Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak pauso “erabakigarria” eman du aste honetan bertan, Gipuzkoan posible izan dadin 2013. urtearen hasieran txartel bakarra izatea garraio publikoa erabiltzeko. Iñaki Arriola Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak —Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburua ere bada— hitzarmen bat sinatu du aste honetan Indra eta Teknatrans enpresetako arduradunekin; enpresa horiek arduratuko dira Gipuzkoako garraio enpresen sistema teknologikoak egokitu eta bateratzeaz. Garatuko duten eredua, hain justu ere, Lurraldebus txartelaren ereduan dago oinarrituta.
Akordioaren azken helburua sistema bat ezartzea da, non zenbait garraio modu eta operadore bateratuko diren; alegia, honako hauek bateratzea: tren eta errepide bidezko garraio publikoa, Renfe, Euskotren, Lurraldebus, D-Bus eta Irungo, Errenteriako eta Arrasateko hiri barneko autobusak. Horri esker, txartel bera erabili ahal izango da trenean zein autobusean, eta garraio konpainia ezberdinetan egindako bidaiak batu egingo dira deskontu eta abantaila handiagoak lortze aldera. Tren eta autobus aldaketa ere posible egingo du txartel bakarrak, baita kolektiboen definizio bateratu bat ere —haurrena eta adinekoena—. Horrela, erabiltzaile guztiek baldintza berberak izango dituzte garraiobide denetan.
Garraio mota guztietarako ordainketa sistema bera erabiltzeko modua ere emango du txartel bakarrak, egun Lurraldebus autobusetan erabiltzen den ereduaren antzera. Bateratzearekin, eremuak eta haien araberako prezioak ere bateratu egingo dira. Hala, prezio bera izango du ibilbide bera trenez eta autobusez egiteak.
Lurraldebus Renfen
Txartel bakarra lortzeko bidean, beste urrats bat ere egin berri du Gipuzkoako Aldundiak; izan ere, iragan astelehenetik, Lurraldebus txartela erabil daiteke Renfeko txartelak erosteko orduan. Oraingoz, Renfeko leihatiletan soilik ordaindu ahal izango da txartel horrekin. Hala ere, uztailaren 1etik aurrera, makinetan ere erabili ahal izango da. Oraingoz, Renfeko txartel arruntak zein hileko txartelak erosteko baliatu ahal izango dute erabiltzaileek; gaur-gaurkoz, ordea, hitzarmen horretatik kanpo daude talde berezientzako Lurraldebus txartelak. Bestalde, oraingoz, erabiltzaileek Renferen tarifen arabera ordainduko dute; alegia, ez da ezarri tarifa bateraturik. Lurraldebus txartelarekin ordaindutakoa gero aldundiak ordainduko dio Renferi. Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailaren 20an sinatu zuen Renferekin zerbitzu hori eskaintzeko akordioa.