Nerea Uranga
Lanbidez, zientzia komunikatzailea da Elhuyarren; ikasketaz, berriz, albaitaritzan eta elikagaien zientzia eta teknologian lizentziatua da. Baina beste ni askok osatzen dute Ana Galarraga (Zarautz, 1970): literatura, natura, jendea, kirola… Goxo eta pasioz hitz egiten du bere alde horiez guztiez.
2001etik zientzia komunikatzaile lanetan ari zara Elhuyarren.
Bai. Azken finean, kazetaritza baino gehiago ere egiten dugulako; bereziki, nik. Kazetari lanetan hasi nintzen, baina zientzia gizarteratzeko beste modu batzuk ere bilatzen ditugu Elhuyarren: sariketak, ekitaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, bakarrizketak… Horrelakoak ere antolatzen ditugu. Horregatik, zientzia komunikatzaile gehiago naiz zientzia kazetari baino.
Lan horretan garrantzi handia ematen diozu genero ikuspegiari ere, ezta?
Bai, hala da. Azken urteetan lanketa handia egin dugu horretan, Elhuyarren bertan, eta, orokorrean, gure zientzia proiektuetan: aldizkaria, Caf-Elhuyar sariketa, Teknopolis, Norteko Ferrokarrila… Egiten dugun guztian, genero ikuspegia lantzen dugu proiektuaren hasieratik argitaratzen den arte: taldea, gaiak, enfokea, zein adituri eskatu iritzia, arloa, jarrera eta irudia. Ondoren, nik dut ardura begiratzeko zenbateraino bete ditugun geure buruari jarritako irizpide horiek, eta zuzentzeko neurririk ikusten baldin badugu, hori proposatzeko eta bultzatzeko.
Hainbat alor lantzen dituzu, beraz. Zuri inork ez dizu galdetu, letrak ala zientziak, zer dituzun nahiago, ezta?
Ez, noski. Gainera, ez dut sinesten dikotomia horretan, bereizketa horietan. Azkenean, akademiak sortutako espezializazio bat izan zen hori, ikasketak-eta antolatzeko modu bat. Berez jakin-min handiko pertsona bazara, seguru ez zarela mugatuko arlo bakarrera; agian, gehiago landuko duzu bat, aukera gehiago duzulako horretarako edo interes handiagoa daukazulako. Baina, beti, elkar elikatzen dute alor guztiek. Nik oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako ikasi nituen zientziak. Letrak, literatura, filosofia eta horiek, berriz, neure kabuz landu ditut, interes handia izan dudalako eta asko gustatzen zaizkidalako: beti irakurri izan dut asko, erakusketetara eta hitzaldietara joan izan naiz… Mundua ulertzeko gako asko eskuratzen ditut arlo denetatik; oso tresna desberdinak dira, osagarriak denak. Zorte handia dut denak elkartzen dituen lana egiten dudalako.
Zer du zientziak erakargarria?
Zientziaren gauza batzuk besteak baino gehiago gustatzen zaizkit. Adibidez, ez zait gustatzen hierarkizatua dagoelako, neurri handi batean klasista delako eta matxista, gizarte guztia bezala. Asko gustatzen zait, ordea, ez delako dogmatikoa. Beste arteek ez bezala, mundua ulertzeko egia bilatzen du zientziak; mundua ulertzeko metodo bat dauka, eta metodo horren onena da ez dela norberarena. Adibidez, Newton bere garaian grabitatearen legea argitzera iritsi izan ez balitz, beste norbaitek eraikiko zukeen; beti eraikitzen da gauza bat bestearen gainetik; ez da bilatzen originaltasunik. Agian, beste arlo batzuetan bai bilatzen duzu bakarra izatea eta zure sinadura gelditzea. Zientzian gerta daiteke hori, horrela ulertu eta bultzatu izan delako; hor daude izen handiak: Marie Curie, esaterako. Zientzian bidea da garrantzitsuena, eta norbaitek erakusten badu aurrekoarena oker dagoela, atzera botatzen da; ez da erlijio bat. Hori gustatzen zait.
Zientzia komunikatzaile zaren aldetik, nola egiten dira zientziako artikuluak jasotzailearentzat erakargarri?
Horretan ere zortea daukat, proiektu askotan eta oso publiko desberdinarentzat egiten dudalako lan. Elhuyar aldizkarian, adibidez, zientziarekiko interesa dutenengana zuzentzen gara, gutxieneko maila bat dutenengana, behintzat. BERRIA egunkariko zutabean, baina, egunkaria irakurtzen duen edozeinentzat idazten dut. Eta, Irria aldizkarian, umeekin aritzen naiz, ipuin formatuan, esperimentu batekin lagunduta. Azken finean, nire asmoa ez da irakastea, norbera bere ondorioetara iristea baizik: galderak-eta sortzeko pistak ematea, informazioa, gauza berriak… Beraz, hizkuntza desberdinarekin joaten naiz publiko bakoitzarengana.
