Asier Perez-Karkamo
Nerabeak, gazteak eta helduak nahastuta, denak altxorraren bila. Horixe da Hondarribiko talde batek Pazko astea Pasai Donibaneko Arrokaundietako Piraten Etxea aterpetxean igarotzeko aukeratu duen plana. Hondarribiko Saindua Udal Gaztelekuak eta Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak elkarlanean antolatuta, Konkis-Pirata 2018 izeneko oporraldi berezia ari dira egiten aurten ere. Zertan den berezia? Batez ere, antolakuntzan, gazte boluntarioen eta hezitzaileen artean banatzen baitituzte nerabeen egonaldiaren ardurak.
Asteazkenean mendi ibilaldia egin Jaizkibelen barrena, Hondarribitik Piraten Etxera; egonaldia koordinatu; taldeak osatu; bazkariak egin; loaldiak eta abar prestatu; beharrezkoa denean, fundamentu pixka bat jarri; hiru egunetarako abentura probak antolatu; eta herrira itzuli. 11 gazte boluntariok hartu dute euren gain horren guztiaren ardura, eta bost hezitzaile ondoan edukiko dituzte edozer dela ere. Jon Diezek hogei urte daramatza Prebentzio Komunitarioan lanean, eta badaki egunotakoa ez dela ohikoa: “11 gazte ari dira euren borondatez lanean, ezer irabazi gabe, esperientzia polit baten truke, nerabe batzuek ondo pasatu dezaten helburuarekin. Gutxitan ikus daiteke halakorik”.
Jardueraren dinamizatzailea da Diez, eta “bakoitzak bere eginbeharrak betetzen dituela zaintzea, parte hartzaileak gustura sentitzea, eta gazte boluntarioen lana dinamizatzea” da bere eginkizuna. Argi du kontuan eduki behar dela gazte boluntarioak “gazteak eta boluntarioak” direla: “Ezin zaie gehiegi exijitu, helburu nagusia, beti, euren bizitzan esperientzia positiboa lortzea delako”.
40 nerabe ari dira oporraldian parte hartzen. Errepikatzaileak dira horietako batzuk; Enara Moran, esaterako. 13 urte ditu, eta bigarrenez eman du izena jardueran. “Iaz ere hemen egon nintzen eta oso ondo pasatu nuen. Oso jarduera polita iruditu zitzaidan; abentura izan zen. Lagun batzuekin egon nintzen iaz, eta beste batzuk animatu dira aurten”.
Probak Arrokaundietan
Asteazkenetik gaur eguerdira arte, Moranek eta izena eman duten beste 39 nerabeek hainbat proba gainditu beharko dituzte Arrokaundietan. Piraten Etxea izango dute haien gotorleku, eta, bost taldetan banatuta, garaipen txikiak lortzen saiatuko dira. “Probaren bat irabazten duen taldeak hobeto lo egiteko aukera izango du, erosoago bazkaltzeko aukera… Horrelako pribilejioak izango dituzte”, aurreratu du Diezek Hondarribitik abiatu aurretik. Bost proba izango dira guztira, baina ikurrina bakarra izango dute zain; pirata talde onenarentzat izango da saria.
Asteazken goizean abiatu ziren, Saindua gaztelekutik, eta eguerdirako iritsi ziren Arrokaundietara. “Azkar ibiltzen dira hauek!”, kexu zen arratsaldean Diez. Bazkaldu ondoren, motxilak furgonetatik atera, eta aterpetxean sartu ziren. Afalostean izan zuten lehen proba, taldeak zehazteko. Ginkana prest zuten atzo goizerako, “heavy samarra”, Diezen hitzetan, eta arratsaldean beste bi lehia izan zituzten, idiekin egin beharreko proba eta txabola eraikitzea. Gaur, berriz, kapitainak ahalik eta gehien zikintzea xede duen pringe jokoa egingo dute, berriro motxilak prestatu eta bueltako bideari ekin aurretik.
Bost talde guztira, bakoitzean 11 partaiderekin. Zazpi nerabe, bi gazte boluntario eta hezitzaile bana —kapitain gisa— ariko dira talde bakoitzean. Eta epaile bat, hautsak gehiegi harrotu ez daitezen, ETB2ko El Conquistador saioko aurkezlea oinarri hartuta. Ibai Lazkanotegi 18 urteko gazte boluntarioa da Konkis-Piratako aurkezlea, bigarrenez. “Hamar boluntario behar zituzten iaz, 11 aurkeztu ginen, eta Julian Iantzirena egitea egokitu zitzaidan niri”. Nonbait, fin aritu zen lan horretan eta urtebetez luzatu diote kontratua; aurten ere 11 gaztek eman dute izena boluntario gisa jarduteko.
Konfiantza eskertuz
Lazkanotegik oso argi du bere zeregina zein den: “Probak azaldu, ulertu dutela ziurtatu, eta kapitainek ez dutela tranparik egiten zaindu”, azaldu du, Diezi begira. Hondarribiko gaztelekuak eta prebentzio zerbitzuak elkarrekin antolatzen dituzten ekintzen artean izarra da Pazko astekoa, eta Lazkanotegiren ustez, gazteei ematen zaien aukera da gakoa: “Jardueraren antolatzaile bilakatzen gara gazteok, eta oso garrantzitsua da guregan duten konfiantza hori. Zorte handia dugu”.
Haurrekin egotea gustuko duela onartu du gazteak, eta nerabeek gazteekin duten jarrera oso positiboa dela uste du: “Eskola berean gabiltza, beste maila batean, eta ikasleak gara gu ere. Gu jarduera hau antolatzen ikusten bagaituzte, etorkizunean eurak ere ardura hartzeko gai izango direla ulertuko dute”. Gazteen eta hezitzaileen arteko elkarlanari esker, nerabeek maila berean jartzen dituzte gazteak zein begiraleak, baina gazteekin bestelako hurbiltasun bat lortzen dutela onartu du Moranek: “Lagunak egiteko aukera izaten da horrelako ekintzetan, eta polita da gu baino nagusiagoak diren gazteen lagun bilakatzea”. Lazkanotegi ados dago Moranekin: “Ona da adin tarte desberdinen arteko laguntasun hori gero oporralditik kanpora zabaltzea; eskolan, adibidez, elkarrekiko errespetua dagoela ikustea”.
Leave a Reply