Ordua aldatu, ez bizimodua

Ordua aldatu, ez bizimodua

Unai Zubeldia

Ordu aldaketak bezainbesteko eragina edo are eragin handiagoa daukate, adibidez, atmosferako presioaren aldaketek, hego haizeak edo estresak berak”. Gurutz Linazasoro Gipuzkoa Poliklinikako neurologoak horregatik eskatu du “zentzuz” jokatzeko eta “gehiegi ez arduratzeko”. Martxoko azken asteburura iritsita, larunbatetik iganderako goizaldean egingo da udaberriko urteroko ordu aldaketa. 02:00etan 03:00ak izango dira. Ohi baino ordubete gutxiago izango du igandeak, beraz. “Eta izatez, traumatikoa da aldaketa; gorputzari pixka bat kostatzen zaio egokitzea. Baina neurria hartzea da kontua”.

Gipuzkoa Poliklinikako neurologoak “astebetera” luzatu du gorputza ordu aldaketara erabat egokitzeko denbora tartea. “Pertsona bakoitzaren arabera, bi eta zazpi egun artean behar izaten dira erabat ondo egokitzeko”. Linazasororen hitzetan, gizakien erritmo biologikoak arautzen dituzten garuneko mekanismoek denbora tarte hori behar izaten dute euren ohiko egoerara itzultzeko. “Erritmo zirkadianoak deitzen zaie horiei”.

Parametro biologiko, fisiologiko eta emozional batzuetan 24 ordu inguru irauten duten aldaketa ziklikoen multzoari deitzen zaio erritmo zirkadianoa. “Eta gorputzaren barruko erloju biologikoen gisakoak izaten dira. Logura, jateko gogoa, jarduera fisikoa… Hori guztia kontrolatzen dute, eta beharrezkoa da gorabeherak nabaritzen dituzten mekanismo horiek guztiak berriz egokitzea”.

Hain zuzen ere, erloju biologikoak nola funtzionatzen duen azaldu zuten hiru ikerlarik jaso zuten iaz Medikuntzako Nobel saria.

1918an egin zuten lehen ordu aldaketa, Alemanian, Lehen Mundu Gerran ikatza aurreztu ahal izateko, eta 1974an orokortu zen ohitura, petrolioaren krisiari erantzun nahian. Eguneko argia hobeto baliatzea eta energia aurreztea, horiek dira gaur egungo bi erronka nagusiak, nahiz eta kontrako iritziek ere indarra hartu duten denboraren poderioz.

Ordu aldaketaren eragin psikologikoa neurtzen hasita, “erresilientziaren garrantzia” aipatu du Javier Bravo psikologoak. “Trauma edo arazo larriren bat igaro ondoren geurezko egoera berreskuratzeko daukagun gaitasuna da erresilientzia”. Gizakiek muturreko egoeretara modu positiboan egokitzeko daukaten ahalmena, alegia. “Erresilientzia hori gainditzea eta berreskuratzea lortzen badugu, gure kemena mantentzen ikasiko dugu, eta, kasu horretan, kanpoko arazoei aurre egiteko gaitasuna izango dugu; bestela, ez”, ondorioztatu du Bravok.

Neurologia arlora jauzia eginda, Linazasorok azaldu du argia dela gizakiaren erritmo biologikoa arautzen duen ezaugarri garrantzitsuenetakoa. “Argiak lotura zuzena dauka melatonina hormonarekin, eta hormona horrek zuzenean eragiten du loaren ziklo naturalean”, zehaztu du Linazasorok. “Baita serotoninak ere, hormona horrek lotura zuzena daukalako argitasunarekin eta iluntasunarekin”. Igande goizaldean ordu aldaketa eginda, gerta liteke igande gauean lotarako ohiko ordua iristean gorputzak halakorik ez sentitzea. “Erabat normala da gorabehera txiki horiek izatea”.

