Azpeitia
Orain urtebete baino gutxiago, Azpeitiko Kultur Mahaiak hartu zuen Sanagustin kulturgunea kudeatzeko ardura. Orduz geroztik, besteak beste, “une oroko kulturgune bat” izateko helburuz jardun dute lanean, “taldeen plaza” izateko asmoz, “elkarlana, aisia eta euskara” ardatz hartuta. Orain, “pauso bat gehiago” eman, eta Aitzealdenk! Zuzenean 01 jaialdia egingo dute, asteburu honetan, Sanagustin kulturgunean bertan. Hiru eguneko zuzeneko musika kontzertuen jaialdia izango da, eta orotara zortzi talde igoko dira taularen gainera: herriko, Euskal Herriko eta nazioarteko taldeak. Sanagustin kulturguneak, Zubi-zar elkarteak eta Urrestillako Triku Musika elkarteak elkarrekin antolatu dute.
Triku Festie festa hartu dute oinarri jaialdia antolatzeko, 2009. urtera arte Azpeitian herriko musika elkarteek antolatzen zutena. Jaialdi hark utzitako hutsunea eta ordutik herrian kulturaren esparruan izandako “aldaketa nabarmena” baliatu dituzte jaialdia antolatzeko.
Aitzealdenk! egitasmoaren bigarren zatia da Aitzealdenk! Zuzenean jaialdia. Orain arte, Aitzealdenk! Ostirala jaialdiak egin izan dituzte; ostiraletan bi orduko entzunaldi saioak, alegia. Horrez gain, udazkenera begira, dagoeneko ari dira Aitzealdenk! Zuzenean 02 jaialdia antolatzen. Antolatzaileek aurreratu dutenez, Lisabo taldea lotua dute, baita Ama Say taldea ere.
Asteburu honetako kontzertuetarako sarrerak erosteko, bi aukera daude. Internet bidez —www.sanagustinkulturgunea.net eta www.aitzealdenk.net atarietan—, eta Sanagustin kulturgunean bertan. Bi tokietan, kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenagora arte eskuratu ahal izango dira sarrerak. Hiru egunetarako bonuak 24 euro balio du.
KONTZERTUAK
Gaur, 22:00etan. Mondocane, Antilles eta Capsula. Aurrez, 12 euro; leihatilan, 15 euro.
Bihar, 22:00etan. Inoren Ero Ni, Willis Drummond eta We Are Standard. Aurrez, 12 euro; leihatilan, 15 euro.
Etzi, 20:00etan. Santiago Latorre eta Rauelsson. Aurrez, 8 euro; leihatilan, 10 euro.