Hiru Mariak: tontakeria, komeria eta mixeria

Gaurkoan ez dut gobernuaz, erregeaz, eta krisiaz hitzik egingo, malaletxean jartzen naiz, eta ez du merezi. Aste Santuko abenturak kontatuko dizkizuet. Lanzaroten bost egun egoteko pasatu ditugun larritasunak ez zaizkigu merkeak atera! Goizeko zazpietan hegazkina hartu behar genuela, eta bi ordu lehenago txintxo-txintxo Madrilgo aireportuan geunden. Bilbotik ateratzea garestiagoa zela-eta gau osoa autoz egin ondoren Madrilera iritsi gara hiru Mariak, pozik eta nekearen arrastorik gabe. Aireportura iritsi orduko jaso dugu lehenengo zartakoa, kopetaren erdi-erdian zapla. Norbaitek dudarik badu, esan dezaket hegazkin konpainia guztietatik zerbitzu eskasena eskaintzen duena Ryanair dela. Hegaldietako prezioak deigarriak badira ere, bertako langileen eta enpresa beraren kudeaketa kaskarra garesti ateratzen dira, oso garesti. Baina, tira, esan dut gaur ez naizela haserretuko, eta hori alde batera utziko dut. Kontua da bidaia-txarteletako batean izenarekin akatsen bat dagoela; eta Maria 1-ek ezin duela hegaldi horretara igo. Eta bat-batean gure algarak itzali egin dira, orduan irribarre umil batekin galdetu diogu mostradorearen bestaldean dagoen ganorabakoari “Cuando sale el siguiente vuelo?”. Eta: “Mañana a las nueve de la noche”. Orduan gure irribarreak ere itzali egin dira, guztiz. Hondoa jo ote dugu? Hantxe gaude, hiru Mariak, hiru maletatxorekin, Madrilgo aireportuan, 05:30ean, lorik egin gabe eta hirurok Lanzarotera elkarrekin iristeko esperantzak bidean galduta. Hondoa jo guk, Madrilen? Ezta pentsatu ere! Beste konpainia batek 12:30ean Lanzaroterako hegaldi bat omen dauka, eta korrika abiatu gara billetea erostera, dagoeneko prezioak ez du garrantzirik, lehentasunen eskalan nahiko azpian gelditu da aspaldian. Lortu dugu! Oporretara goaz, Maria 1 Air Europan eta Maria 2 eta 3 Ryanairren, baina bagoaz.

Eta a ze hegaldia eman digun ditxosozko Ryanairrek. “Maria 1 alde ederrean joango da Air Europan…” pentsatu dut. Jo eta su aritu dira bidaia guztian okurritu zaien guztia saldu nahian, perfumeak, janaria, edariak, erlojuak, loteria… “Hegazkin honetan ez al da megafonoaren dezibelioak kontrolatuko dituen inor!”. Eta amaigabea iruditu zaidan bidaia honetan hausnarketa bat egiteko denbora eman dit. Zergatik hasten dira hegaldi guztiak azalpen berarekin? Ezbeharren bat gertatuz gero larrialdietarako irteerak non dauden azaltzen digute, eta zein diren jarraitu beharreko argibideak. Hasteko, larrialdiko lurreratze batean zapata takoidunak, belarritakoak, lepokoak, hortz postizoak eta betaurrekoak kentzeko obligazioa omen dugu, jarraian lau hanketan jarri eta larrialdiko irteerara gerturatuz bertatik ateratzeko. Niri barregura eman dit, norbaitek benetan pentsatzen al du hori egitea posible dela? Pentsa ezazue larrialdiko lurreratze bat egin behar duzuela eta daukazuen kakalarriarekin guzti hori kentzen hasi beharra daukazuela, hortxe imajinatu dut nire alboan doan amonatxoa oinutsik, gaineko pitxi guztiak larri-larri kenduaz, ordezko hortzik gabe, eta betaurrekorik gabe. Jar ezazu amonatxo hori lau hanketan, kez betetako hegazkin batean; benetan pentsatzen duzu gaixoak irteera aurkituko lukeela? Eta gero txaleko puzgarrien kontua dator, salvavidas deritzoten hori. Tira, salbatuko zaitu uretara erortzen bazara; ze, esango didazu ze salbazio eskaintzen dizun flotadore batek hegazkinak zuzen-zuzenean Sierra Nevadaren kontra jotzen badu!

Azkenean iritsi gara Lanzarotera! Lehendabizi bi Maria, eta handik bost ordutara, falta zitzaigun beste Maria. Amaiera zoriontsua du gaurko ipuinak, ederki ibili gara hiru Mariak: Tontakeria, Komeria eta Mixeria.