Eider Goenaga Lizaso
Aurten 41 urte bete dira Oiartzunen Mamut ireki zutela. “Hura izan zen Gipuzkoako lehen merkataritza gune handia. Garai hartan, kalte pixka bat egin zuen, baina artean bazegoen denen artean banatzeko adinako merkatua. Gerora, ikaragarria izan da zentro horien eztanda, eta dendari txiki asko ito ditu horrek”. Gipuzkoako merkatari eta ostalari txikien elkarteak batzen ditu Dendartean elkarteak, eta horren lehendakariorde da Bittor Lizarribar; Gipuzkoan merkataritza gune gehiago egiteak sor dezakeen kalteaz aritu da.
Izan ere, Usurbildik hasi eta Hondarribia bitartean, merkataritza gune handiek 180.000 metro koadro hartzen dituzte gaur egun. “Hori jada gehiegi da, baina, gainera, gehiago eraiki nahi dituzte. Garbera handituko dute, Hondarribian Zaldunborda dago, Ilunbe, Belartza II… Tantaz tanta uholdea egiten ari dira, eta merkatariak erabat itota gaude”.
Merkataritza guneak handitu edo berriak eraikitzea arautzen duen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) berrikusteko prozesua egiten ari da Eusko Jaurlaritza; proposamen bat aurkeztu du, eta martxoaren 31 arteko epea zabaldu du iradokizunak, proposamenak eta alternatibak aurkezteko. Izan ere, 2015ean Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen aurreko LPSa, Europako Batasuneko Zerbitzuen Zuzentarauaren (Bolkestein araua esan ohi zaio) eta lehia librearen aurka egiten zuela ebatzita. 2004koa zen LPS hura, eta 25.000 metrotan zehazten zuen merkataritza guneen gehienezko azalera.
Auzitegi Gorenak bi merkataritza gune handik jarritako helegiteari erantzunez kaleratu zuen epaia; horietako bat Garbera zen, eta bestea Bilbondo (Basauri, Bizkaia). Donostiako merkataritza guneak 18.000 metro ditu, eta 2004ko LPSak mugatu egiten zuen beste 36.000 eraikitzeko asmoa. Epaia kaleratuta, Jaurlaritzak zabaltzeko muga guztiak kendu zituen, eta tarte horretan zera lortu du Garberak: merkataritza gunea handitzeko proiektuak aurrera egitea.
Baina eten hori ez du Garberak bakarrik baliatu; Gipuzkoako ipar-ekialdean beste hainbat egitasmo ere badaude mahai gainean. EH Bilduk udalez udal eskuratu du egitasmo horien inguruko informazioa, eta, joan den astean emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, beste 200.000 metro koadro joango lirateke proiektu horiek aurrera eginez gero. Hala, Eusko Legebiltzarrean merkataritza guneak handitzea eta eraikitzea eragotziko lukeen “moratoria” bat eskatu du, LPS berria onartu bitartean.
Dendartean-ek ere gauza bera nahiko luke. “Gure eskaera da gehiago ez eraikitzea. Hamar urte baino gehiago daramatzagu epaitegietan, halako proiektuak gelditzen saiatzen. 2009an, lortu genuen Garberakoa gelditzea, baina ezin ditugu guztiak gelditu. Ikusiko dugu zertan gelditzen den Lurralde Plan Sektoriala, baina, dirudienez, egiten ari direnak ez du askorako balio”, esan du Lizarribarrek.
EH Bilduk, moratoriaz gain, LPS berriak 2004ko irizpideak jasotzea eskatu du; 25.000 metro koadroko gehienezko muga horri eustea, alegia. Iker Casanova legebiltzarkidearen aburuz, badaude hori egiteko moduak Bolkestein arauari eta Gorenaren ebazpenari kontra egin gabe. “Lehia irizpideak erabili beharrean, lurralde antolaketa irizpideak eta ingurumen irizpideak jar daitezke muga hori argudiatzeko, eta horrek ez du Zerbitzuen Zuzentaraua urratzen”. Ildo horretan aurkeztu dizkiote alegazioak Jaurlaritzaren proposamenari.
Hiru aukera posible
LPSa berritzeko, Jaurlaritzak hiru alternatiba posible jarri ditu mahai gainean: lehena Gorenaren ebazpena hitzez hitz betetzea da, eta herri eta hirien periferian merkataritza guneen eraikuntzarako muga guztiak ezabatzea; bigarrena, hirien kanpoaldeko merkataritza guneak mugatzea, eta merkataritza jarduera hori hiri barruetara eramatea; hirugarrena, merkataritza guneak hirigunetik kanpo eraikitzeko baimena ematea, baina baldintza gisa ezarriz, adibidez, ez dela errepide berririk egingo haietara iristeko.
Casanovaren aburuz, “merkataritza gune handi gehiago eraikitzeari alfonbra gorria jartzea” da hori, merkatari txikiei “zartakoa” ematen zaien bitartean.
