Eider Goenaga
Eritasunen bat duten presoei laguntzeaz arduratzen da Jaiki Hadi elkartea, haien jarraipena egiteaz eta gaixo larri daudenen kasuak argitara atera eta salatzeaz. Elkartea osatzen duten medikuetako bat da Fernando Arburua psikologoa (Zugarramurdi, Nafarroa, 1953). “Gaitz larriak dituzten presoen gaiari ematen zaion oihartzunak gorabeherak izaten ditu, baina guk hor egon behar dugu, beti; ezin gara isildu”. Helburu horrekin Irurako Ikastolan hitzaldia egingo du, gaur, 19:00etan, plazako eraikinean.
Preso gaixoen jarraipena egiten du Jaiki Hadik, baina laurehundik gora euskal preso dira. Nola egiten duzue?
Jarraipena egiten da, betiere, presoaren borondatearen eta eskaeraren arabera. Gaixotasun larria dutenen zerrenda ezagutarazten dugu; horiek direlako kalean egon behar dutenak, haien osasuna ez baita bateragarria kartzelako bizi baldintzekin. Baina, horiez gain, beste 120 bat presori egiten diegu jarraipena. Mota askotako gaitzak dituzte, baina ez dira iristen larri daudenen mailara. Presoen adina eta espetxean daramaten denbora ere kontuan hartzen dugu, bi faktore horiek eragin zuzena baitute osasunean.
Eta nolakoa da jarraipena?
Batzuetan, zuzenekoa da jarraipena, kartzelara bisitak eginez, baina maiz eskutitz bidez egiten da. Bestetik, espetxeko medikuekin ere kontaktua izaten dugu, frogak, txostenak eta abar eskatzerakoan. Azken finean, kontua da presoak jakitea kanpoan badutela laguntza bat, gu hor gaudela behar diren hariak mugitzeko eta euren jarraipena egiteko.
Nola eragiten du kartzelak gaitz larri eta kronikoak dituzten presoen egoeran?
Preso gaixoen gaia asko atera da komunikabideetan, eta arriskua dago albiste arrunt bilakatzeko, jendeak gaiari garrantzia kentzeko. Baina, egoera oso larria da. Oso zaila da azaltzen preso batek nola bizi duen gaixotasuna kartzelan. Adibidez, Gari Arruartek eta Jagoba Codok espondilitis ankilosatzailea dute, eta gaitz hori kanpoan eramatea ere zaila da; baina, gaitzari espetxeko baldintzak gehitzen badizkiozu… Ariketa fisikoa oso garrantzitsua da haientzat, eta espetxean oso mugatuta daude. Bestalde, oso mingarria da, eta tratamendu farmakologiko etengabea behar dute. Hori guztia kartzelako erregimenaren barruan kokatzen baduzu… Oso zaila da egoera azaltzen, gaixorik ez dagoen edo kartzelan egon ez den norbaiti. Muturreko egoera bat da.
Zuen lanari oztopo eta traba ugari jartzen dizkiotela salatu izan duzue. Nolako oztopoak?
Batetik, oztopo edo traba burokratikoak daude. Edozein baimen eskatzeko denbora pila bat behar da. Adibidez, medikuaren bisita bat eskatzeko, lehenik presoak egin behar dio eskaera espetxeko zuzendariari, hark Madrilgo Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzara pasatzen du eskaera, han oztopo ugari jartzen dituzte, eta, onartzen ez badute, espetxe zaintzako epaileari egin behar zaio eskaera. Hilabeteak behar dira.
Baina bisitak egiten dituzue. Nolakoak izaten dira?
Bai, egiten ditugu. Psikologoei dagokienez, eta hori da nire arloa; batzuetan, lortzen da bisitak behar bezala egitea; presoa eta psikologoa bakarka egotea, gela batean. Baina, gehienetan, esaten dute kartzelako norbaitek egon behar duela bertan. Eta, askotan, bisitako kabina arrunt batean sartzen gaituzte, psikologoa eta presoa kristalaren alde banatan daudela. Noski, hori ez da ez kontsulta, ez ezer. Terapia guztien kontrakoa da. Baina presoek eskertzen dute, eta, hori hala den bitartean, jarraituko dugu. Badakigu ez dela behar duten terapia, alde medikotik ez dela oso eraginkorra, eta askotan pentsatu izan dugu horrela jarraitzeak merezi ote duen, baina presoari iruditzen bazaio lagungarria zaiola…
Nolakoa da osasun arreta kartzelan. Orokortu liteke?