Gero, hori nola egiten den erakargarri? Norberarentzat interesgarria zer izan daitekeen bilatuz. Adibidez, oso erraza da jendea osasun gaiekin, ingurumenekoekin edo ekonomiarekin lotutakoekin erakartzea. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, gai teorikoagoekin: astronomiakoekin, fisikakoekin… Nola piztu interesa gai horietan? Jakintza bera ere garrantzitsua dela ulertzera emanda: gauzak jakiteagatik bakarrik jakitea, nolakoak diren ezagutzea…
Zientzia gizonezkoekin lotzen da sarri. Emakume izanda, zer moduz sentitzen zara zu zientzia munduan?
Orain, ondo. Aukera daukat, behintzat, hori salatzeko eta errealitatea barrutik kontatzeko. Azkenean, aukera daukat gaiak hautatu eta nola enfokatu erabakitzeko, diskriminazio positiboa egin dezakegu, eta, beraz, oso ona da gu hor egotea. Hasteko, behintzat, gure aletxoa jar dezakegu egoeraren berri emateko. Gero, polikiago, hori aldatzeko neurri eraginkorragoak hartu beharko dira. Ez da erraza, ordea, zientzia ez delako gizarteko egituratik aparteko zerbait; zientzia ez da gauza neutral bat. Gizarteko beste egiturek dituzten aje berberak dauzka zientziak: patriarkala, klasista eta kapitalista da, eta mendebaldeko kulturak dominatzen du. Irizpide horien arabera eraiki da, eta, beste arloetan bezala, deseraikitzea tokatzen da: zientzia nola egin nahi dugun eta zer egin nahi dugun ikustea. Emakumeok zeregin handia daukagu, baina, noski, beste guztiekin batera. Bestela, beti bezala, guk geuk hartuko dugu karga eta ardura guztia.
Zer egin beharko litzateke emakume zientzialariak ikusarazteko?
Aurrena, guk egiten duguna: euskalduna izatea bilatzen dugun bezala, eskatu emakumea izatea. Nahi dugun horri ematen diogu ahotsa guk, eta emakume hori bere erakundean edo enpresan azpitik badago ere, seguru badauzkala gauza interesgarriak kontatzeko. Beraz, hori da egiten dugun gauzetako bat: lehentasuna emakumezkoei eman. Ekinean izena duen atal bat daukagu Elhuyar aldizkarian, eta neska ikertzaile gazte bat elkarrizketatzen dut hilero. Pozak eta penak kontatzen dituzte horiek, euren bizipenak. Baneukan susmoa, emakume diren aldetik, mutil batek sekula bizi izan ez dituen egoerak-eta bizi izango zituztela, eta hala da. Ikusi dugu, adibidez, zer zaila egiten den amatasuna eta ikerketa bateratzea; edo atzerrira edo kongresu batera joatean ahotsa izateko aintzat hartzea.
Zientziari lotuta, baina literaturara arrimatuz: Marikalanbre pertsonaiak zer du Ana Galarragatik?
Kresta! Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek proposatu zidan; aldizkari bat sortu behar zutela esan zidan, eta zientziari lotutako atala nik idaztea nahi zutela. Zientzia atal horretako pertsonaia Marikalanbre izango zela ere azaldu zidan; marrazkia ikusi eta oso polita iruditu zitzaidan. Gainera, Marikalanbre bezain polita da amona Txinparta. Marrazkilariarekin batera, neurri handi batean, horri ere nik eman diot nortasuna. Esperientziaren ahotsa da amona, baina ero samarra, zirikatzailea eta oso jolastia da, oso konplizea. Asko gustatzen zait bikotea, oso polita da. Bai amonak eta bai Marikalanbrek badaukate nire zerbait. Niretzat hilero oparia izaten da ipuina idatzi eta ondoren marrazkiekin osatuta ikustea.
Literaturazale amorratua zara. Nondik datorkizu zaletasuna?
Txiki-txikitatik, liburu bat hartzen nuen aspertzen nintzenean, eta, askotan, beste ezerekin baino hobeto pasatzen nuen hala. Familia bazkarietan eta horrelako giroetan liburuak izan ditut beti ihesbide. Beti irakurri izan dut asko. Ikasteko, jakinduriaz aberasteko eta pentsatzen laguntzeko, oso elikagai garrantzitsua da literatura. Lotura handia daukat Garoa liburu dendakoekin ere, eta idazle asko ezagutzeko zortea daukat; Euskal Herria hain txikia izanda, pribilegio hori daukagu.
Larrabetzutik Zarautzera ekarri zuten Literaturia, eta talde horretan zabiltza ordutik.
Literaturia Zarautzera etorri zenean, pertsona batzuk gonbidatu gintuzten taldera. Literaturiaren lehenengo urtearen ondoren, trantsizioa egindakoan, geure kabuz hasi ginen, eta bosgarren urtea izango du aurten.
