Danel Agirre
Gazte handinahia nintzen ni oso. Kazetari on samarraz gain, egunkari bateko zuzendaria ere izango nintzela barneratua nuen. Nirea izan behar zuen ofizioa ikasteko, The New York Times-i begira eman nituen ordu asko. Testu txit luze eta konplexuak irakurtzen baino, kazeta nola egituratuta zegoen asmatzen saiatzen nintzen. Artikulu bakoitza non ipini zergatik erabakitzen zuten ulertzen. Lau urtean behin publikatzen den editorial serios batek txunditzen ninduen gehien; bizitza osoa daramat nik antzekoak idazteko prestatzen.
Presidenterako bozak baino hilabete lehenago, bi hautagaietatik zeini botoa eman aholkatu ohi du The New York Times-ek. Titularra beti errepikatzen da: izena, abizena, eta “for president” atzizkia ondoren. Oso fresko dut oraindik “Al Gore for president” aparta. Texastik zetorren George W. Bushen aldean, Clintonen lehendakariordearen eskarmentua eta neurritasuna nabarmentzen zituen piezak. Nik gehien balioesten nuena paragrafo bakoitzak igortzen zuen seriotasun eta ardura tonua zen. 1860an lehen aldiz Abraham Lincolnentzat babesa eskatu eta gero, demokrazia oso baten pisua bere gain hartzera ohituta zegoen instituzio bat nabari zen atzean.
Imitatzaile merke andana ere badu The New York Times-ek, tamalez. Zuzendari bezala nire ibilbidean egin nahi ez nuenaren adibidetzat Pedro J. Ramirezen editorialak gordetzen nituen. Beti izan da AEBetatik datorren oro kopiatu zale kazetari tirantedun bitxia. Baina bere moldaketek Real Madrilen palmaresak baino tranpa gehiago dituzte. Erantzukizunaren ordez, oportunismo taktikoa darie bere boto eskaerei. Demokraziari zerbitzatzeko borondatea baino, nahas-mahas politikoan norbait izateko irrika. Hain dira txarrak bere The New York Times-en imitazioak, 2008an El Mundo-k bi hautagairi babesa eman baitzien. Eta ez ziren Franklin Delano Roosevelt, preseski: Mariano Rajoy edo Rosa Diez, bietako edozein aukeratzeko galdegin zuen Ramirezek.
Kazetari on samarra izan bai, baina egunkaririk ziur aski ez dudala sekula gobernatuko duela gutxi konturatu nintzen. Luzaro entseatutako editorialak linboan geratzeari tamalgarri deritzot ordea. Horregatik, hemendik aurrera espazio hauxe erabiliko dut, gizarte osasuntsu eta aurrerakoi bat izan dezagun hauteskundeetan nor babestea komeni den iragartzeko. Pisu handiko arrazoiketekin, nire erabakiak izan dezakeen eraginaren jakitun.
Iganderako nire boto-txartela eta artikulua prest nituen duela pare bat hilabetez geroztik. Atzerritik bozkatzeko mila tramite korapilatsu bete beharra dago ordea, bakar batean hutsik egin gabe. Eta horietan kateatu eta igandeko festa demokratikoan parte hartu gabe geratuko naiz zoritxarrez. Gauzak horrela, axolagabekeria litzateke klasiko bihurtuko diren gomendioekin aurten hastea. Nire gutun-azala ez bada hautetsontzietan egongo, hobe da oraingoz isilik geratzea. Izango da beste kanpainaren bat laster, eta ordurako anabasa administratibo hori txukundu eta zutabe honetan demokraziaren pisua nire gain hartuko dut. Hori zuzendari egiten ez banaute. Horrela balitz, BERRIAk behingoz taxuzko editorialak izango ditu.
Leave a Reply