Erik Gartzia Egaña
A stelehena da, eta Andorratik iritsi berria da Maialen Oiartzabal (Oiartzun, 1999). Girora egokitzen ari dela azaldu du, eta eguraldi kontuetan, behintzat, erraza izango du. Eski akrobatikoan aritzen da Oiartzabal. Snowboardarekin edo eskiekin ibil daiteke eski akrobatikoan, eta akrobaziak egin behar izaten dira barandetan eta jauzietan; mahaien antzeko guneetan ere ibiltzen dira irristan. Neguko kirola izaki, oraintsu bukatu da denboraldia, eta modu bikainean bukatu du oiartzuarrak: Espainiako Txapelketa irabazi du, maila nagusian, oraindik juniorra den arren. Bigarren aldiz parte hartu du txapelketa horretan, eta urrezko dominarekin itzuli da bi kasuetan.
Oiartzuarra ia nahi gabe hasi zen eski akrobatikoan. Gurasoekin betidanik joan izan da eskiatzera. “Asteburu batean, Frantziako eski estazio batean, talde batekin elkartu nintzen. Mendian barrena eskiatzen genuen larunbatetan, eta estazioko parkean ibiltzen ginen igandeetan. Hortxe hasi nintzen”. Eski estazioek antolatutako txapelketetan hasi zen lehiatzen, eta, probatzera eta jolastera joaten zen arren, irabazi egiten zuen askotan. Aurreko denboraldian, berriz, Andorrara joan zen, bertan antolatu zuten txapelketa ofizial batera, bere maila zein zen neurtze aldera. “Ongi ibili nintzen, eta jende pila bat ezagutu nuen, gainera; Espainiako Txapelketan parte hartzera animatu ninduten ni ikusten aritu ziren batzuek, maila ona emango nuela uste zutelako”.
Zerekin topo egingo zuen jakin gabe, Sierra Nevadara abiatu ziren segidan. Veni, vidi, vici. Podiumeko koskarik altuenean amaitu zuen lehia. Estreinako denboraldia atzean utzita, serioago entrenatzeari ekin zion. “Hankan lesioa izan nuen 2016ko udan, eta eskiaren munduan jarraitu nahi nuen edo ez erabaki behar izan nuen momentu hartan”. Jarraitu egin nahi zuen berak. “Eta gogor entrenatzen hasi nintzen berehala. Belauna indartzeko ariketak egiten hasi nintzen, prestatzaile fisiko batekin”. Garai batean bezala Frantziara joan beharrean, Andorrara joaten hasi dira orain. “Eta oso leku ona da hobekuntza lortzeko; maila guztietarako eskaintza dago han”. Astebururo Andorraraino joatea ezinezkoa denez, Oiartzabalek eta senideek denbora tarte luzeak hartzen dituzte entrenatzera joateko; Gabonetako oporrak, zubiak…
Txapelketetan modu ofizialean parte hartu ahal izateko, talde baten ordezkari gisa joan behar izaten du Oiartzabalek. Iaz, Lucas Egibar snowboardcrosseko kirolariaren aitak sortutako taldeak hartu zuen babespean, eta talde propioa sortu dute aurten: Oiarmendi. Izenak aditzera ematen duen bezala, etxean sortutako taldea da. Ez daukate babeslerik, eta gurasoek laguntzen diete bai Maialeni eta baita anaia Pauli ere. “Honetan hasiberriak gara gu, eta oraindik ez daukagu deus. Datorren urtera begira, ea Andorra inguruan zerbait egiten dugun, baina oraindik gauza asko dauzkagu hitz egiteko”.
Entrenamenduetan ez ezik, lehiaketetan ere jauzia egin du oiartzuarrak: aurten lehen aldiz aritu da Europako lehiaketetan. Puntuak pilatuta, Eslovenian jokatu zen Europa mailako txapelketa batean parte hartu ahal izan zuen. Etorkizunerako baliagarriak izango dira, gainera, puntu horiek: “Balio berbera dute puntu horiek guztiek. Hau da, Europako lehiaketetan parte hartzeko lortu ditudan puntu horiek munduko txapelketetan edo Neguko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko ere balio dute”. Hori bai, kexu agertu da txapelketetan, oraindik ere, arrakala dagoelako mutilek eta neskek jasotzen dituzten sarien artean.
2022an Pekinen jokatuko dituzte Neguko Olinpiar Jokoak. Urruti ikusten du data hori, eta ez daki hara iristeko gai izango den, baina badaki zer egingo duen: “Hasiberria naiz, eta, nahiz eta Europa mailan lehiatu naizen, asko dut ikasteko; entrenamendu asko behar ditut. Sona handia daukate Neguko Olinpiar Jokoek, eta ametsa da kirolari askorentzat”. Datorren abendura arte ez dago lehiarik, eta udan Alpeetara joango da entrenatzera, elur abstinentziari aurre egiteko.
Anaia ere, maila onean
Hori bai, Alpeetara joan aurretik, Oiartzunen bertan entrenatzen jarraituko du Oiartzabalek, beste kirol batzuei helduta, sasoiari eusteko. Prestatzaile fisiko bat eta dietista bat ere badauzka, eta, kirolaz gain, badu beste zereginik: psikologia ikasketak. Autokarabana ikasgela bihurtuta dauka azkenaldian. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jasotzen du ikasketei aurre egin ahal izateko.
Anaia eta taldekidea du Paul. 12 urte ditu hark, eta Espainiako Txapelketan brontzea lortu berri du haur mailan, kimua izan arren. Oiartzungo Kirol Sariaren ekitaldian aitortu zuenez, bera baino hobea izango den itxura dauka: “Ezberdinak gara. Berezkoa dauka berak, eta gauza bat lortzeko gehiago saiatu behar izaten dut nik. Elurretan, berriz, trikimailu gehiago egiten dut nik, baina gorputza oso ongi kontrolatzen du berak”. Gurasoentzat esker oneko hitzak ditu Oiartzabalek: “Izugarri eskertzen diet gure alde egiten ari diren guztia. Dena ematen ari dira anaiak eta biok gure ametsa bete ahal izateko. Bidea egiten ari gara”.
Leave a Reply