[Urtekaria] Emakumea, jalgi hadi plazara

[Urtekaria] Emakumea, jalgi hadi plazara

Eider Goenaga

Emakumeen Nazioarteko Eguna, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldarria, Martxoaren 8tik haratagoko borroka da, eta urte osoan du oihartzuna. Urtarriletik abendura hamaika ekinbide, ekitaldi, urteurren eta gertaera dira horren lekuko: kirolaren lehen mailara igotako taldeak, Irungo eta Hondarribiko alardeetan hogeigarren urtez kalera irtendako konpainia mistoak, bosgarren urteurrena ospatu duen Donostiako Emakumeen Etxea, 20 urte betetzean Plazandreok zena Plaz bihurtu den hautagaitza feminista…

Gipuzkoan egindako, jazotako eta esandakoen laburpen moduan, Gipuzkoako Hitza-k landutako gaien laburpena da hau:

PLAZ
Politika ikuspegi feministatik lantzen

Plazandreok sortu zela 20 urte bete dira aurten. Hautagaitza feminista 1995eko udal hauteskundeetan aurkeztu zen lehendabizikoz Donostiako Udalera, eta maiatzeko udal hauteskundeetan izen berri eta irudi berrituarekin aurkeztu zen: Plaz. Hasierako proiektu hari “aldarrikapenak gehitu” dizkiote urteotan, baina “inoiz ez kendu”, eta euren printzipioekin bat egiten duten talde eta eragileekin elkarlanean aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, Josebe Iturrioz zerrendaburu zutela. “Hautagaitza hau ez da sartzen emakumeen gaietan bakarrik: ekonomiari buruz hitz egiten dugu; hiria ulertzeko beste modu batez ari gara…”, azaldu zion Hitza-ri Agurtza Zubero Plaz taldeko bozeramaileak. Ekonomia feminista zuen oinarri Plaz-en programak, ikuspegi ezkertiarra, eta, udalari begira, genero ikuspegia arlo guztietan txertatzea.

Plazandreok taldeak inoiz atera dituen emaitza onenetatik (2.287 boto) nahiko urrun ibili arren, maiatzeko hauteskundeetan nabarmen hobetu zituen Plaz-ek duela lau urteko emaitzak: 453tik 864 boto lortzera igaro zen.

EMAKUMEEN ETXEA
Donostiako Emakumeen Etxeak bost urte

Azaroaren 13an bete ziren bost urte Donostiako Emakumeen Etxeak ateak zabaldu zituela, baina martxoaren 8an egin zituzten ospakizunak Okendo kaleko egoitzan.

Berdintasunaren alde lanean diharduten taldeen eta norbanakoen topagunea da Emakumeen Etxea 2010az geroztik, eta Donostiako zein lurraldeko emakume guztientzat erreferentziazko bihurtu dela adierazi zion Hitza-ri hango dinamizatzaile June Gonzalezek. 450 bazkidek osatzen dute Emakumeen Etxea, 30-40 taldek dute topagunea han, eta egunean, batez beste, 100 emakumek jotzen dute hara.

Mugimendu feministak urte askoan egindako gogoetatik eta haiek atzemandako beharretik sortu zen, eta kudeaketa bikoitza du Donostiako Emakumeen Etxeak: Donostiako Udala dago, batetik, eta Emakumeen Etxeko bazkideak, bestetik. “Etortzen den emakume kopuruak pentsarazten dit beharra handia zela. Urtean 33.500 erabiltzaile izatea izugarria da. Antolatu gara, eta elkar hartuta txinpartak atera dizkiogu proiektuari”, nabarmendu zuen Gonzalezek.

