Felipe Uriarte: “Belaunaldi gazteek joera gutxi dute gauzak konpontzeko”

Felipe Uriarte: “Belaunaldi gazteek joera gutxi dute gauzak konpontzeko”

Eider Goenaga Lizaso

Telekomunikazioen arloan egin zuen lan Felipe Uriartek (Barakaldo, 1944), eta aparailuak desmuntatzea, barrutik nolakoak diren jakitea eta konpontzea zaletasun izan du beti. Orain, erretiroa hartuta, hilean arratsalde bat hartzen du horretarako. Bergarako Kafe Konpon egitasmoaren barruan, bost bat lagun elkartzen dira, herritarrek eramaten dituzten aparailuak konpontzeko. Aparailuen %80 inguru konpontzen dituztela dio, eta “satisfazio handia” ematen duela jabeari aparailua konponduta itzultzeak.

Nola sortu zen Kafe Konpon?

Kide batek ekarri zuen lehen ideia, Iñaki Alberdik. Asko bidaiatzen zuen, eta Herbehereetan ikusi zuen gisa honetako taldeak zeudela. Jendea elkartzen zen toki batean, eta hondatutako tresnak konpontzeaz gain, konpontzen erakusten zuten. Ideia gustatu zitzaion, eta proposamena egin zigun hainbat laguni Bergaran gauza bera egiteko. Halaxe hasi ginen, 2013ko udaberrian.

Nola egiten duzue lan?

Hileko bigarren asteazkenean elkartzen gara, San Joxepe adinekoen egoitzan. Bost bat lagun aritzen gara konpontzaile lanetan, erretiratuak denak. Nik betidanik izan dut gauzak desmuntatu eta konpontzeko zaletasuna, txiki-txikitatik, eta nik erakutsi diet beste kideei. Gauzak desmuntatu eta barrutik ezagutzeko jakin-min hori barruan eramaten den zerbait da; gure etxeko tresna gehienak nik konpondu izan ditut beti. Orain, besteei laguntzeko erabiltzen dugu ezagutza hori.

Eta zer motatako aparailuak eramaten dizkizuete?

Denetik: plantxak, txigorgailuak, berogailuak, kafe makinak, irratiak, xurgagailuak, CD irakurgailuak, garai bateko hi-fi dorreak, paper birringailuren bat ere konpondu dugu, daratuluak, antzinako gramofonoak, anplifikagailuak, lurrunarekin garbitzeko makinak, bizarra kentzekoak, kablerik gabeko telefonoak… Ezinezkoa litzateke denak esatea.

Eta horietako zenbat konpontzea lortzen duzue?

Garai hobeak eta okerragoak izaten dira, baina esango nuke gure eskuetara heltzen diren aparailuen %80 inguru konpontzen ditugula. Bestalde, bost urte igaro ostean, oraindik ere zenbaitetan harritu egiten gara ekartzen dizkiguten tresnekin; inoiz ikusi gabekoak izaten dira batzuk. Baina, aparailuen funtzionamenduari buruzko ezagutza orokorra badugunez, askotan lortzen dugu horiek ere konpontzea.

Eta gaur egungo aparailu elektronikoak eramaten dizkizuete?

Bai, eta, normalki, plaka elektronikoa duten aparailu horiek dira konpondu ezin ditugunak. Hondatzen bada, plaka osoa ordezkatu behar duzu, eta oso zaila da ordezkoa aurkitzea. Tamalez, plaka elektronikoa izaten dute egungo tresna moderno gehienek. Bestela, matxura sinpleak izaten dira gehienetan; entxufea, elikatze iturria, fusibleren bat…

Eta konpondu ezin dituzuenak zaborretara doaz, noski…

Gehienetan horixe esaten digu guregana etortzen denak: “Zuek konpondu ezean, zuzenean zakarrontzira botako dut”. Gure helburua da hori saihestea, eta, esaten dizut, askotan lortzen dugu. Eta lorpen hori guretzat pozgarria bada, jabearentzat are pozgarriagoa. Satisfazio handia ematen du aparailuaren bila etortzen direnean konponduta dagoela esateak. Adineko emakume asko etortzen dira, adibidez, sukaldeko irrati txikia hondatu zaielako. Normalki ez da zaila izaten, eta zenbat musu jasotzen ditugun trukean… Esker oneko lana da.