Lizarribar ez dago oso itxaropentsu. “Erakundeekin biltzen garenean, bai Jaurlaritzarekin eta batez ere udalekin, beti hitz politak izaten dituzte guretzat; merkatari txikiaren alde daudela, gu laguntzeko daudela… Baina gauzak aldatu egiten dira gu atetik atera bezain pronto”. Ildo horretan, adibide gisa esan ditu Donostiako Udalak Garbera egiteko baimena eman izana eta Hondarribiko Udalak Zaldunbordan egin nahi duen Outlet erraldoia babestea. “Onura ekarriko duela esaten dute, ez dakit zenbat enplegu berri sortuko dituela; eta, azkenean, propio aldatzen dituzte hirigintzaren ordenamendurako arauak, merkataritza gune handiei atea irekitzeko”.
Lizarribar oso kritikoa da merkataritza gune handiak eraikitzerakoan eta baimentzerakoan ematen den diskurtsoarekin. “Gezur asko daude diskurtso horren atzean, edo, gutxienez, manipulazio handia. Oso ondo aztertuta dute herritarrei nola saldu halako proiektu bat. Garberarekin, adibidez, biribilgune berri bat beraiek eraikiko dutela eta bidegorri bat oparituko dutela diote. Opari, nola opari? Nik kalkulatzen dut operazio horrekin sustatzaileak 35 milioi euroko irabaziak izango dituela; zer inportako zaio hari bost milioi euro jartzea, bidegorri bat eta biribilgune bat egiteko?”.
Dendartean-eko lehendakariordeak enpleguaren argudioari ere eutsi dio. “Enplegua? Sortu baino gehiago suntsitzen da. Datuek diote sortzen den lanpostu bakoitzeko bi suntsitzen direla. Eta sindikatu batzuek esaten dute hiru edo lau galtzen direla. Baina sortuko diren lanpostuez hitz egiten dute soilik, ez suntsitzen direnez”. Hornitzaileez ere hitz egin du. “Guk gure hornitzaileak ditugu, eta hornitzaile horiek ere larri dabiltza. Gune handi horiek hornitzeko modua beste bat da; sistema propioa dute, hornitzaile txikirik ez dute erabiltzen… Datu hori ere ez da ematen”.
Enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna ere auzitan jartzen ditu, eta prekarizazioa agerikoa dela baieztatu du. “Baldintzak eskasagoak dira, hori denok dakigu. Merkataritza txikian lanpostuak egonkorragoak dira; halako zentroetan arazorik gabe kentzen dute langile bat beste bat jartzeko, eta denda txikietan ez da hori gertatzen. Denda txiki batean ari denak denetarik egin behar du: diru kontuak eraman, hornitzailearekin hitz egin, bezeroaren aurrean jarri… Eta hori ordezkatzea ez da erraza”.
Lizarribarrek gaineratu du gune handi gehiago irekitzearen ondorioak epe ertain eta luzera antzematen direla. Ingurumenari dagokionez, esan du horrek errepide gehiago eraikitzea dakarrela, baita auto gehiago mugitzea eta kutsadura handitzea ere. Dendari txikiei dagokienez, azaldu du kontsumo ohiturak pixkanaka aldatzen direla. “Gune handi bat irekitzen dutenean, hasieran kolpe handia izaten da, berritasunagatik, eta gero datuak lehengoratu egiten dira. Baina, pixkanaka-pixkanaka, bezeroa ohitu egiten da gune berri horretara, kontsumo eredua aldatu egiten da, eta horrek itotzen du dendari txikia”.
Erosotasuna ezbaian
1997an ireki zituzten Garbera eta Txingudi; Urbil, berriz, 2000. urtean. Pixkanaka gune gehiago ireki dira, eta erosotasunaren ideia saltzen duten arren, Lizarribar ez dago ados. “Lehengoan, eskuila bat erosi nahi nuen, eta lagun batek esan zidan ‘burdindegi batera joan beharko duzu’, baina burdindegirik ez gertu. Beraz, gune handi horietako batera zoaz, autoa hartuta, noski, eta han, korridorez korridore ibili ostean, eskuilak aurkitzen dituzu, dozenaka mota, eta ez dakizu zein aukeratu. Erosi eta etxera buelta”. Lehen hamar minutuan egiten zena, orain ia ordubetean.
Kaleak dendaz husteak jendez hustea ere badakarrela dio. “Izan ere, dendak badaude, jendea kalean ibiltzen da enkargutan; umeak, helduak, adinekoak, kalean ibiltzen dira”. Lizarribarrek argi du dendariak herriaren kohesiorako tresna direla. “Gainera, iluntzean, dendarik gabeko kale bat beldurgarria ere izan daiteke”. Halaber, adineko pertsonentzat “ezinbesteko” jotzen du dendak gertu edukitzea. “Adineko pertsona bati ezin diozu eskatu autoa hartzeko edozer gauza erosterakoan; askok ezin dute”.
Lizarribarrek ez du ulertzen zergatik handitu nahi dituzten merkataritza guneak eta zergatik eraiki nahi dituzten gehiago. “AEBetan, halako guneak sekulako gainbehera ari dira sufritzen; hemen, berriz, gehiago eraiki? Gune handien sorrerak ohiturak aldatu zituen moduan, orain berriro ari dira ohiturak aldatzen. Arropak eta halako gauzak gero eta gehiago erosten dira Internetez, baina, bestalde, eguneko eta asteko erosketak gertuko dendetan egiten dira gero eta gehiago. Agian ez denda txikietan, baizik eta elikadura kate handiek herri eta hirietan jarritakoetan; baina berriz herrian kontsumitzera itzultzea da joera”.
Leave a Reply