Beñat Alberdi
Ia 22 urte ditu Elgetako gaztetxeak. Ia, gazteak 1996ko martxoaren 22an sartu zirelako herriko haur eskolara. Beraz, datorren hilabetean beteko lituzke 22 urte. Baina batek daki beteko dituen edo ez. Izan ere, gaur arratsaldean egitekoak diren batzarrean erabakiko dute azken urratsak nola egin. “Nik, behintzat, bide orri bat zehaztea espero dut”, azaldu du Kepa de Vegak, gazte asanbladako kide batek. “Zehatz dezagun zeintzuk diren eman beharreko pausoak, eta noiz emango ditugun. Baina, batez ere, zehatz dezagun noiz itzuliko dizkiogun giltzak udalari”. Hamaika urte egin ditu proiektuak, eta hamaika belaunaldi pasatu dira bertatik. Horregatik antolatu dute batzar irekia. Azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira abestu zuen Benito Lertxundik, eta Azken arnasa eman nahi nuke herritarrekin batera litzateke Elgetarentzat.
“Gaur egun, haur eskola okupatu zutenek 40 urte inguru izango dituzte”, nabarmendu du De Vegak, proiektua bizi izan duten belaunaldien erakusle. 11-12 urte zituela gerturatu zen Vega gaztetxera, eta 13rekin batu zen batzarrera. 25 urte ditu egun, eta bertako kide da oraindik. “Gogoan dut Haur Eguna antolatzen zuela gaztetxeak, eta bertan parte hartzen genuela”, gogoratu du Leire Azkarraga-Urizar batzarreko kideak. “Zahartutakoan ere parte hartzen genuen, baina antolakuntzan”. 24 urte ditu Azkarraga-Urizarrek, eta 18 zituenetik da gaztetxeko batzarreko kide. Bestelakoa da Unai Andresen errealitatea. Batzarreko kideek hainbat saiakera egin dituzte gazteak erakartzeko, eta horietako bat da Andres. 18 urte ditu, eta urte eta erdi inguru darama parte hartzen.
Gazteak ardura hartu ezinik
Bilera irekiak egin izan dituzte kide berriak erakartzeko, herritarrek berek egoera ezagutzeko eta taldearen egunerokoaren berri izateko. Emaitza, ordea, ez da izan esperotakoa. “Ez dugu arazorik izaten tabernako barrako txandak betetzeko”, argitu du De Vegak. “Baina txanda horiek beteta bakarrik ezin da mantendu gaztetxea”. “Ardurak” daude gaztetxea ixteko erabakiaren muinean. Unean-unean, herritarren laguntza izan dute, ekintza jakin batzuk gauzatzeko, baina inork ez ditu bere gain hartu nahi bestelako ardurak: adibidez, diru kontuak eramatea, edo barrarako edariak eskatzea.
Arduradunak lortzeko zailtasunak, hala ere, sakonean badu beste arrazoi bat: erreleboa emateko beharra. “Obligazio bihurtu dira lehenago gustura egiten genituen lanak”, zehaztu du Azkarraga-Urizarrek, eta azaldu du ekintza asko “inertziaz” prestatzen dituztela, aurreko urteetan antolatu izan dituztelako. Urteak igaro ahala igarri dute bestelako konpromisoak eta ardurak izan dituztela egunerokoan; lan kontuak, esaterako. Funtsean, ez daukatela gazteagoak ziren garaiko denborarik, gaztetxea berdin mantentzeko.
Faktore askok dute eragina hain erabaki zaila hartzeko. Esaterako, herriak edo herritarrek ez dutela lehen beste parte hartzen batzarrak antolatutako ekintzetan, eta are gutxiago belaunaldi berriek. Arrazoien artean, nabarmendu dute aisialdirako Bergarara joateko joera dagoela, eta, herrian bertan egonda ere, lokal pribatuetan egoteko joera zabaldu dela. Andresek gaztetxearen inguruko interes falta igarri du: “Nire adin ingurukoek nahiago izaten dute lokalean egon, mugitu eta zerbait antolatu baino”. Kide gaztea erreleboa emateko gogotsu dago, baina badaki ezinezkoa dela ardura guztiak berak bakarrik hartzea. “Niretzat gogorra da gaztetxea ixtea; gainera, nire belaunaldiak ez ditu garai onak ezagutu”.
22 urteotan, Elgetako gaztetxeak makina bat esperientzia eta garai pasatu ditu. Haur Egunak eta Garagardo Egunak antolatu izan dituzte, eta baita Sagardo Eguna ere. Herriko tabernariek parte hartzen zuten azken horretan, sagardoa debalde eskainita. Egun horretan arratsaldean antolatzen zuten patata tortilla lehiaketak ere parte hartzaile ugari izaten zuen. Hiru gazteen artean, De Vegak bizi izan ditu esperientzia gehien, azken finean hamabi urte pasatu dituelako batzarrean parte hartzen. “Gauza pila bat prestatzen genituen hasi nintzenean, ez egun jakin batzuetako kontuak bakarrik. Gogoan dut hitzaldi eta tailer mordoa antolatu izan dugula, eta baita kontzertuak ere”.
Bileretara joaten hasi zenean, taldea dozena bat pertsonak osatzen zuten, eta astero elkartzen ziren. Hasieran ez zeukan ardura berezirik; bere gain hartu ditu, ordea, urteak pasatu ahala. Naturala izan da erreleboa: jendeak, bere arrazoiak tarteko, batzarra uztea erabaki ostean, gazteagoek hartu izan dituzte euren lanak.
De Vegak epe hurbileko “nolabaiteko garai onak” bizi izan ditu. Baina, era berean, beheranzko joera bertatik bertara bizitzea tokatu zaie De Vegari berari eta Azkarraga-Urizarri. Zortzi edo bederatzi partaide ziren Azkarraga-Urizar kide bihurtu zenean. “Eta, denborarekin, utzi egin genion astero biltzeari. Azkenekoetan, hilabetean behin-edo elkartzen ginen. Whatsapp bidez egiten genuen hitzordua”.
Herriak gaztetxearen hutsunea igarriko duen galdetuta, ez datoz bat erantzunetan. Andresen ustez, bere adinekoek behintzat ez dute alderik nabarituko. Bestelako iritzia daukate, ordea, De Vegak eta Azkarraga-Urizarrek: “Hasieran ziurrenik ez, baina, gaur egun, gaztetxeak antolatzen ditu erreferentzia diren egun asko: Sagardo Eguna, esaterako. Ez daukagunean igarriko dugu”.
Leave a Reply