Eta aparailua eramaten duenak bertan gelditu behar du nola konpontzen duzuen ikusteko eta ikasteko?

Polita litzateke, baina ez dugu horretarako nahikoa toki. Gehienek arratsalde hasieran ekartzen dute aparailua, eta iluntzean etortzen dira bila. Beste batzuek badute interesa, eta gelditu egiten dira nola konpontzen ditugun ikusten.

Hileko bigarren asteazkena iristen denean, ez duzue jakiten, beraz, nolako lana izango duzuen zain?

Ez, eta inoiz gertatu zaigu hara iristea eta kanpoan jende pila bat egotea ilaran. Ez da ohikoa, hala ere. Normalean, etortzen direnean, diagnostiko bat egiten diegu, gainetik begiratuz zein izan daitekeen arazoa. “Hau azkar konponduko dugu”, esaten duzu, baina gero, hasten zara desmuntatzen eta askotan lan gehiago ematen du desmuntatzeak konpontzeak baino.

Lan dezente izaten duzue, beraz.

Bueno, egunak daude. 16:30ean hasten gara, eta, batzuetan, 19:00etarako bukatzen dugu; beste batzuetan, 21:00ak arte egoten gara. Umeek oporrak dituztenean, adibidez, jende gutxiago etortzen da, aitona-amonak umeak zaintzen aritzen direlako.

Adineko jendea da gehien joaten zaizuena, beraz?

Denetik izaten da, gazteak ere bai; baina, oro har, 40-50 urtetik gorako jendea izaten da, eta, agian, adinekoak gehiago, bai.

Hori zergatik da? Gazteek errazago botatzen eta ordezkatzen dituzte gauzak?

Bai, belaunaldi gazteagoek joera gutxi dute gauzak konpontzeko; badago belaunaldien arteko ezberdintasun bat. Gazteek ez diote oinetakoari zola konponduko, berriak erosiko dituzte; adin batetik aurrera, errazago joaten dira zapata konpontzailearengana. Baina garai batean hala izaten zen; inori ez zitzaion bururatzen etxeko tresna bat zaborretara botatzea aurrez konpontzen saiatu gabe.

Beti esaten da lehengo tresnek gehiago irauten zutela. Hala da?

Dudarik gabe. Elektronika sartzeak zaildu egiten du edozer konpontzea. Baina, horrez gain, maiz pentsatu izan dut aparailu batzuei behar baino sistema elektroniko konplexuagoa jartzen dietela. Ez dakit zer dagoen horren atzean; agian, helburua horixe da, konpondu beharrean jendeak berria erostea. Bestalde, egia da gauzak proportzioan merkeagoak direla, eta horrek erraztu egiten duela berria erostea.

Konpontzeko garaian, zer atsegin duzu gehien? Eta gutxien?

Irrati zaharrak konpontzea asko gustatzen zait; eta plantxak, batere ez. Plantxen mundua izugarria da, ez daude bi plantxa berdin, eta desmuntatzea izugarri zaila izaten da. Norbait plantxa batekin datorrela ikusten badut, “ez, mesedez” esaten diot neure buruari. Baina, taldekideek badakitenez, beraiek hartzen dituzte plantxak, eta desmuntatu ondoren pasatzen dizkidate niri, konpontzeko.

Donostian, Tabakaleran, zuenaren antzeko tailerra egiten dute; ezagutzen duzu?

Bai. Hiruzpalau aldiz joan izan naiz hara lanera. Gurean baino aukera zabalagoa dute han; bizikletak konpontzen dituzte, telazko gauzak ere bai, 80 urtetik gorako gizon bat aterkiak konpontzen aritzen da… Baina guretik hartu zuten ideia. Donostia 2016ren harira etorri ziren guregana, egiten genuena gustatu zitzaielako, eta hortik sortu zuten beraiena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.