Luxua izango da horrelako egitasmoak herrian egitea, ezta?
Bai. Lan handia da, baina, neurri batean, asetzen du. Literaturia ez da hutsetik sortu, ordea, eta ez dator Larrabetzutik bakarrik. Zarautzen beti egon izan da egitasmo asko: saiakeran gelditu dira batzuk, eta aurrera egin dute beste batzuek. Ariola izan zen saiakera horietako bat, oso egitasmo garrantzitsua nire ustez. Proiektu hura gauzatu izan balitz, bestelakoa izango zen egungo egoera.
Gaztetxearen eraikinak zer espazio daukan, zer aukera ematen dituen eta bertan biltzen zen jendearen askotariko interesez jabetuta sortu zen Ariola. Gaztetxearen espiritua eta balioak batuko zituen proiektua lantzen hasi ginen, era guztietako publikoari zuzendutakoa. Lau arlo batzen zituen: sorkuntza eta formakuntza (tailerrak, sortzeko espazioak, materiala eta baliabideak), emanaldiak, aterpe batekin espazio libre bat eta sukalde sozial bat. Aurreratuta egon zen proiektua, baina udalaren aldetik ez zuen jaso nahikoa babesik. Ondorioz, geure proiektuei heldu eta aurrera egin genuen Ariolaren bueltan ibilitako jende askok: Rockumentalak taldekoak, Lakarikoak, dantza taldeak… Literaturaren inguruan genbiltzanok, berriz, Literaturian bildu ginen. Proiektua gauzatzeko jendea eta gogoa bazegoelako etorri zen Literaturia Zarautzera.
Ni herri ekimenean ez nintzen hasi garai hartan; aurretik, Alproja antzerki taldean ibili nintzen urte askoan. Sinesten dut herri ekimenean, eta uste dut erakundeek bezainbesteko zilegitasuna daukala herriaren baliabideak erabiltzeko. Kaletik bertatik sortuz gero, beti egongo zara jendearengandik gertu, eta zeure balioetan oinarrituta ariko zara: autogestioan, berdintasunean, euskaraz…
Maiatzaren 25etik 28ra egingo duzue V. Literaturia.
Literaturia asko aldatu da Zarautzera etorri zenetik, moldatu egin da. Berritasun gisa, gai baten inguruan egituratzen dugu egitarau osoa, eta Aingura izango da aurtengo gaia. Zer lekuri, pertsonari, sentimenduri eta emoziori heltzen gatzaizkion, horrela ulertu nahi dugu Ainguraren irudia; nabigatzeko, joateko aingura noiz altxatzen dugun, eta, batzuetan, zein zaila den aingura altxatzea. Metafora horren inguruan antolatu dugu aurtengoa. Egitarauaz gain, beti bezala, liburu azoka eta liburu aurkezpenak izango dira, eta aurten indartu egingo dugu umeentzako egitaraua.
Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) Zuzendaritza Batzordeko kide hautatu zaituzte orain gutxi. Zer egiteko izango duzu hor?
Ez dakit. Garbiñe Ubeda da elkarteko lehendakari berria, eta hark eskatuta onartu nuen batzordekide izatea, zer ekarpen egin dezakedan oso ondo jakin gabe, egia esan. Neure burua ez daukat idazletzat, baina idazteko modu asko omen daude, eta… Borondatearekin, ahal dudan neurrian lagunduko dut. Abantaila bat daukat, hori bai: ezagutzen ditut batzordekideak eta konfiantza giroan ariko gara.
Zientzia, komunikazioa, literatura, antzerkia… Beste arlorik lantzen al duzu?
Bueno, asko gustatzen zaizkit naturan egiten diren kirolak. Oso mendizalea izan naiz; urte batzuetan asko ibilitakoa. Asko eman dit mendiak. Jarduera guztietan jendeak ematen du gehien; kontzertuetan, literaturan… Jendea gustatzen zait niri, eta mendiak hori eman dit gehienbat. Mendian benetan ezagutzen duzu jendea, intentsitate handiko bizipenak izaten dira. Neguan, glaziarretan, eguraldi txarrarekin, teknikoki zailak diren tokietan… zurekin dauden horiek benetako lagun min bihurtzen dira urteen poderioz; konfiantza handia sortzen da. Horrez gain, izugarri disfrutatzen dut naturak berak ematen duenarekin: elurra, euria, kimuak berde fosforito kolorearekin ikustea, eguzkia, ilargia, izarrak, hodeiak, itsasoa… Adibidez, arraun surfa deskubritu nuenetik, kirol hori dut gustukoen. Horretan ere etengabe izaten dira opariak: Mollarri aldera joan eta izurdeak pasatzen ikustea, edo arrainak zure azpian ikustea…
Leku egokian bizi zara orduan.
Bai, bai; pribilegiatu hutsa naiz. Zuku handia ateratzen diot herriari eta inguruari; izugarri disfrutatzen dut naturarekin.
Leave a Reply