Unai Zubeldia
Ezer garbirik ez dago oraindik, baina kezkatuta gaude etor daitekeenarekin”. Baserritarrak ez daude lasai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila onartzear den Eraikinen Ikuskaritza Teknikoaren (EIT) dekretu berriarekin. “Ahaztu egin da landa eremuko errealitatea, eta, beste behin ere, baserritarrei kalte egingo digu bidegabeki”, salatu du Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko lehendakariak. “Gure baserriak ez dira etxebizitza soilak; hamaika funtzio betetzen dituzte”. Baserriak lotarako edo familian egoteko teilatupe soilak ez direla azalduta, euren eraikinek EITrik pasatu beharrik ez izatea eskatu dute baserritarrek. “Honek ez dauka zentzurik”.
Jaurlaritza iaztik ari da lantzen dekretu berria, eta EHNEk zuzenketak aurkeztu zizkion jada dekretuaren lehen zirriborroari. Hurrengo ostegunerako, apirilaren 12rako, bilera hitzartuta dauka sindikatuek Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarekin, eta sinadura bilketari ere ekin diote. “Ahal dugun babesik handiena lortzeko”. Nazabalek nahiko luke jaurlaritzak bilera horretan “jarrera irekia” izatea. “Eta aldundiarekin eta udalekin ere hizketan ari gara jada, arazo honi denon artean irtenbideren bat aurkitzeko. Arazoa ez da baserritarrona soilik; denok egin behar dugu sektorearen defentsa”.
Hirigintza eskumenak dituztenez, udalek kontrolatu beharko dute eraikinen azterketak egoki egiten direla, baina, hain zuzen ere, udalek eurek informazio askorik ez daukatela jakinarazi du EHNEko lehendakariak. “Argiago hitz egiten hasi beharra daukate arduradunek, desinformazio handia dagoelako. Udal askotatik deika hasi zaizkigu eurek ere ez dakitela nola jokatu beharko duten esanez”.
Lanen kontrola udalek izanda ere, Nazabalek ez du uste bidezkoa denik erabakiak udal bakoitzaren esku uztea. “Interpretaziorako tarterik ezin da utzi, bakoitzak nahi duena egingo duelako bestela. Tamalez, gauza gehiegitan gertatzen zaigu hori. Ukuiluak, biltegiak… Baserrietako gune guztiei pasatuko diete EITa? Noraino goaz?”.
Argia da eskaera: “Lurzoru urbanizaezinetan dauden etxebizitzek eta bide publikora irteerarik ez daukatenek EITa ez pasatu behar izatea eskatzen dugu”. Baina, hitzen definiziora joanda, bide publikoa al da baserri bidea? “Herri askotan eginda dago herri bideen kartografia edo inbentario moduko bat, baina beste askotan ez. Horregatik diogu kaosa eragin dezakeela aldaketa honek”. Askotan familia bat baino gehiago izaten da eraikin bakarrean. “Eta, kasu horietan, EITa pasatu beharrik ez izatea eskatzen dugu bi aldeak ados egonez gero”. Zalantzen zakua are gehiago beteta, galdera zuzena egin du Nazabalek: “Gipuzkoan eta Bizkaian argi daukagu zer den baserria, baina Araban, esaterako? Eta landa turismoak? Txabolak? Zirrikitu asko dauzka legeak”.
EHNEko lehendakariaren ustez, zenbait profesionalek “lan aukera handi gisa” ikusi dute EITaren dekretu berria. “Baina kaleko ikuspegiarekin joan nahi dute baserrietara, eta ezinezkoa da hori. Lantoki ere badira gure baserriak, bordak eta gainerakoak”. Arkitektoek edo arkitekto teknikoek —aparejadoreek— egingo dituzte ikuskaritzak, eta, prezio zehatzik ez dagoen arren, 1.200-1.500 euro inguruan ordaindu beharko da. “Eta, kasu gehienetan, familia bakarrak aurre egin beharko dio gastu horri”.
Oinarrira joanda, dekretu berriak arautu egingo du 50 urte baino zaharragoak diren etxebizitza eraikinek nahiz eraikinaren birgaitze lanetarako diru laguntzak eskuratu nahi dituen orok pasatu beharra daukatela EITa. Hamar urtetik behin, beraz, gastu jakin bat egin beharko dute baserritarrek. “Eta, noski, ez gara ari hizketan ikuskatze horiei buruz bakarrik; ondoren konpondu egin beharko dira ikuskatze horretan azaltzen diren gauza guztiak, eta badakigu nolakoak diren gure baserrien egiturak. Oso serioa da kontua”.
Eraikinaren egoera nolakoa den bost mailatan azalduko dute teknikariek, eta horren araberako neurriak hartu beharko dira. Lehen maila izango da larriena, eta berehala esku hartu beharko da, 24 orduko epean gehienez; bigarren mailan, hiru hilabeteko epea izango da neurriak hartzeko; hirugarren mailan, urtebetekoa; laugarren mailan urtebetetik gorakoa; eta bosgarren mailak eraikinean ez dagoela inolako gabeziarik esan nahi du.
Arautegi eske
EHNEko lehendakariaren hitzetan, lehendik ere nahikoa arazo badute “transmisiorako eta baserriak zutik mantentzeko”, eta eurentzat “kolpe handia” litzateke baldintzak gogortzea. “Gure baserriek ez daukate kale etxeen edo errepide ertzean dauden etxebizitzen arriskurik, eta horregatik eskatu dugu errealitate berezi hori kontuan hartuko duen arautegi bat”. Nazabalek salatu duenez, agintariek gehiegitan erabiltzen dute “kopiatu eta pegatu” formula. “Baina horrek ez du balio beti. Gainerako herritarrei eragin diezaiekeen arriskua kontuan hartuta, ez dauka zentzurik baserrietan hiriko neurri berberak hartzeak”.
Leave a Reply