Aiztondo bailarako herrien eta El Salvadorko Segundo Montes komunitatearen arteko harre-manek, hogei urteko historia luzea dute soinean —Ignacio Ellakuriarekin batera, 1989an, El Salvadorren eraildako jesuitetako bat zen Segundo Montes—. Une hunkigarriz betetako senidetzea bihotzean darama Mikel Arrastoak, (Zizurkil, 1954), Euskal Fondoko lehendakariordeak. Arrastoa Zizurkilgo alkate zela hasi zen guztia.
Segundo Montes komunitateko kideek Asteasu ezagutuko dute aurten.
1993. urtean senidetu ginen eurekin, baina senidetze egunak duela lau urte hasi ginen ospatzen. Lehena Zizurkilen egin genuen, gero Adunan, ondoren Villabonan, eta aurten Asteasun.
Zer prestatu duzue El Salvadortik etorriko zaizkizuen anai-arrebentzat?
Senidetze Eguna bihar izango da, baina aurrez, herrian, eskolan eta gazteekin egoteko aukera izan dute. Jaia harrera ofizialarekin hasiko da, 11:00etan. Ondoren, haurrentzat jolasak, talogileak, giza proba, bertsolariak, trikitilariak… egongo dira. 13:00etan udaletxean harrera egingo zaie, eta hori amaitzean, herri bazkaria egingo dugu.
Nortzuk etorriko dira Segundo Montes komunitatetik?
Che Guevara gazte taldeko kideak, mankomunitateko presidentea, eta duela gutxi sortu den institutu bateko ordezkariak.
Gazteak eta hezkuntza aipatu dituzu birritan. Kasualitatea al da?
Aurkeztuko duten proiektuaren oinarria da. Duela gutxi prestakuntza institutu bat zabaldu dute han, eta ikaskuntza bekak finantzatzea eskatzen dute. Gazteek ez dute ikasteko aukera handirik, ez baitago dirurik; ondorioz, arazoetan sartu edo ihes egiten dute Amerikako Estatu Batuetara edo beste herrialdeetara. Industrian egitura bat sortu nahi da, eta horretarako ikasketak bultzatu nahi dituzte. Beka horiei esker, gazteek hiru urtetan prestakuntza bat jasoko lukete, eta gizartean lanbide bat izan, bertan gelditzeko arrazoi batekin batera.
Aiztondo bailarako herritarren erantzuna nolakoa da elkartasun eskari horien inguruan?
Krisiak eragina izan du jendearengan, hemen ere beharra baitago. Hala eta guztiz ere, Segundo Montes komunitateko beharrez hitz egiten dugunean, oinarrizko gaiez ari gara hizketan: kartoizko etxeetan lo egiteaz, edateko uraz, saneamenduaz… Orain arteko proiektuekin arazo horiei irtenbidea bilatzen aritu gara, eta eurentzat izugarrizko aurrerapena izan da. Senidetzearen helburua elkartasuna da, eta, horretan oinarrituta, lantzen ari den zerbait da kooperazioa.
Senidetzea Zizurkilgo alkate zinela egin zen; instituzioetatik herrira nola zabaltzen da mezu hori?
Pixkanaka, eta jauzi kualitatiboak emanez. Euskal Fondoaren bidez, orain kooperazioa eskoletara eraman nahi dugu. Hango eta hemengo ikasleen artean harremanak sortu nahi ditugu, elkar ezagutzeko, eta kontzientzia garatuz joateko, besteren beharrak ezagutuaz. Sentimendu hori sortzea beharrezkoa da. Senidetzea ez da noizean behin elkarrekin bazkaltzea, beste mota bateko konpromisoa eskatzen du, eta ez udalen artekoa bakarrik. Horregatik, nire ustez, eskoletatik lantzeko oso gai polita da.
Euskal Fondoa aipatu duzu, eta zu lehendakariordea zara. Zein da zure erantzukizuna lotura honetan?
Duela hogei urte Euskal Fondoa Gobernuz Kanpoko Erakunde baten antzekoa zen; udalen aurrekontuaren %0,7a kooperaziorako erabiltzea eskatzen zuen. Ondoren krisian erori zen, eta Berrizko (Bizkaia) eta Zizurkilgo udalak zuzendaritzan sartu ginen. 1980ko hamarkadan, %0,7 horrekin zer egiten zen erakusteko, El Salvadorrera joateko aukera eman ziguten; hortik sortu zen senidetzea.
Gogoangarria.
Adibide bat: Josune Arretxe Villabonako zinegotzi gaztea, zoritxarrez, gaixotasunez zendu zen. Aurrez, gurekin El Salvadorrera joana zen, eta hango gazteekin harreman berezia egin zuen segidan; haien bihotzetara iritsi zen. Gaixorik zegoela jakin zutenean, Che-ko gazteen argazki batekin batera, animo mezuak bidali zituzten. Zendu zenean, hango udalaren webgunean Josuneren argazkia zintzilikatu zuten: Inoiz ez zaitugu ahaztuko. Garaipenera arte, beti! mezuekin… Horregatik bakarrik merezi izan du honek guztiak; horrelako gauzek senidetzen zaituzte.