Herrialdeko enpresei laguntzeko, 8,4 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hala jakinarazi dute, aste honetan bertan, Jon Uriguen Berrikuntzako, Landa Garapenerako eta Turismoko diputatuak eta Larraitz Ugarte foru aldundiko bozeramaileak. Krisiari aurre egiteko planaren barruan daude laguntza horiek, eta, horrela, diputazioak bete egin du EAJk 2012ko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko jarritako baldintzetako bat.
Enpresei laguntzak emateko erabiliko dituzte 8,4 milioi euro horietatik sei, eta 2,4 milioi euro, berriz, eskualdeen garapenerako. Enpresei dagokienez, lau laguntza programa egongo dira: ekonomia berriz aktibatzeko plana, zientzia eta teknologia sarea laguntzeko programa, eta nazioartekotzea laguntzeko bi ildo: lehena kanpoan gune berriak eraikitzeko erabiliko dute, eta bigarrena, produktu berriak kanpoan merkaturatzeko. Laguntza programa guztietan, urteko oroitidazkia aurkeztera ere behartuko dituzte enpresak.
Tokiko garapenerako laguntzei dagokienez, honako proiektu eta talde hauek jasoko dituzte: Garapen agentziak, Tolosaldea Garatzenen Lehiberri proiektuak, Basque Culinary Centerrek, Miramon Galarreta zabalkuntzak, Goierri berrikuntza poloak, Pasaiako berrikuntza proiektuak, Gaiaren iSare proiektuak eta Loiola berrikuntza fundazioak. Horiei 500.000 eta 100.000 euro arteko laguntzak emango dizkiete. Aldundiak azpimarratu duenez, horietako batzuk “arriskuan” ziren Espainiako Gobernuak agindutako diru laguntzak jaso gabe geratzeko, eta horiei laguntzeko egingo dute “lehen ahalegina”.
Hain justu ere, “ontzat” jo du aldundiak “tokiko garapenaren alde” aritzeko bidea ere urratu izana, enpresei “zuzenean” laguntzeaz gain. “Garbi geratu da orain arteko garapen ereduak porrot egin duela, beharrezkoa dela bide berriak urratzea krisitik ateratzeko, eta, horretan, berebiziko garrantzia ematen diogu tokiko garapenari”.
Martxoan, mikroenpresentzako diru laguntzekin, orotara 14,5 milioi euro emango dizkie aldundiak enpresei. Gainera, aldundiak asmoa iragarri du datorren asteetan beste zenbait laguntza erabiltzeko enpresa berriei laguntzeko hainbat programarentzat, bizitza osoko prestakuntzarentzat eta IKTentzat ere. Ugartek azpimarratu zuen horiek onartuz gero hogei milioi euro jarriko liratekeela Gipuzkoan enpresak “sendotzeko”. Espero dute milioi horiek guztiak urtearen erdirako izatea enpresen esku.