Hiru hankako aulkia, Eskola Txikien dokumentaleko izar

Hiru hankako aulkia: udalak, gurasoak eta irakasleak ordezkatzen dituen irudia. Elementu hori protagonista gisara hartuta osatu dute Eskola bizia, herri bizia, Gipuzkoako Eskola Txikien eguneroko jarduna erakusten duen dokumentala. Iñaki Alcaldek zuzendu du ikus-entzunezkoa; Larraulgo Eskola Txikiko gurasoa da. Haren arabera, hiru hankako aulkiak “oso ondo” irudikatzen du dokumentalarekin lortu nahi zutena: “Hiru eragile horien elkarlana behar da eskolaren pisuari eusteko eta herria bizirik mantentzeko”. Joan den asteartean aurkeztu zuten dokumentala, eta gaur estreinatuko dute, 19:00etan, Tolosako Leidor zineman. Horrez gain, igandean Larraulen ospatuko den Eskola Txikien 25. festan ere emango dute: 11:00etan eta 16:00etan.

Taldean du abiapuntua Eskola bizia, herri bizia proiektuak. 2011ko uztailean ekin zioten asmoa lantzeari, eta, horretarako, guraso, irakasle eta udal ordezkariekin osatutako lantaldea sortu zuten. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxaren eta eskola txikiak dauden udalen babesa ere jaso dute. Eskola eredu hori oraindik ere gizartearentzat “ezezaguna” dela iritzita ekin zioten proiektuari, eskola txikiek herrietan zer garrantzia duten eta pedagogikoki dituzten ezaugarriak zein diren gizarteratzeko premia dagoela iritzita. Gaur egungo kezkak eta erronkak ere hizpide izan dituzte.

“Eskola Txikietako hainbat errealitatetara hurbildu nahi genuen, eta hezkuntza sistema honen inguruan sortzen den lan dinamika irudietan jaso”, azaldu du Alcaldek. Hala, grabazio prozesua “irekia” eta “gidoi itxirik gabea” izan dela adierazi du. Berrobiko 8 eta 11 urte bitarteko gelaren jarraipen lana da, batetik, dokumentala. Eta gurasoen, ikasleen, irakasleen zein udal ordezkarien testigantzek osatu dute.

Eman nahi izan duten mezua ere argia da. Eskola txiki bat ikasgela barruan gertatzen den hori baino askoz ere gehiago dela; alegia, herriaren zimendu bat ere badela eskola: herri proiektu bat.

Musikaren bidez ere sinbolizatu nahi izan dute Eskola Txikien errealitatea. Borja Rodriguezek egin du musika. Aizarnazabalgo Eskola Txikiko ikasle ohia da Rodriguez, eta Hollywoodeko zinema industriarako musika konposatzen du egun. Los Angelesen bizi da. “Borjarekin Eskola Txikietako ikasleen inguruan dagoen okerreko topikoa hautsi da berriro ere”, azaldu du Alcaldek.

Behin aurkeztuta, ikus-entzunezkoari ibilbide luzeagoa eginaraztea dute xede; besteak beste, eskola txikiak dauden herrietan ematea. DVDa salgai ere jarriko dute www.eskolatxikiak.org webgunean eta eskola txikietako guraso elkarteetan. Ordubete irauten du, eta euskaraz egin dute; gaztelaniazko eta ingelesezko azpidatziak ere prestatu dituzte.