Agintaldi honetarako programa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan. Oposizioak programarik ez edukitzea leporatu izan dio orain arte; azkenean, Bilduk foru hauteskundeak irabazi zituenetik urte bat bete den eguna baliatu du horretarako. Asteartean, Pasaian aurkeztu zituzten datozen hiru urteetarako lan ildoak diputatuek, eta, asteazkenean, proposamena Batzar Nagusietara eraman zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak.
Bereziki krisiaz eta normaltze politikoaz aritu da Garitano bere gobernuko programa azaltzerakoan: “Bukatu da xahutzearen garaia. Ez dugu jarraituko zentzurik gabeko azpiegiturak eraikitzen”. Azaldu duenez, jarraituko dute azpiegiturak egiten, baina “ongi pentsatuta zer, nola, noiz eta zein epetan” egin behar diren.
Errauste planta, esaterako, “ez da beharrezkoa izango”, aldundiak aurki aurkeztuko duen hondakinak kudeatzeko plan berria aurrera eramaten bada. Hartara, hondakinen zikloa itxi eta Gipuzkoa “zero zabor lurralde” bihurtuko dela esan zuen ahaldun nagusiak Pasaian. Plan berriaren kostua aurrekoarenaren erdia izango dela ere zehaztu zuen.
Ez da kasualitatea agerraldia herri horretan egin izana: Pasaiako badia biziberritzeko, Herrerako lurrak Pasaiako Udalari itzultzeko eskatu diote Portu Agintaritzari, lur horiek “herritarren mesedetan” erabili behar direlako, eta ez “espekulatzeko”.
Bidesariei dagokienez ere, “egokiagoak eta bidezkoagoak” nahi dituztela adierazi du Garitanok. Bidegiren 900 milioi euroko zorrari aurre egitea ere lehentasuna dela azaldu du, eta garraio publikoaren mesedetan aritzeko asmoa duela.
Gipuzkoa berria leloa aukeratu du foru gobernuak agintaldi honetarako. Eredu berri horren oinarrian dauden “gai estrategikoak” euskara, parekidetasuna, aniztasuna, migrazioa, parte hartzea, giza eskubideak eta memoria historikoa izango dira. “Kanpotik etorritako kolektiboekin” eraikitako gizartea nahi dutela nabarmendu du aldundiak.
Helena Franco Ogasun diputatuak ere hartu zuen hitza asteartean: zerga politikak “bidezkoagoa eta progresiboagoa” behar lukeela esan zuen. Bereziki sozietateei eta aberastasun handiei ezarritako zergei eta zerga iruzurrari buruz aritu zen: “Herritar guztiek berdinak izan behar dute ogasunaren aurrean”.
Garitanoren arabera, bakegintza ere programaren erdigunean jarri nahi izan dute. Ahaldun nagusiaren hitzetan, “gatazka behin betiko gainditzeko lanean” ari dira, PPren gobernuaren “immobilismoa” gorabehera.