Hori bai, uste batzuen kontra, neurologoak ez du uste ordubeteko ordu aldaketarekin ugaritu egiten direnik osasun arazoak. “Badakit ikerketa batzuen arabera aldaketarekin hazi egiten dela, adibidez, bihotzekoak izateko arriskua, baina ez dut uste kontu hauek muga horretaraino eraman behar direnik”. Gipuzkoa Poliklinikan ez dute nabaritu kontsulta gehiago izaten dutenik bi ordu aldaketen garaian. “Guk ere ohiko kontsultak izaten ditugu urte sasoi honetan; ez gehiago, eta ez gutxiago”, adierazi du Bravok.

Martxoan eragin handiagoa

Ordulariak ordubete aurreratzen dira martxoan, eta ordubete atzeratu urrian. “Aldaketen ezaugarriengatik, martxokoak eragin handiagoa izaten du gizakiengan”, adierazi du Bravok. “Lehenik eta behin, ordu bat gutxiago lo egiten dugulako. Horrez gain, udaberrian jende askok nabaritzen du baxualdia”. Linazasorok gaineratu duenez, hegazkinean bidaia egitean ere, normalean, gorputzari gehiago kostatzen zaio mendebaldera joandakoan izaten den ordu aldaketara egokitzea, ekialdera joandakoan izaten denera egokitzea baino. “Baina, beste batzuen kasuan, askoz gehiago nabaritzen dute Txinara bidaia egiten dutenean, adibidez. Gorputz bakoitzaren araberakoa izaten da erloju biologikoen gorabehera hori”. Bidaiarien larruan sartuta, bidaia luzeen eraginez izaten den jet lag-aren edo ondoezaren antzekoa da ordu aldaketaren eragina. “Baina askoz neurri txikiagoan”.

Linazasorok azaldu duenez, haurrek, helduek eta adinekoek ez dute berdin jasaten eragina. “Haurrei eta adinekoei askoz gehiago kostatzen zaie, eta eurek sufritzen dute gehien aldaketa. Eta, noski, gaixotasunen bat daukatenek ere gorabehera gehiago izaten dute martxoko eta urriko ordu aldaketekin”. Loarekin arazoren bat dutenek, epilepsiak edo migrainak izaten dituztenek… “Pertsona batzuentzat oso garrantzitsuak dira ordena eta ohiturak”. Ordu aldaketak haurrengan izaten duen eragina hizketagai hartuta, xehetasun bat gehitu du Bravok: “Familia bakoitzaren egoera. Familiako harremanak osasuntsuak badira, orekatuta egongo dira haur horiek. Horren araberakoa ere bada eragina, eta gutxitu egingo da, norbera ondo dagoenean askoz gutxiago eragiten duelako edozein aldaketak”. Haurrekin eta adinekoekin batera, psikologoak “gauez lan egiten dutenak” sartu ditu gehien kaltetuen zakuan. “Ziklo zirkadianotik kanpo ibiltzen dira horiek”.

Askotarikoak izaten dira ordu aldaketak kalteren bat eragin izanaren sintomak: erabakiak hartzeko nahasmena; gaueko loaren nahasmena eta egun argiz logura; kontzentratzeko zailtasuna; nekea; gauzak gogoratzeko zailtasuna; erraz haserretzeko joera; haurrengan, ordutegi berrira egokitzeko zailtasuna, nekea eta umore txarra; buruko mina… Horren jakitun, Linazasorok aholku txiki bat eman du biharko ordu aldaketa ahalik eta ondoen barneratzeko: “Ordu hori pixkanaka-pixkanaka irabaztea edo galtzea komeni da; astean zehar halakorik egin ez badugu, hurrengo astean, ahal dela, eguneroko ohituren zerrendan egunero bost-hamar minutu irabaziz joan”.

Neurologoak gaineratu du garunaren osasunean “kritikoa” izaten dela aldaketaren abiadura. “Aldaketak pixkanaka-pixkanaka eginez gero, gizakia ondo egokituko da egoera berrira; aldaketa bat-batekoa bada, berriz, askoz gehiago kostako zaio erritmo berrira egokitzea”. Bravok “lasaitasuna” eskatu die herritarrei. “Mantendu ohiko bizi erritmoa; ordua aldatuta ere, ez aldatu bizimodua. Gorputza berehala ohituko da aldaketara; saiatu orekari eusten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.