

Eguzki talde ekologistak kanpaina bat abiatu du auzolanaren bidez Donostiako hainbat tokitan buddleja landare inbaditzailea (Buddleja davidii) kentzeko. Dagoeneko bi saio ere zehaztu dituzte. Lehena bihar bertan izango da: 10:00etan biltzeko deialdia egin dute, Donostiako Okendo kultur etxean (Nafarroa etorbidea), eta handik Ulia aldera igoko dira. Bigarren saioa, berriz, hiru aste barru izango da, maiatzaren 5ean, 10:30ean, Lau Haizeta parkean. Helburua, hauxe: bi egunetan, Ulia inguruko kostaldeko eremua kolonizatzen duten buddleja landare inbaditzaileak, ahalik eta gehien kentzea. Inguru horren “balio naturalistiko eta paisajistikoa” azpimarratu ditu Eguzkik.

“Landare hori desagerrarazi edo horietako ahalik eta gehien kentzeaz gain, herritarrak eta erakundeak kontzientziatzea ere” kanpainaren helburu gisa jarri du Eguzkik, “duela hainbat urtetatik Donostiako eta Gipuzkoako inguru handi batzuk inbaditzen ari diren landare kolonizatzaileek sorturiko arriskuez jabe daitezen”. Auzolanaren beraren garrantzia ere azpimarratu nahi du talde ekologistak egitasmo horren bidez: “Uste dugu auzolana oso tresna eraginkorra dela, bai landareak desagerrarazteko eta bai kontzientziaziorako. Bere denbora libreko ordu batzuk komunitate lanari eta, kasu honetan, biodibertsitatearen aldeko defentsari eskaintzen dizkiona landare inbaditzaileak kendu beharraren inguruko enbaxadore aktibo bihurtzen da”.

Eguzkiren arabera, buddleja da Donostian zein Gipuzkoan lur eremu gehien inbaditu duen landarea, eta horregatik hautatu dute. Eguzkik uste du kolonizazio hori ez dela “istripuz” gertatu: “Gure lurraldean egin den obra kopuru handiaren ondorio da”. Izan ere, edozein lur mugimendu egiten denean buddleja landareak eraldatutako eremu horretan ezartzeko aprobetxatzen du, “eta, horregatik, azken urteotan errepideen, eraikuntza lanen, industrialdeen eta trenbideen ertzak kolonizatzen ari da”. Horregatik, erakundeei eraikuntza lan guztietako baldintza ekonomiko eta lan segurtasunekoak betearazteaz gain, landareen balizko kolonizazioei buruzko ondorengo jarraipen bat egiteko ere eskatu die Eguzkik.

Txinatik iritsitako landarea

Txinan du jatorria buddleja landareak. Apaingarri gisara iritsi zen, baina egun ezpondetan, mugitutako lurretan edo areketan hazten da. Tximileten zuhaixka ere esaten zaio buddleja landareari; izan ere, lila koloreko lore aromatikoek erakarri egiten dituzte tximeletak. Azkar hazten da, eta airetik hedatzen da; batez ere, ibilgailuen edo trenen ondorioz. Desagerrarazi ahal izateko, ezinbestekoa da sustraitik ateratzea.