20.500 emaile izan daitezen, Gotatanta kanpaina hasi du odol emaileen elkarteak

2014. urtean Gipuzkoan 20.500 odol emaile izatea; alegia, 2014. urtean Gipuzkoako biztanleen %3 odol emaile izatea. Horixe da Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Gotatanta kanpainaren bidez jarritako erronka. Aste honetan bertan aurkeztu dute kanpaina, eta, aipatutako kopuru jakin hori lortzeaz gainera, odol emaileen belaunaldi aldaketarako oinarriak jartzea ere badago kanpainaren helburuen artean.

Gaur egun, 18.000 odol emaile baino gehiago daude Gipuzkoan, baina, elkartearen arabera, 20.000 baino gehiago izatea ezinbestekoa da beharrei erabat erantzun ahal izateko. Hau da, 2014ra begira, beste 3.000 odol emaile lortu behar dira: “Onena litzateke behar ditugun 3.000 emaile horiek 40 urtetik beherakoak izatea; hala, batetik, belaunaldien jarraipena bermatuko bailitzateke, eta, bestetik, neguaren osteko eta udaren aurreko larrialdi deiak amaitzea lortuko bailitzateke; alegia, amaitu egingo lirateke neguko gaixotasunen ondorioz eta oporretako lekualdaketen ondorioz odol biltegiak jaisten diren garaietako larrialdi deiak”, adierazi du Sabin Urzelaik, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko presidenteak. 1964ko azaroaren 27an sortu zen Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea; hala, 50 urte betetzen dituztenerako kopuru horietara ailegatzea da erronka.

“Odola ematea biztanleria osoari dagokion ardura bat da, eta hala emango dugu aditzera”, adierazi dute elkarteko ordezkariek. Horregatik, kanpainaren helburua da edozein izatea gotatanta. Alegia, odola ematearen alde zer edo zer egiten duen edonor izango da gotatanta: banakoak, enpresak zein erakundeak. Gotatanta izateko modu asko daude: besteak beste, odola ematea; elkartean boluntario gisa laguntzea; enpresetan, irakaskuntza zentroetan, erakundeetan eta beste hainbat esparrutan odola emateari buruzko ekintzak antolatzea; odola ematearen premiari buruzko mezua zabaltzea; sare sozialetan parte hartzea eta bertan odola ematearen garrantzia sustatzea; eta elkartea diruz laguntzea.

Galdetegi birtuala

Odol emaile izateko baldintza nagusiak hauek dira: 18 eta 70 urte bitartean izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea, osasuntsu egotea eta odolaren bidez kutsatzen diren gaixotasunak eragin ditzaketen arrisku jarduerarik eduki ez izana.

Hain justu, baldintza horiei buruzkoak izaten dira odol eman aurretik egiten den osasun galdetegiaren ildo nagusiak. Orain, odol emaile berriek galdetegi hori birtualki ere egin ahal izango dute —http://www.gotatanta.com/eu/ index.php webgunean—, odol emateko orduan egingo zaien osasun galdetegiaren nondik norakoak jakin eta horri buruzko informazioa aldez aurretik eduki dezaten.