“Alderdikeriak utzita”, neurri eske

“Alderdikeriak utzita”, neurri eske

Unai Zubeldia

Kezkatuta daude usurbildarrak. “Kezkatuta eta akituta”, zehaztu du Maider Usabiagak, Puntu beltzik ez, Usurbil seguru eta jasangarria orain plataformako kideak. “Gutako askok gure bizitza egunero arriskuan jarri behar izaten dugu lanerako edo ikastetxerako bidean, eta baita aisialdiko ibilaldietan ere”. Trenbide sareak eta N-634 errepideak Usurbil alderik alde zeharkatzen dute gaur egun, eta istripu larri asko izan dituzte azken urteotan; iazko urrian azkena, Troiako pasabidean —Manuel Diaz usurbildarra hil zen, auto batek harrapatuta—. “Aspaldiko kontua da hori, baina gauzek bere horretan jarraitzen dute. Horregatik gaude hain kezkatuta eta haserre. Herri jasangarria eta segurua nahi dugu”.

“Alderdikeriak alboratuta”, herritarren ezinegonari elkarlanean erantzuna emateko eskatu diete Puntu beltzik ez, Usurbil seguru eta jasangarria orain plataformako kideek Usurbilgo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Martxoaren 17an egin zuten lehen agerraldi jendetsua, herrian bertan, eta martxoaren 22an batzarra egin zuten, hurrengo asteetako lan ildoak zehazten hasteko. Usabiagak onartu duenez, azken aste eta hilabeteotan “itxaropen pixka bat” izan dute herritarrek. “Udalak, aldundiak eta Eusko Trenbide Sareko arduradunek bilerak egin izan dituzte azkenaldian, eta bazirudien guneren batean, behingoz, neurriren bat hartuko zutela. Baina, tamalez, ez da hala izan”.

Plataformak herriko bost gune zerrendatu ditu arriskutsuenen multzoan: Troiako pasabidea, batetik. “Errepidea eta trenbidea, biak gurutzatu behar izaten dira, hurrenez hurren, eta gune horretan ez dago inolako babesik. Segurua izan ez arren, herritar askok egunero erabiltzen dute pasabide hori”. Aginagari dagokionez, N-634 errepideak bitan zatituta dauka auzoa. “Abiadura gutxitzeko hainbat neurri hartu bazituzten ere, ez da aski, eta neurri gehiago eta eraginkorragoak behar dira”. Usabiagaren hitzetan, Txokoalde auzoan ere “oso arriskutsua” da sartu-irtenerako gunea. “Eta auzoan bertan trenbide pasabide arriskutsuak daude, gainera. Sistemak huts eginda, sarritan gelditzen dira hesiak igo gabe”. Herrigunetik Santuenera joateko eta itzultzeko ere trenbidea gurutzatu beharra dago derrigor. “Aspaldi eskatu genuen pasabide arriskutsu hori kentzeko, eta pasabide seguru eta irisgarria jartzeko, baina ez da izan inolako aurrerapausorik”. Eta, plataformako kidearen hitzetan, oso gertu egonagatik, Ugaldeko industrialdera oinez joateko pasabidea ere ez da batere segurua.

Erakundeek pausorik ematen ez dutelako elkartu dira herritarrak, lan ildo zehatz bat martxan jarri, eta udalari, aldundiari eta Jaurlaritzari bilerak eskatzeko. “Lehen pausotxoak ematen ari gara oraindik, eta Aste Santuaren ondoren helduko diogu bilera erronda horri”. Gerora, ekintzaren bat egiteko asmoa ere badaukate, mugimenduari “ikusgarritasuna” ematen saiatzeko. “Ikusiko dugu zer-nolako emaitzak lortzen ditugun, behar-beharrezkoa delako behingoz neurriak hartzea”. Usabiagak azaldu duenez, zarata, auto istripuak, kutsadura, segurtasunik eza… horiek guztiak eragiten dituzte trenbide sareak eta errepideak. “Eta, horrez gain, urteotan kasik ez dituzte moldatu oinezkoen pasabideak. Hainbat eta hainbat gune ez dira seguruak herritarrentzat, eta are arriskutsuagoak dira emakumeontzat”.

Ibilgailu motordunak

Herriari argazkia ateratzean, mugikortasunaren antolaketa ere aztertu nahi izan du Usabiagak. “Orain artean, neurri handi-handi batean, ibilgailu motordunen inguruan egituratuta egon izan da mugikortasuna, baina argi dago jasangarriagoak diren bestelako eredu batzuen alde egin behar dugula pixkanaka”. Bere adibidea jarri du usurbildarrak. “Hernanin lan egiten dut nik, eta Donostian senarrak, eta, gehienetan, bizikletan joaten gara biok lanera”. Alde horretatik, Usurbil, oraindik, bidegorrien saretik kanpo dagoela salatu du Usabiagak. “Eta zain gaude, abantaila handiak dauzkalako bizikletak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.