Unai Zubeldia
Dena hain azkar egin nahi dugun mundu honetan, film laburren mugimendua indartzen ari da “. Leire Lardizabal Topaguneko kide eta Laburbiraren arduradunak azaldu duenez, zortzi minutu nahikoak dira istorio bat kontatzeko. “Eta zortzi istoriorekin goza daiteke film bat ikusteko behar den denboran”.
Herenegun hasi zen Laburbira, euskarazko film laburren zikloa; emanaldi bana eskaini zuten Bergaran, Ordizian, Azpeitian eta Lazkaon, eta martxoaren 27an amaituko da, Arrasateko Amaia antzokian. Tartean, 29 herri eta hiritan egingo du geldialdia; Gipuzkoan daude horietatik hamabost. Londresen —gaur— eta Parisen —martxoaren 11n— ere izango dira emanaldiak; apirilean, emanaldi berezi bat eskainiko dute Valentzian (Herrialde Katalanak), eta maiatzean beste bat Getarian. Irunen eta Arrasaten, berriz, zuzendariekin solasaldia izango da, film laburrez gozatu aurretik.
Euskara elkarteei kultur eskaintza eskura jartzea da Topagunearen erronka, haiek gero herrietan eskain dezaten. Eta, hain zuzen ere, behar horri erantzun nahian sortu zen Laburbira, 2004an. “Noski, film laburrak euskaraz egiten dituzten zuzendari horiei erakusleiho bat eskaintzea ere bada zikloaren helburua”, zehaztu du Lardizabalek. “Zikloak izugarrizko garapena izan du azken hamabost urteotan; formatuaren aldetik, batez ere. Lehen, zinta analogikoekin ibiltzen ziren batetik bestera, eta gaur egun, berriz, nahikoa izaten da film muntaketa deskargatzeko link bat. Horri esker, ate asko dauzkagu zabalik”. Laburbira zirkuitua Londres, Paris edo Valentziara eramatea, esaterako.
Iraupen eta genero askotako film laburrek osatu dute aurtengo Laburbira. Iraupenari dagokionez, 15.16 minutu dauzka, esaterako, Izaskun Arandiaren Night Shift lanak, eta 3.50 Amaia Otaola eta Oihane Zunzunegiren Higadurak film laburrak. “Gaiei dagokienez, berriz, zuzendariek askotarikoak landu dituzte aurten ere, eta gaurkotasun handikoak dira guztiak”, zehaztu du Lardizabalek. “Harreman homosexualak, zaintzaren gaia, euskararen transmisioa, memoria historikoa… Estilo desberdinekoak dira, eta mamia daukate; oso kontakizun onak dira”. Zortzi film laburrak elkarren segidan eskainita, 77 minutuko emanaldia izango da guztira.
Oso zuzendari gazteak
Euskaraz egindakoak izan behar dute film laburrek, 2015etik hona ekoitzitakoak, fikziozkoak, eta hemezortzi minututik beherakoak. Irizpideak, berriz, ondorengoak dira: publiko guztientzako lanak izatea, sortzaile berrien eta izen handikoen artean oreka egotea, sortzaileen lurralde eta genero aniztasuna bermatzea, genero ikuspegia zaintzea, euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak izatea, sentsibilizazioa lantzea…
Zuzendari gazteenentzat “aukera ona” da Laburbira. “Eta, hain zuzen ere, horixe ari gara azpimarratzen aurten: 2018koa gazteen edizioa dela”. Lardizabalek zehaztu duenez, 30 urtetik behera dituzte aurtengo Laburbiran parte hartuko duten zuzendarietatik zazpik. “Eta zazpi horietatik bost 20-25 urte artekoak dira. Abiapuntu modukoa da askorentzat, eta oso albiste ona da guretzat”.
Urte osoko lana eskatzen du film laburren aukeraketak. “Eta 2018an, urte guztian zehar, 2019ko Laburbirarako film laburrak bidaltzeko gonbita egin nahi diegu zuzendari guztiei”.
Leave a Reply