Kartzelako medikuaren araberakoa da, neurri handi batean. Presoek kartzelako medikuengana jotzen dute, eta haiek erabakitzen dute presoa ospitalera bidali behar duten edo ez. Hor badaude mediku oso profesionalak, eta beste batzuk, aldiz, ez. Baina, kontuan izan behar da medikuak espetxeko egituraren barne daudela. Adibidez, haien lana litzateke preso bat psikologikoki gaixo dagoenean espetxeko zuzendaritzari esatea ezin dutela bakartuta egotera zigortu; baina, askotan ez diote esaten.
Zer moduzko tratua duzue zuek haiekin?
Batzuekin, ona; beste batzuekin ezinezkoa da. Kontaktua egitea ere oso zaila da, eta edozein txosten, edozein emaitza eskatzeko, sekulako oztopoak izaten ditugu. Isilpekoa dela esaten digute… Bestalde, presoei maiz zaila egiten zaie haiengan konfiantza izatea; espetxeko egituraren menpeko direnez, kosta egiten zaie haiengana jotzea.
Gaitz kroniko eta endekapenezkoek berez dituzte ondorio psikologikoak. Kartzelan gehiago?
Bai, karga psikologiko handia dute gaitz horiek. Izan ere, bat-batean aurkitzen dira diagnostiko batekin, eta esaten zaie gaitz kroniko bat dutela, ez direla inoiz hobetuko, eta egitekotan okerrera egingo duela. Noski, horrelako gaitz batek harrapatzen bazaitu egoera psikologiko ahulago batean, egiten dizun kaltea areagotu egiten da. Preso hauentzat oso garrantzitsua da kanpoko babesa, familiarena eta lagunena. Hori da, askotan, gaixotasuna eramaten laguntzen duen bakarra.
Gaitz psikologiko larriarekin dago, adibidez, Aitzol Gogorza. Haren gaitza guztiz bateraezina da kartzelarekin.
Guretzat, kasu larrienak dira horiek. Bere buruaz beste egiteko arriskua oso handia da. Eta, gainera, oso kasu argia da. Hainbat espezialistak ikusi dute, eta Bizkaiko auzi medikuen talde osoak esan du gaitz hori edukita ezin dela kartzelan egon. Baina, hor betikoa gertatzen da, iristen zara epaileengana, eta irizpide politikoekin egiten duzu topo.
Garai batean gaixorik zeuden presoak kaleratzeko oztopo gutxiago zegoela dirudi, eta, gaur egun, hiltzeko zorian bakarrik ateratzen dituztela.
Bai, bai, heriotzerako bidean daudenean ateratzen dira asko. Hor duzu Iosu Uribetxebarriaren kasua. Ikur gisa hartu zuten, sekulako mina egin zien hura ateratzeak, eta harekin tematu ziren. Baina, aldaketa duela zortzi bat urte gertatu zen. PSOE gobernuan zela damuarenarekin hasi ziren, eta figura berri bat sartu zuten, espetxeratze arinduarena. Alegia, etxean egon behar dute hainbat orduz eta kontrol telematikoa izan behar dute egun osoan. Baina, azken urteetan, ezta horrela ere. Egon dira hainbat preso minbizia izan arren kaleratu ez dituztenak. Gaixotasunarena arma gisa erabiltzen dute, eta erabaki politikoa da haiek ez ateratzea.
Euskal Herriratzeak mesede egingo lieke?
Bueno, hona ekartzeak errazten duena da kanpoko ospitaleekiko harremana, Osakidetzarekin edo Osasunbidearekin. Baina, espetxeko osasun arretari erreparatuz gero, hori ez dago hain argi. Martutenen bai, egoera hobea da. Baina, badago kasuren bat non presoak askoz arreta hobea jasotzen duen kanpoko espetxe batean, adibidez, Zaballan baino.
Zuen lanari jarritako oztopoez gain, iragan martxoan Guardia Zibilak atxilotu zintuzten zu eta Oihana Barrios, Jaiki Hadiko kide izateagatik.
Gu oso lekuko ezerosoak gara. Gu beti hor gaude, eta gure lanetako bat da erne egotea eta kargu hartzea; gaixorik dauden presoen egoera hobetzen ez bada, salatzea. Eta hori akusazio zuzena da haien kontra. Operazioaz geroztik, Oihanari ukatu egin diote espetxeetara joatea. Niri ez didate inoiz utzi, preso ohia naizelako, baina Oihanaren kasuan, nik uste dut haren lanak min egiten ziela, sekulako lana ari zen egiten. Aitzakia bat izan zen hori mozteko.
Eta, gure kontra joz, helburua ez gara gu, presoak baizik. Presoen kontrako eraso zuzena da, presoek kanpoan izan dezaketen babes guztia amaitzea nahi dute, eta presoak bakartzea.
Leave a Reply