Mundua golez bete zuen gipuzkoarra

Futboleko baloia bezain biribila da ehun zenbakia, eta, urteez hitz egitean, oroimena freskatzeko garaia ekartzen dute gogora. Isidro Langara futbolaria Pasaian jaio zela mende bat bete zen asteartean, maiatzaren 15ean. Gipuzkoar gehienentzat ezezaguna da, ordea, munduko hiru futbol konfederaziotan —Europa, Hego Amerika eta Ipar Amerika— golegile gorena izatea lortu zuen munduko lehen jokalaria. Gutxi gogoratzen dira, esaterako, Andoaingo Euskaldunan jokatu zuela. Argentinako Clarín egunkariak, ordea, 2009. urtean El vasco que llenó el mundo de goles idazkia argitaratu zuen (Mundua golez bete zuen euskalduna).

Hainbat iturrik maiatzaren 25ean jaioa dela dioten arren, egiaz, 1912ko maiatzaren 15ean jaio zen, Pasaian, Isidro Langara Galarraga. Haurra zela, Andoainera lekualdatu eta bertan hasi zen futbolean. Informazio iturrien araberakoa da Langarak jokatu zuen taldeen multzoa, baina gehienek esaten dute Andoaingo Euskalduna kirol elkartean eta Tolosa futbol taldean jardun zuela. Aipatzen diren beste izenen artean Bildur Gutxi, Pasaiako Siempre Adelante eta Donostiako Esperanza daude.

Andoaingo Euskaldunan, zaharrenek gogoratzen dute Langararen izena, nahiz eta jokatzen ez zuten ikusi. “Zaharrenok soilik gogoratzen dugu; denbora gutxi eman zuen hemen, eta oroigarririk ere ez daukagu”, azaldu du elkarteko idazkari Javier Zatarainek. Andoaindik Tolosako taldera igaro zen.

Oso ondo egingo zuen Langarak Gipuzkoako taldeetan; izan ere, Asturiaseko (Espainia) Real Oviedo taldeak fitxatu zuen 1930. urtean. 18 urte zituen.

Oviedotik Oviedora

1930etik 1936ra arte, Real Oviedon aritu zen gipuzkoarra. Besteak beste, haren golei esker Lehen Mailara igo zen taldea. Bertan jokatu zuen lehen denboraldian gol gehien sartu zien jokalaria izan zen: 27 sartu gol sartu zituen parte hartu zuen hemezortzi partidatan. Urte batzuk geroago, atzera begira emandako ohorezko Pichichi saria jaso zuen, eta baita 1934-1935 eta1935-1936ko denboraldiei zegozkienak ere. Gaur egun, Langaren izena gogoan dute talde horren webgunean, eta hiri horretako La Nueva España egunkariak maiz argitaratzen ditu Langara eta egungo jokalariak alderatzen dituzten artikuluak. Horren adibide dira Langara, mejor que Messi (Langara Messi baino hobea, 2010-03-25) eta El record de Langara, intacto (Langararen marka, hautsi gabe, 2011-10-24).

Egunkari horrek berak 2001. urtean argitaratutako De Fozaneldi al Parque del Oeste liburuan, horrela deskribatu zuten Langara: Ikaragarrizko gihar indarra eta aukeratuen malgutasuna. Gerrialde estua. […] Bi hankak erabiltzen zituen; eta, horrenbestez, ezin jakin Langara ezkerra edo eskuina zen”.

Kirol emaitzek eta aipaturiko dohainek Espainiako hautatzaileen arreta harengana erakarri zuten, eta Espainiako selekzioarekin hamabi partida jokatu zituen: orotara hamazazpi gol sartu zituen. Horiek guztiak, 1936. urteko gerra hasi baino lehenago.

Urte horretan hasi zuen Langarak euskal selekzioarekin egindako ibilbidea, Europan hasieran eta Ameriketan ondoren. Selekzioa Mexikoko liga amateurreko partaide bilakatu zen 1938-1939ko denboraldian, Club Deportivo Euzkadi izenarekin.

Taldea denboraldi amaieran desegin zen, eta Langarak Argentinarako bidea hartu zuen, San Lorenzo Almagro taldearekin jokatzera. Kronika guztiek diotenez, iritsi zen egunean bertan, bazkal ondoren, partida bat jokatu zuen talde berriarekin, eta lau gol sartu zizkion River Plate aurkari ospetsuari. Lau denboraldi egin zituen han: 121 partida jokatu zituen, eta 110 gol sartu.

1943. urtean, Mexikoko Liga Profesionala sortu zuten, eta Langara hara lekualdatu zen, Real Club Españarekin jokatzeko; hura, desagerturiko Club Deportivo Euzkadiren moduan, 1936ko gerra ondorengo jokalari erbesteratuek osatu zuten.

Mexikoko taldean emandako urteetan, Liga eta Kopa txapelketa bana irabazi eta bi aldiz izan zen denboraldian gol gehien sartutako jokalaria. Hala eta guztiz ere, 1946an Oviedora itzuli zen. Asturiasen bi denboraldi eman zituen, 1948an futbolean jokatzeari utzi zion arte.

Atlantikoa berriz gurutzatu, eta Mexikon, Txilen eta Argentinan jardun zuen entrenatzaile. Mexikoko Puebla taldearekin lortu zituen emaitzarik nabarmenenak: haren gidaritzapean eskuratu zuen 1953ko kopa. Euskal Herrira itzuli zen, ordea. 1992. urtean hil zen, Andoainen.