Maite Alustiza
Urtea hasterako soka luzea zekarren Bidegi auziak. Azken lau urteetan, etengabeak izan dira EH Bilduk eta EAJk elkarri egindako akusazioak; dena den, orain arte salaketak ez ziren auzitegietara iritsi; aurten, bai, ordea.
Martxoan deklaratu zuten Azpeitiko Auzitegian Agustin Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohiak, Juan Bautista March Fabregues obra zuzendariak eta Laurena enpresa elkarteko zuzendari Ivan Fernandez de Landak. Aldundiak aurkeztu zuen haien kontrako kereila: haren arabera, egin gabeko obra batzuengatik 3,4 milioi euro ordaindu zizkien Bidegik enpresa batzuei 2011n, AP-1 errepideko Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra zatiko lanetan. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egotzi zien hirurei; haiek, baina, leporatutako delituak ukatu zituzten epailearen aurrean. March Fabreguesek esan zuenez, ez zituzten dokumentuak faltsutu, eta agiriak “hanka sartze baten ondorio” izan ziren.
Batzar Nagusietan ere hartu zuen bidea auziak. Martxo hasieran osatu zen Bidegiko ustezko irregulartasunen erantzukizun politikoak ikertzeko batzordea, Lohitzune Txarola presidente zela. Bilduren, Aralarren eta PPren botoekin erabaki zuten ikerketa batzordea sortzea —EAJ eta PSE-EE kontra agertu ziren—. Besteak beste, batzordean agerraldia egin zuten Markel Olanok eta Eneko Goiak, aurreko agintaldian ahaldun nagusi eta Bide Azpiegituretako diputatu izandakoek. Biek adierazi zuten AP-1ean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela, eta ez zela iruzurrik egon.
Batzordeak egin zuen ondorioen txostenean, ordea, ados jarri ziren Bildu, PP eta Aralar, eta frogatutzat jo zuten enpresei behar baino 3,4 milioi gehiago ordaindu zizkietela.
Martxo bukaeran kereila zabaldu zuen aldundiak, ingeniaritza enpresa baten txostena oinarri hartuta: tunelak aztertu, eta ondorioztatu zuen beste 10,3 milioi ordaindu zituztela egin gabeko lanengatik. Guztira, beraz, 13,7 milioirena izan zen diputazioaren lehen salaketa.
Baina lehenengo horri beste kereila bat gehitu zion aldundiak maiatzean, Eskoriatza-Arlaban zatiari lotuta. 17 milioiko iruzurra salatu zuen: 8,4 milioi euro Arlabanen ordaindu bai baina egin gabeko lanengatik, eta beste 8,8 milioi Arabako zatiari lotuta —Bidegik bideratu zituen lanak, bere zatia Arabak ordaintzekotan. Aldundiak dio Arabak ordaindu ondoren haren zatiko hamar milioi Bidegik jarri zituela—. Bigarren kereila horretan bost lagun salatu zituzten: Bidegiko hiru arduradun —Zugasti Bidegiko zuzendari tekniko ohia da horietako bat—, eta Eurostudios eta OHL-Ferrovial enpresetako kide bana. Bost delitu egotzi zizkieten: diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzur egitea, agiriak faltsutzea, dokumentuak egoki ez zaintzea eta ezkutuan aritzea. Bi kereilak kontuan hartuta, beraz, 30 milioirena litzateke ustezko iruzurra.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik, Olano eta Goia lekuko gisa deklaratzeko eskatu zuen diputazioak, eta, hilabete geroago, aldundia ordurako EAJren esku zela, auzitegiak onartu egin zuen kereila. Arlabango tunelaren harira deitu zituen lekuko gisa deklaratzera, ustezko irregulartasunak gertatu zirenean Bidegiko arduradun nagusiak ziren eta. Aurrekoetan bezala, EAJk salaketa “faltsua” zela berretsi zuen.
Hasiera batean, urriaren 26koak ziren auzitegian deklaratzekoak Olano eta Goia, baina data atzeratu zuen epaitegiak. Oraindik ez da jakina noiz izango den.
Batzar Nagusietatik kanpo
Agintaldi honetan, auzia ez da oraingoz Batzar Nagusietan eztabaidatuko. Azaroan, ikerketa batzordea sortzeko proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk Batzar Nagusietan. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k eskatu eta babestu zuten ikerketa; PP, berriz, abstenitu egin zen.
EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok susmagarritzat jo zuen diputazioaren jarrera, eta adierazi zuen EH Bilduko lau batzarkide Bidegi auzian aurkeztu direla herri akusazio gisa, “bide judizialean dena argitu dadin lortu nahian” —Asenjo bera, Judit Garcia, Inko Iriarte eta Jon Albizua—. Ahal Dugu-k “gardentasunaren kontra” bozkatzea egotzi zion PSE-EEri.
Leave a Reply