Unai Zubeldia
Kontzertuak, festak, erakusketak, merkatuak, DJ gauak, proiekzioak eta jendea alaitzen duen ia guztia antolatu eta jasotzen dugu hemen”. Horixe da Donostiako Dabadaba aretoaren aurkezpen txartela. “2014ko martxoaren 29a”. Sebastian Salaberrik, Dabadabako arduradunetako batek, ondo gogoan dauka lehen eguna. “Alex Lopez Allende eta biok 2013an hasi ginen Donostian lokalen baten bila, eta tribu gisakoa sortu genuen pixkanaka, hainbat lagun elkartuta”. Mundaiz kaleko 8. zenbakian lokala hartu, euren kasa berritu, eta “hiriari berritasuna eskaintzeko helburuarekin” ekin zioten bideari.
Bukowski kluba, Doka, Zikuta, Mogambo, NiMu kolektiboa… Lehendik ere aukera asko zegoen Donostian. “Baina Zikuta inguruan ibiltzen ginenoi gure espazioa falta zitzaigun lasai ederrean elkartzeko; hirian ez zegoen guri gustatzen zitzaigun musika zirkuitu osorik”. Gune bakoitzak oso eskaintza zehatza zeukala azaldu du Salaberrik. “Eta, larunbatetako kontzertuetara mugatu gabe, eskaintza hori zabaldu egin nahi genuen guk; kontzertuen sarea gizartetik urrunduta zegoela nabari genuen”.
Apirilaren 2ra arte, esaterako, ia egunero egongo da ekitaldiren bat Dabadaban, kontzertuak, DJ emanaldiak eta erakusketak tartean. Merkadabadillo delakoa ere antolatzen dute hileko lehen igandeetan, 12:00etatik 20:00etara, bigarren eskuko azoka modukoa; eta baita, naturarekin bat eginez, Glad Is The Day egun bateko jaialdia ere, Kristinaenea parkean. Le Bukowski aretoarekin eta Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatzen dute jaialdi hori, abuztuan.
Begirada zabalduta, komertziala dena eta ez dena, bikoiztasun horri ihes egiten saiatzen dira Dabadaba aretoan. Igandetik asteazkenera, 17:00etatik 23:00etara zabaltzen dituzte ateak; ostegunetan, 17:00etatik 01:00era; eta ostiral eta larunbatetan, 17:00etatik 04:00etara. 2014an, hiru bazkiderekin ekin zioten bideari, eta, Jon Ander Soto kudeatzaile eta administratzaileak zehaztu duen moduan, gaur egun hemeretzi langilek osatzen dute taldea. “Bazkide garenak, komunikazio arduraduna, zerbitzariak, garbitzaileak, soinu teknikariak, segurtasun arloan lanean aritzen direnak, txarteldegikoak…”.
Ohartzerako, lehen pausoak eman zituztenetik lau urte igaro dira jada, eta Dabadaba aretoan prest dauzkate biharko ospakizun kontzertuak —Internet bidez salgai daude sarrerak, eta aretoan bertan ere erosi ahal izango dira—. Melange eta Bas(h)oan taldeen emanaldiak izango dira lehenik eta behin, 21:00etan hasita, eta Acid Arab eta Frances Be DJen txanda iritsiko da gero, 23:30etik aurrera.
Pauso sendoak emanez, ateak irekitzearekin batera sona handia lortu zuen Dabadabak, eta Salaberriren ustez ez dago sekretu handirik atzean. “Gustu oneko jendeari gogotik lan egiten dutenak eta ausartak gehitu, eta horixe da emaitza”. Eroriz ikasi dute arrakastarako bidea zein den. “Hasieran ez genekien atzean zenbateko lana zeukan kontzertu bat eskaintzeak. Mundu horretan sartuta genbiltzan, bai, baina erabat sartutakoan ohartu ginen zenbat gauza lotu behar izaten diren”. Iñaki Castro produkzio buruak eta soinu teknikariak onartu duenez, euren bizimoduaren parte bihurtu dute Dabadaba. “Hemen bizi gara ia-ia”. Baina, egiten ari diren horretan sinetsita, erronka bat baino gehiago daukate etorkizunerako. “Urrutira joan gabe, Pasai Donibaneko kantina edo ostatua hartzera goaz, itsasargira bidean dagoena, eta berritu egingo dugu gune hori; ahal dugun leku guztietan musika sartzea da gure erronketako bat”.
Omar Souleyman, “gakoa”
Ehunka emanaldi eskaini dituzte lau urteotan, baina, Salaberrik onartu duenez, Omar Souleymanen kontzertuarekin “aldaketa handia” sentitu zuen berak. “Begiak irekitzeko gakoa izan zen kontzertu hura. Asko kostatu zitzaigun emanaldi hura lotzea, eta eromena izan zen. Beste eremu batean kokatu gintuen”. Sotok gaineratu duenez, entzuleek ere aldaketa sentitu zuten kontzertu harekin. “Kontzertu soiletik ikuskizun osora igaro ginen egun hartan, eta, neurri batean, hori da helburua”. Laborategi modura sortu zen Dabadaba, musika emanaldiei bestelako bideak eskaintzeko proiektu gisa, eta erantzun paregabea lortu du orain arte. Horrek hauspotuta, arduradunak “ilusioz gainezka” daude etorkizuneko erronkei heltzeko.
Leave a Reply