Imanol Saiz
M ugimendua sortu da Txingudiko badiaren inguruan. Euskal Herri guztian bezala, Bidasoara ere iritsi da pentsio duinen aldeko oihua; inoiz baino indar handiagoz, gainera. Joan den astelehenean, Irun, Hondarribi eta Hendaiatik —Bidasoa ibaiaren hegoaldean lan egin ondoren, pentsioa Espainiako Estatutik jasotzen duten hainbat herritar bizi dira han— etorritako ia mila lagun elkartu ziren Irungo San Juan plazan, laugarrenez jarraian, euren egoera “tamalgarria” dela salatzeko. Pentsioen gatazkak batu ditu guztiak.
Azken urteotan Bidasoan pentsio duinen aldeko keinu ugari izan den arren, horretan, keinuetan gelditu ziren borrokaldirako dei gehienak. Urtarrilaren 15ean, ordea, askotariko kolore, ideologia eta sentsibilitateko pentsiodunak elkartu ziren Irunen, lehenengoz; sekulako erantzuna eman zioten sare sozialen eta sakelako telefonoen bidez hedatu zen deialdiari.
Hiru udalerrietako pentsiodunek nahikoa dela oihukatu zuten egun horretan, amorruz, aurten pentsioetan egingo duten %0,25eko igoera “eskasa eta barregarria” dela salatuz. Lehen elkarretaratzea izan zen ordukoa, baina ez azkena. Izan ere, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduaren lehen hazia erein zuten, amorru hori mobilizazio jakin batzuetan geratu gabe ibilbide luzeko borrokaldira batzeko asmoarekin.
Jokin Uranga mugimendu berri horretako kidea “txundituta” gelditu zen Irungo San Juan plazan sentitu zuen indarrarekin. “Den-denok oso harrituta gelditu ginen, 400 lagun inguru elkartu baikinen urtarrilaren 15ean. Ez genuen espero horrelako erantzunik”. Hiru udalerrietako pentsiodunen erantzuna ikusirik, “bitan pentsatu gabe”, bertaratutako guztiei “ahalik eta azkarren” batzar batean berriz biltzeko deia egin zieten. 30 bat pertsona elkartu ziren bigarren batzar horretan, eta eman beharreko hurrengo pausoak zehaztu zituzten orduan, azken asteotan sortutako mobilizazio erraldoi horri jarraipena emateko, eta, finean, Txingudi inguruko milaka herritarren haserre adierazpen horiek bideratzeko.
Hala, urtarrilaren 22an eta 29an ehunka herritar bertaratu ziren, beste behin ere, Irungo udaletxe parera, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako deialdietara. Orduan ere, “ezusteko polita” izan zuten arduradunek, erantzunak gero eta oihartzun zabalagoa zuela ikusi zutelako: 600 lagun inguru ere elkartu ziren egun horietan. Are gehiago, joan den astelehenean, eguraldia lagun ez izan arren, orain arteko mobilizaziorik handiena egitea lortu zuten: mila pertsona inguru atera ziren Irungo kaleetara. San Juan plazan elkartzeaz gain, manifestazioan joan ziren Irungo Correos posta zerbitzuaren egoitzara, Espainiako Gizarte Segurantzatik jasotako gutunak bueltatzera.
Mugimendua “bat-batean” sortu zela argitu dute taldeko ordezkariek. “Bere kabuz hartu du indarra”. Aldarrikapen jakin baten alde hainbeste jende batzea “zaila” dela aitortu dute mugimenduko arduradunek. “Baina lortu dugu”. Zer dago, ordea, Irunen hainbeste jende elkartzea lortu duen ekinaldiaren atzean? Nor “bere kabuz” gerturatu dela nabarmendu du Joseba Arza mugimenduko kideak, komunean zutena lehenetsita: “Pentsioen igoera ez da justua”. Arzak eta Urangak argi dute epe luzerako borroka izango dela. “Iraupen luzeko lasterketa dugu zain gure pentsioen alde eta erosteko ahalmena galtzearen kontra; oso luzea izango da”.
Bi aldarrikapen
Azken urteotan, Oiartzualdean eta Bidasoan Errenteriako Duintasuna elkartea mugitu da gehien pentsio duinen alde. Nagusiki, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta Babes Sozialerako Euskal Sistema propioa exijitzen dituzte haiek. Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan ere ari dira erretiratuak euren eskubideen alde mobilizatzen. Bidasoan sortu duten mugimenduaren argudio sorta, ordea, ez da Oiartzualdekoena bezain zehatza; bertakoek badakite pentsioei buruzko borroka ez dagoela landuta ondoko eskualdean bezainbeste. Batasuna lehenetsi dute bertan, eta ideia orokor batzuen inguruan ari dira indarrak biltzen.
Batasun hori mantentzeko, oraingoz, bi ideia nagusi landuko dituztela aurreratu dute Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideek: “Pentsioei KPI orokorra aplikatzea, eta orain arte galdutako diru guztia berreskuratzea; hori exijituko dugu, oraingoz”. Hala ere, 2018an pentsioek izan duten %0,25eko igoera ere deitoratu dute orain arteko mobilizazioetan.
Arzak azaldu duenez, mugimendua gehiago indartzeko, Gipuzkoako beste hainbat herritako pentsiodunekin harremanetan jarriko dira orain. “Gutun bat bidaliko dugu pentsiodunen elkarte guztietara, denok elkarlanean jarduteko proposamenarekin; mugimendu indartsua sortzea da erronka”.
Hilaren 19an egingo dute hurrengo elkarretaratzea, eguerdian, Irungo San Juan plazan. Azken deialdietan gertatu bezala, egun horretan ere ehunka lagun elkartzea espero dute mugimenduko arduradunek; Hondarribian eta Hendaian ere egin nahi dituzte aldarrikapen ekintzak, baina aurrerago iritsiko da bi herri horien txanda. Iruni dagokionez, udalean ordezkaritza duten ia alderdi guztien babesarekin ari dira lanean. PPk bakarrik egin die uko adinekoek egindako eskaerei.
Leave a Reply