“Bizikletak ibilgailuak dira, eta zirkulazio araudia bete behar dute”

Manu Gonzalez (Donostia, 1951) Donostiako Bizikletaren Behatokiko idazkari teknikoa da. Hirian, hautsak harrotu ditu udalak iragarritakoak —alegia, joan den astelehenetik isunak jarriko zizkiela segurtasuna urratzen duten txirrindulariei—, baina Gonzalezek ez du ikusten arazorik.

Bizikletaz egiten den bidaia kopuruak gora egin izanak berekin ekarri du arreta areagotu beharra ere. Donostiako Bizikletaren Behatokiak, azpiegituretan baino gehiago, heziketan eta garraiobide horren sustapenean ikusten ditu erronkak.

Polemika eragin du azken bolada honetan, udala bizikletazaleei isunak jartzen hasi zaiela eta…

Kontu honetan, bi gauza argitu behar dira: batetik, ez da araudi berria; bestetik, ez da udalarena, zirkulazio araudi orokorra Espainia osoan baita aplikatzekoa. Bizikletak ibilgailuak dira, eta, horrenbestez, zirkulazio araudia bete behar dute. Horren arabera gidatu behar dira, eta orain gertatzen ari dena udal arautegian sartuta egotearen ondorioa besterik ez da. Udalak, esaterako, ezin du jaitsi isun kopurua. Bestalde, udalaren oraingo jarreraren helburua ez da segurtasuna lortzea besterik, txirrindulariaren segurtasuna eta oinezkoena. Eta behatokiak berak, egiten dituen txostenen arabera, ikusi du jendeak ez dakizkiela arauak.

Ba al da arau horiek biltzen dituen baliabiderik? Non aurki daiteke horien inguruko informazioa?

Bai. Batetik, arauak zirkulazio araudi orokorrean daude. Bestetik, kultur etxeetan, turismorako informazio bulegoan, www.observatoriodelabicicleta.org webgunean eta beste hainbat tokitan ere badaude arauen eskuorriak eta bidegorri sarearen mapa. Esaterako, D-Biziko txartela [udalaren bizikletak alokatzeko zerbitzua] ateratzera zoazenean, hori ematen dizute.

Zer da Donostiako Bizikletaren Behatokia?

Donostiako Udalak bizikleta plana onartu zuen 2001ean, eta 2004. urtean sortu zen Bizikletaren Behatokia, plana nola zihoan aztertzeko. Kalapieren eta udalaren artean osatutako organo bat da. Aholkularitza foro bat ere badago; hor, bizikleta erabiltzen duten hainbat pertsona biltzen dira.

Zeintzuk dira Donostiako Bizikletaren Behatokiaren eginbeharrak eta lan eremuak?

Batetik, herritarren kexak eta iradokizunak bideratzen ditugu. Webgune bat dugu horretarako, baita posta kutxa bat ere. Hor, jasotakoan, guk ordaintzen dugu bidalketa, baldin eta kultur etxe eta abarretan aurki daitezkeen horretarako orriak erabiltzen badira. Esaterako, bizikleta aparkatzeko toki gehiago eskatzen du jendeak, edo esaten digute oztopo den zuhaixka bat dagoela bidean… Bizikleta erabiltzaileek esandakoa begiratzen dugu guk: alegia, kexua egiaztatzen dugu. Horrekin, hilero txosten bat bidaltzen zaio udalari, eta pertsonari erantzun egiten zaio, egoera zein den azaltzeko eta horren arrazoiak zehazteko. Bestetik, mugikortasuna aztertzen dugu. Urtero, begiratzen dugu zenbat bizikleta erabiltzaile dauden. Era berean, begiratzen dugu ea aipatutako plana betetzen ari den, eta hor hobetzeko proposamenak ere egiten ditugu. Azkenik, proposamenak egiten ditugu bizikleta garraiobide gisa sustatzeko.

Nolakoa da bizikletaren egoera Donostian?

Egoera esaldi bakarrean laburbil dezakegu: bizikleta Donostiako hiri paisaiaren parte da orain. Hirian hamar edo hamabost urtean egon ez den pertsonak ikusiko du hori: orain bizikleta hiri bat dela. Datu esanguratsu bat dago: 15.000 lekualdatze egiten dira egunero bizikletaz. Azken urtean, ia %25 igo da. Gaur egun, bizikleta udan erabiltzen da, baina baita neguan ere; hau da: hautsi egin da udarekin zuen lotura. Bestalde, noiz hasi da jendea bizikleta gero eta gehiago erabiltzen? Bada, segurtasuna eta erosotasuna areagotu direnean; hau da, azpiegiturak zabaldu direnean bidegorriak eta bizikletak seguru erabiltzeko.

Bizikletaren erabilera eta bidegorrien ugaltzea lotu dituzu. Nolakoa izan da bilakaera azken urteetan?

1980ko hamarkadakoa da lehen bidegorria; ibaiaren ertzaren ondoan zegoen, baina ez zihoan inora. Gero, oinezkoen guneekin bateratuta, iparra-hegoa ardatza osatu zen. 2001ean, lehen bizikleta plana osatu zenean, hamabost bat kilometro bidegorri zeuden; orain, 56,5 kilometro daude.

Nolakoa da Donostiako Udalaren jarrera bizikletari dagokionez?

Azkeneko urteetan, bultzada politiko eta tekniko bat izan da, baina baita herritarren bultzada bat ere. Hiru oinarri horiek behar dira kultura osagaiak aldatuko dituen gizarte egitasmo arrakastatsu batean. Autoa eta motorra toki guztietan daude, eta kaleen zein hirigintzaren ardatz dira. Gure herriak, joan den mendearen bukaeran eta honen hasieran, ibilgailu partikularraren mesedetan egin dira. Ohitura horiek eta hiriaren forma aldatzeko, hiru hanka behar dira: erabaki politikoa, erabaki teknikoa eta gizartearen eskaera. Horiek guztiak izan dira azkeneko urteetan, eta inbertsio handia egin da azpiegituretan. Hala eta guztiz ere, hezkuntzan ez da inbertitu behar beste. Modu horretan, jende askok darabil bizikleta, baina ez dakizki gidatzeko arauak, ezta segurtasun arauak ere. Esate baterako, helduenak eta haurrak ez dira ausartzen 30eko eremuetan ibiltzen [bizikletek lehentasuna izanik ibilgailu motordunekin batera erabiltzen diren errepideak, orduko 30 kilometroko muga dutenak], eta espaloietara igotzen dira; beraz, zerbaitetan hobe badaiteke, gidarien heziketan eta sutapenean egin beharko litzateke aurrera.

Heziketaz gain, ba al du bizikletaren erabilerak beste argi-ilunik Donostian?

Hiritik irtetean, beste herrietara joateko bideak falta dira. Mendebalderako irteeran, bidea dugu Añorga Txikiraino, baina handik aurrera, ez. Ekialdera, berriz, duela gutxi ireki zen bidea. Hegoalderako ere, arazo bat dago; izan ere, ez dago bidegorririk Loiola eta Martutene lotzeko. Beste erronka da jendea auzo garaietara iristea; jendeak uste du Donostia laua dela, eta hori ez da horrela. Hemen, biztanleen %40 eremu altuetan bizi da: Altza, Intxaurrondo, Aiete… Hori da errealitatea. Oinezkoentzako eta bizikletazaleentzako mugikortasun bertikalerako plana onartua dago, baina, diru falta dela eta, auskalo zer gertatuko den.