Hamaika aukera 11 egunetan

Hamaika aukera 11 egunetan

Eider Goenaga Lizaso

Donostiako Egia auzoan egin zuten, 2016ko urtarrileko eta otsaileko hainbat astez, euskara hutsean bizitzeko ahalegina. Egia Euskaraz izena zuen kanpaina hark, eta Lasarte-Orian izan zuen jarraipena, urte bereko azaroan eta abenduan: lehen aldiz erabili zituzten ahobizi eta belarriprest figurak, eta erabilera datuek nabarmen egin zuten gora. Gerora, beste hainbat auzok eta herrik hartu zuten lekukoa —Intxaurrondo, Hernani, Astigarraga…—, eta, iazko azaroan Euskaraldia aurkeztu zuten, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabilera datuak handitzeko xedez. Euskaraldiak erronka jarri du mahai gainean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, Euskal Herri osoan, ahal den herri gehienetan eta ahal den guztietan euskaraz egiteko. Baina zer gertatzen da euskara nagusi den herrietan? Kezka horrekin, eta euskararen erabileran datu onak dituzten herrietarako, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago proposamen osagarria landu du Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

“Guk beti aldarrikatu izan dugu udalerri euskaldunek egoera soziolinguistiko berezia dutela, eta horrek politika propioak eskatzen dituela. Oraingo honetan ere, guk ikusten genuen Euskaraldia ezin zela landu herri guztietan modu berean”, azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.

Uemako kide diren herri guztietara bidali dute jada proposamen osagarria. Gipuzkoan 43 herri dira Uemako kide, baina Segurolak argitu du herri bakoitzak erabaki behar duela proposamenari eutsi edo ez, eta Ueman ez dauden herrietan ere erabaki dezaketela proposamen horri eustea. “Proposamen bat da hau, proposamen irekia eta malgua. Herrietako batzordeek ikusi beharko dute nolako indarra duten, noraino irits daitezkeen, honi eusteko modua duten ala ez, guk planteatutako 11 arloak landu edo hautaketa bat egin nahi duten…”.

Argi ikusten dute gune euskaldunetan eta ez euskaldunetan ezberdin egin behar dela lanketa, eta Segurolak gaineratu du ez dela gauza bera herri txikia edo handia izatea. “Bergaran eta Zarautzen, adibidez, euskaldunen kopurua handia izan arren, oraindik badago erdaldun kopuru handi samar bat, eta haietan ahobizi eta belarriprest figurek zentzua izan dezakete. Baina beste zenbait herritan —herri txikietan batez ere eta %80-90etik gorako erabilera dutenetan— beste pauso bat eman behar zela ikusten genuen, ez zela nahikoa 11 egunez euskaraz bizitzearekin konformatzea”.

Hala, Euskaraldiak testuingurua jarri duela eta Euskal Herri osorako proposamena dela kontuan izanda, Uemak beste lanketa bat planteatu du herri euskaldunetan. Horretarako, 11 arlo identifikatu dituzte. “Euskaraldiaren egun bakoitzeko arlo bat. Eta arlo bakoitzak aukera ematen du hamaika hausnarketa egiteko, hamaika hutsune eta hamaika aukera bilatzeko, eta hamaika proposamen egiteko”. Herri bakoitzak erabakiko du arlo bakoitza nola landu; Uemak helburu batzuk eta egiteko batzuk zehaztu ditu, gogoetarako gai batzuk, eta baita jardunerako ideiak ere. “Herriaren ezaugarrien arabera, batzordeetan elkartzen den jende kopuruaren arabera, indarraren arabera, bakoitzak ikusiko du nola landu. Egunean gai bat landu daiteke, azaletik, edo arlo bakarra lantzea erabaki. Azken finean, arlo bakoitzak urte osoko lanketa bat egiteko ere balio dezake”.

Uemako kide diren herrietako euskara teknikariekin batera landu dute Hamaika aldiz gehiago proposamena. Denak ados zeuden 11 egun euskaraz egitetik harago joan behar zela, eta bilera batean haien ekarpenak jasota identifikatu zituzten 11 arloak. Hortik ateratako proposamen osagarria Euskaraldiarekin eta Topagunearekin kontrastatu eta oniritzia jaso ostean, joan den astean aurkeztu zuten.

Aurrera begira

Aurrerantzean, euskara teknikariek Hamaika aldiz gehiago abian jartzeko proposamena ekarriko dute Euskaraldia aurkezteko herriz herri egiten ari diren bileretara, eta herriko euskaltzaleek, eragileek eta udalak erabaki beharko dute erronka horri eusten dioten edo ez. Udalak eta eragileek osatutako batzordeetan aurrera jotzea erabakitzen badute, Uemak lagunduko die bidea egiten. “Guretzat, noski, garrantzitsua da erabilera ohituretan eragina izatea, baina hori bezain garrantzitsua da zubiak eraikitzea, batzordeak eratzea eta herria aktibatzea”. Zubi lan horrek 11 egunerako egindakoa gaindituko duelakoan dago Uema.

Leave a Reply

Your email address will not be published.