Lekurik gabe gelditu dira

Lekurik gabe gelditu dira

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoan azken urteetan gehien hazi den herrietako bat da Astigarraga. 4.600 biztanle zituen 2009an, 6.300 2017an, eta oraindik etxe gehiago eraikitzen ari dira. Donostia aldean etxerik erosi ezinda, bertara joan dira bizitzera bikote gazte asko. Jaiotza tasa asko hazi da, ondorioz; eta horrek arazoak, batik bat, herriko ikastetxe bakarrean eragin ditu. Astigarragako Herri Eskola matrikulatzen diren umeentzako lekurik gabe gelditu da.

Arazo hori aspaldi aurreikusi zuten bai udalak eta bai ikastetxeak. 2015ean eskola handitu zuten; besteak beste, sei gela berri, bigarren jangela eta erabilera askotarako areto bat eraiki zituzten. 1,17 milioi euroko obraren %55 Astigarragako Udalak ordaindu zuen, eta %45, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Baina hiru urtean handitze hori txiki gelditu zaiela azaldu du Oihana Dorronsoro Guraso Elkarteko kideak.

“Astigarragakoa hiru lerroko eskola izan da orain arte; baina, aurtengo matrikulazio datuak ikusita, datorren ikasturtean beste lerro bat izatea onartu du Hezkuntza Sailak; 2 urteko bost gela izango dira, eta gero lau izatera igaroko dira”. 2018-2019ko ikasturtean tokia izango dela dio Dorronsorok, baina, 2019-2020kotik aurrera ez dela tokirik izango. Jaiotza tasari erreparatuta, matrikulazioaren igoera ez da soilik bi urteko kontua izango, eta laugarren lerro hori hurrengo urteetan ere egonkortuko dela aurreikusten dute.

Lerro berririk gabe ere, ikastetxeak jada baditu toki arazoak. Psikomotrizitate gelan, adibidez, ez dago denentzako tokirik. “Hezkuntza Proiektuaren arabera, Lehen Hezkuntzako 2. mailakoek psikomotrizitatea izan beharko lukete, baina, tokirik ez dutenez, psikomotrizitate ordua galdu egiten dute, eta kiroldegira joaten dira, soinketa egitera. Hurrengo urtean, LH1ekoek ere ez dute psikomotrizitatea izango”.

Jangelan ere toki arazoak dituzte, eta kezka iturri handienetako bat da gurasoentzat. “Bi jangela daude. Handia, LHko ikasleentzat, eta txikia, Haur Hezkuntzakoentzat. Txikian jada toki arazoak daude, ez dira sartzen. Umeek bi txandatan bazkaltzen dute, baina bigarren txandan arazoak dituzte. Berez, 90 umerentzat dago tokia, eta otsaileko egunen erdietan kopuru hori gainditu da; hilabeteko jangela kuota ordaintzen dutenak 105 dira, eta hurrengo urtean gehiago izango direla uste dugu”.

Guraso Elkartea eta Astigarragako Udala ados daude ikastetxearen toki arazoari irtenbide bat bilatu behar zaiola. Baina bideek ez dute bat egiten. Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin negoziazioak egin ditu tartean, eta Hezkuntza Sailaren konpromisoa lortu dute 2019-2023 Hezkuntza Planean ikastetxearen beharrei erantzungo dien eraikin berri bat egiteko. “Baina, 2019an onartzen bada, ez dakigu noiz eraikiko duten, eta gu ezin gara egon 2023 arte zain”, dio Dorronsorok. Hura egin bitartean konponbide bat nahi dute gurasoek.

Adostasunik ez

Tarteko konponbide horretan sortu da kalapita. “Udalak konpromiso sendoa du Herri Eskolarekin, badakigu espazio arazoak dituela eta horri konponbidea jarri behar zaiola. Alternatiba posibleak aztertzen ari gara, baina arkitektoak ez du egoki ikusten Guraso Elkarteak planteatutakoa”, dio Nerea Zusberro zinegotziak.

Udan jangela txikia handitu eta eraikinaren egitura bigarren solairua altxatzeko egokitzea, eta hurrengo urteko udan bigarren solairu hori handitzea da Guraso Elkarteak mahai gainean jarri duen proposamena. “Horrela irailerako konponduta egongo litzateke jangelaren arazoa, eta 2019-2020ko ikasturterako gela berriak edukiko genituzke lerro berri horrek tokia izan dezan”.

Zusberrok dio 2015eko handitze obra egin zuen arkitektoari egin diotela proposamen horri buruzko kontsulta. “Obra hura EH Bildu gobernuan zela egin zen, eta orduko arkitekto berari galdetu diogu obra hori egoki ikusten duten. Ezetz esan digu, ez duela ikusten egingarria denik”. Hori horrela, udalak proposamen hori baztertu egin du, eta Guraso Elkartekoen haserrea piztu du. “Guri udalak esan zigun Eskolako Organo Gorenak eskatzen bazuen obra egingo zutela, eta Organo Gorenak handitzea eskatu zuen. Gainera, udaleko teknikariak egingarri ikusten du. Ez dugu ulertzen zergatik eman duten ezezkoa”, esan du Dorronsorok.

Ikastetxeko zuzendaritzari txostena eskatzea da udalaren hurrengo pausoa, eta txosten horren bidez ikastetxearen beharrizanak zein diren detektatzea. Epe zehatzik ez du jarri horretarako. Konponbidea lehenbailehen jartzearen garrantzia nabarmendu du, ordea, Dorronsorok. “Obra udan egin behar litzateke, eta horretarako proiektu bat jada esku artean izan beharko genuke”. Udala konponbidea atzeratzen ari dela uste du Guraso Elkarteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.