KIROLA
Eskubaloian, saskibaloian eta futbolean, lehen mailara

2014-2015eko denboraldia emaitza ezin hobeekin amaitu zen, emakumezkoen kirolari dagokionez. Hurrengo denboraldirako, lehen mailan sartzea lortu baitzuten Gipuzkoako hiru taldek. Futbolean, Oiartzunek Lehen Mailara itzultzea lortu zuen hamabost urte igaro eta gero. Eskubaloian, Aiala Zarautz Espainiako Ohorezko Mailan ari da jokatzen denboraldi honetan. 32 urte geroago, maila nagusian aritzeko, zarauztarrek etxeko jokalariak dituzte oinarri. Saskibaloian, bat ez, bi maila aldi berean igo zituen Iraurgik, Azpeiti, Azkoiti eta Zestoako taldeak. Joan den denboraldian Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, eta bulegoetako gorabeherak tarteko, maila nagusira egin zuen salto. Denboraldi honetan mailari eustea ez litzateke sari makala izango igo berri diren hiru taldeentzat.

FEMINISMOA
ETA EUSKALGINTZA
Berdintasun faltsuaren diskurtsoa

Euskalgintza eta feminismoa: euskaldundu, euskahaldundu? gaiaren inguruan Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, Idurre Eskisabel antropologo eta EHUko kazetaritza irakaslea eta Onintza Irureta Argia-ko kazetaria mahaiaren bueltan eseri ziren, martxoan, Zarauzko Sare Feministak eta AEK-k antolatuta.

Euskaldun eta feminista gisa hitz egin zuten hirurek, eta batean zein bestean berdintasunaren aldeko borrokak non kokatzen dituen azaldu zuten, baita feminismoa eta euskalgintza nola ikusten dituzten baloratu ere. “Euskaldun gisa, leku batzuk debekatuta dauzkagu, eta baita emakume gisa ere”, esan zuen Agirrek. Eskisabelen arabera, “berdintasun faltsuaren diskurtso” komuna dute bi borrokek, eta horri egin behar zaio aurre. “Eraldatzea badin bada helburua, derrigorrean eragin behar dute deserosotasuna”, gaineratu zuen Agirrek.

Hirurek bat egin zuten ideia batean: euskalgintza apalduta dago eta feminismoa indarra hartzen ari da. “Euskalgintzako jardunaldietan eta euskara elkarteetan horixe entzuten da: iparra falta dela. Aldiz, feminismoaren kasuan, justu, tonua kontrakoa iruditu zait. Bat oso apal, eta bestea gora dator”, esan zuen Iruretak, kazetari gisa bi gai horiek lantzean sumatu duenari erreparatuta.

Eskisabelek eta Agirrek hainbat forotan landu dute feminismoaren eta euskalgintzaren gaia aurtengoan. Azkena, joan den astean egin zuten, Feministaldian, BERRIAko euskara arduradun Irene Arraratsekin batera.

BERDINTASUN SARIAK
Emakumeen parte hartzea saritu du Jaizkibelek

1996an hasi ziren Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek gizonekin batera desfilatzeko eskubidea zutela aldarrikatzen. Hogei ekitaldi geroago, konpainia mistoak atera ziren herri bietan, ekainean Irunen, eta irailean Hondarribian. Garai bateko indarkeria agerikorik ez da antzematen kalean, ez batean eta ez bestean. Plastiko beltzek eta emakumeek desfilatzearen kontrako afixek bete dute garai bateko irain, oihu eta erasoen tokia. “Normaltasunez” egin dira alardeak, esaten da, indarkeriarik eta erasorik egon ez delako. Eskopetarekin desfilatzen duten emakumeek, ordea, deserosotasuna baino gehiago eragiten dute oraindik herri bietan.

Testuinguru horretan, Hondarribia Berdintasun Hiria sariak banatu ditu aurten lehenengoz Jaizkibel konpainiak. Irailaren 4an egin zuten ekitaldia. Tolosako Udaberri dantza taldea, Zumarragako Irrintzi dantza taldea eta Donostiako Kresala saritu zituzten. Kresala elkartea aitzindaria da festetan emakumeen tokia aldarrikatzen. 30 urte baino gehiago dira Donostiako danborradan emakumeak atera zirela lehenengoz konpainia horretan. Tolosan, 2013an egin zuten lehenengoz neskek bordondantza, ordu arte mutilek soilik dantzatzen zutena. Eta aurten, lehendabizikoz, Zumarragako ezpata dantza emakumeek eta gizonek egin dute, Irrintzi taldeari esker.

Leave a Reply

Your email address will not be published.