Energia beharra aseko dela ziurtatzeko eta hori lortzeko iturria eskuerara edukitzea geopolitikoki geroz eta garrantzitsuagoa ari da bihurtzen. Inoren mende egon gabe, geroz eta saiakera gehiago egin dira gizarteko arlo askotan, industrian adibidez, norbere argindar sorgailuak jartzeko. Azken aldian energia iturri berriztagarriak —eguzkia, haizea edota ura— aukeratu dituzte askok.
Kasu hori da Beasaingo CAF enpresa taldearena. Energia fotovoltaikoko Euskal Herriko instalakuntzarik handienetarikoa kokatu du Beasaingo eta Lazkaoko lantegien teilatuetan. Ia 5.000 plaka dira, eta urtean argindarretan gigawatt bateko potentzia emango duela kalkulatu dute, “270 familiaren energia beharra asetzeko adina”. Ohiko erregai fosilekin kopuru horretako elektrizitate sorkuntzarako isuriko liratekeen 650 tona karbono dioxido ekidingo ditu, “30.000 zuhaitzen efektu garbitzailearen baliokidea”.
Instalazio fotovoltaikoan inbertsioa egitea “etorkizun iraunkorragoaren aldeko apustua” dela adierazi dute CAF taldetik, “gure soluzioen eraginkortasuna frogatzeaz gain”.
Ibarran dagoen CAF taldeko Ennera enpresak garatu du eguzki-plaken sistema. “Urte gutxian ikaragarri aldatu da energia berriztagarrien esparrua. Duela urte batzuk erronka produktuen kostu ekonomikoa eta energetikoa gutxitzea zen, plakak egiteko behar dena. Hori lortu da, eta gaur egungo erronka nagusia autokontsumoa edo net metering-a erregulatzea da”, dio Ennerako marketin saileko Beñat Badiolak.
Teknikarien kalkuluen arabera, eguzki plaka bat egiteko erabili behar izan den energia konpentsatzeko, Euskal Herrian “bi urte bakarrik” behar dira. Hortik aurrerakoa ordainik gabekoa litzateke; “kontuan hartu behar da plaka batek, gutxienez, 25 urteko bizia duela”, dio Badiolak.
Kontsumoa, norbere iturritik
Net metering edo autokontsumoaren kontzeptua noiz txertatuko den zain “denbora asko” daramate energia berriztagarrien sektoreak eta kontsumitzaile elkarteek. “Sistema horren bidez, norbanakoon erabakitzeko ahalmena handituko da, lehenengo aldiz, gure kostu energetikoa kontrolatu ahalko dugulako, argindarraren prezioaren etengabeko igoerek eragin gabe. Kontzeptua herrialde askotan errealitatea da, AEBetan, Japonian edo Suedian. Teknologia badago, eta zenbakiak ateratzen dira. Gu prest gaude; erabaki politikoa falta da”, zehaztu du Badiolak.
Xedea kontsumitzaile bakoitzak —norbanakoak edo multzoak— behar duen energia inguruan sortzea da, teilatuko eguzki plaken instalazioen edo lorategiko haize-errota txikien bidez. Erabiltzen ez den energia, bestetik, “kreditu” bihurtzen da, beste egun batean erabil litekeena. “Kontsumitzen duzun energia ez diozu enpresa elektrikoari ordaindu behar, zurea delako. Ordaindu beharko dugun bakarra konexio kostu txiki batzuk izango dira, eta erabiltzen dugun energia sortutakoa baino gehiago bada, gehigarri hori”, azaldu du Badiolak.
Energia biltzeko teknologiak oraindik hobetzekorik baduen arren —baterietan gordetzen den energiaren %50 inguru galdu egiten da—, ideia ez doa hortik aparte. Argindar sarea bateria handi baten antzera ulertzen dute adituek, energia kreditua edo soberakina horra bideratzeko. “Adibidez, udan oporretara joaten bazara, bitartean sortzen dena urte guztian zehar erabil dezakezu. Sarea bateria handi baten antzekoa da: urtean zehar sortutako energia hor uzten duzu eta behar duzuna hartu”.
Ahalik eta garraio gutxien
Edozein modutara sortzen den energiaren zati bat garraioan galtzen da. Hargatik, elektrizitatea kontsumituko den lekuan bertan edo ahalik eta gertuen sortzea ere helburu bihurtu da, efizientzia handitu eta galerak txikitzeko.
“Instalakuntza berriztagarri handiak soluzioaren zati diren arren, Enneran norberak bere elektrizitatea sortzea bilatzen dugu. Hau da, eskala txikiko instalakuntzak”. Instalazio industria handietarako bakarrik ez, lantegi oro eta are edozein etxebizitza hornitzeko sistemak garatzea da erronka.
Orain arte, administrazioak diruz lagundu ditu herritarrak gisako instalazioak jartzeagatik. “Laguntzak desagertu dira, baina gabe ere energia berriztagarriak errentagarriak dira, bai ekologikoki, baita ekonomikoki ere”, ohartarazi du Badiolak.
Horretarako, net metering kontzeptua txertatzea “garrantzitsua” dela deritzo. “Errentagarritasuna lortuko litzateke. Argindarraren prezioa 2006tik %55 igo da norbanakoentzat, kontsumitzaile elkarteen arabera. Beraz, mota horretako instalakuntzengatik ordaindu beharrekoa azkar errekuperatuko litzateke”.
Gizartean, oro har, energia berriztagarrienganako aldeko jarrera dagoela sumatu dute Enneran. “Gainera, geroz eta gehiago gara horren aldeko apustua egiten dugunak. Egia da badagoela bideragarritasunean sinesten ez duenik; sinbolikotzat hartzen dute, eta gure energia beharrak asetzeko nahikoak ez direla uste dute. Hori ez da horrela. Espainiako Estatuko lurzoruaren %1,1ekin bertako energia behar guztiak asetzea lortuko litzateke. Lurra badago, eta eguzki-irradiazio eta haize nahikoa ere bai”.
Ikuspuntu ekonomiko hutsetik begiratuta ere, natur baliabideak dauden lekuan errentagarritasuna lor daitekeela ziurtatu dute adituek, “baita diru laguntzarik gabe ere”. Teknologikoki Enneraren eta energia berriztagarrien sektoreko gainontzeko enpresen helburua instalakuntzak erabiltzailearen beharretara egokitzea da. Energia mota hori “espekulatzeko” erabiltzeari ere utziko litzaioke, “kWh bakoitzagatik ez delako pagatuko”.