Eider Goenaga Lizaso
Gipuzkoako Ogasunak jakinarazi du jada 2017ko jardunean azaleratutako iruzur fiskalaren zenbatekoa: 253,4 milioi euro, 2016an baino %18,2 gehiago. Iruzurraren kontrako borrokan etenik gabe ari direla dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta pozik daude emaitzekin, oraindik ere egiteko asko dagoela onartuta. “Kuantitatiboki zein kualitatiboki egin behar zaio aurre iruzur fiskalari. Kopurua handia da; zenbat eta diru iruzur handiagoa azaleratu, orduan eta hobeto. Baina kualitatiboki ere begiratu behar zaio; borroka honetan kopurua bezain garrantzitsua da kultura aldaketa”, azaldu du Jokin Perona Ogasun zuzendariak.
Ildo horretan, kontrola handitzearen zuzeneko eragina azaleratutako iruzurrean ikusten dela zehaztu du; baina zeharkako eragina ere badagoela dio, kontrola zorrozten den neurrian aitortzaileen joerak aldatu egiten direlako. Hori kuantifikatzea oso zaila dela gaineratu du. “Sektoreka egindako jarduera zehatzetan frogatu izan dugu zeharkako eragina badagoela, eta kalkula daiteke gutxi gorabehera zenbatekoa den; baina, kopuru osoetan, ezin da zenbatu zeharkako eragina”.
Arloz arlo, aurten BEZ zergaren iruzurra agertzen da buruan, igoera nabarmenarekin: 68,5 milioi eurotik 124,8 milioi eurora. Xabier Olano EH Bilduko batzarkide eta aurreko Ogasun zuzendariaren arabera, “logikoa” da iruzur handiena BEZ zergan antzematea, hor biltzen baita diru gehien. Ildo horretan, heziketaren garrantzia aipatu du Olanok, eta horretan bat dator egungo Ogasun zuzendaria ere. “Kontzientziazioa da gure lan ardatz garrantzitsuenetako bat”, dio Peronak.
BEZaren iruzurra txikiek zein handiek egiten dutela zehaztu dute biek. “Esparru guztietan dago iruzurra”, dio Peronak, eta hori honela zehaztu du Olanok: “Tamalez, gurean oso ohikoa da bezeroak faktura BEZik gabe eskatzea; eskudirutan funtzionatzen duten negozioetan badago irabazitako guztia ez aitortzeko joera; zentro komertzial handiek ere kanpainak egiten dituzte esanez ‘BEZa itzuliko dizugu’, eta oso mezu kaskarra zabaltzen da hor ere; eta enpresa handi askok sareak dauzkate antolatuta: batak besteari pasatzen diote BEZa, eta, azkenean, ez du inork ordaintzen”.
Jokabide desegokiak salatu
Horiek guztiak identifikatzeko lanean gogor ari direla azaldu du Peronak. Bezeroen kasuan, ezinbesteko jo du kontzientziazioa eta kultura aldaketa. BEZik gabe ez ordaintzea, toki guztietan tiketa exijitzea… “Norberak bere buruari exijitu behar dio jokabide zuzena izatea, baina besteei ere gauza bera exijitu behar die”.
Foru aldundiak baditu salaketarako bideak, eta urteotan salaketek gora egin dutela azaldu du Peronak. “Pertsona batek praktika desegoki bat ikusten badu, modu anonimoan sala dezake. Informazio hori oso baliagarria izan daiteke, ez ditugun datuak eskura ditzakegulako, gu ezin garelako iritsi toki guzti-guztietara. Beraz, gonbita egiten diet herritar guztiei zerbait ikusten badute informazioa eman dezaten”.
Halako jokabideak saihesteko, kaleko ikuskaritzak egiten dira, eta baita kanpainak ere; adibidez, ordainketa guztietan tiketa eskatzeko. Horrez gain, aurrerapen teknologikoak kontrol zorrotzagoa ahalbidetzen du. Peronak bi proiektu aipatu ditu. “Kutxa erregistratzaileena da bat. Software baten bidez, jaulkitzen den momentu berean jasotzen du Ogasunak tiketa, eta hori garatzen ari gara. Bestetik, SII proiektua daukagu; programa horrekin, sei milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresek lau egunez behin bidali behar dizkigute faktura guztiak, bai jasotakoak eta bai igorritakoak. Espiritua hori da, teknologia sartuz joan, eta, ahal den neurrian, dena online egiten saiatu”.
Kaleko ikuskaritza eta teknologia uztartzen dituen beste jarduera bat ere aipatu du Peronak. “Tokian tokira joan eta momentuan klonatzen dugu informazioa, gero dena aztertzeko. Iruzurgilea harrapatzeko ez ezik, besteei mezua igortzeko ere balio dezake horrek”. Eskudirutan ordaintzen den tokietan egiten dute hori.
Nazioarteko informazioa
Iruzurgile handiagoen kasuan, inguruko lurraldeetako ogasunekin informazioa trukatzen dela dio Peronak, baina nazioarteko informazioa izatea ere ezinbesteko jo du. “Ohikoa da lurralde eta nazio ezberdinen arteko mugimendua, bai enpresa handien kasuan eta bai ertainen kasuan; hemengo enpresak beste herrialdeetako enpresekin aritzen dira lanean, eta hor dauden transferentziak jarraitu behar ditugu”.
Horretan pausoak ematen ari direla aitortu du Olanok. “Gure garaian arazoak izaten genituen, adibidez, Bizkaiko informazioa jasotzeko; Nafarroarekin hitzarmen bat sinatu genuen elkarri informazioa emateko, eta Iparraldeko zerga administrazioekin ere bideak ireki genituen”. Hitzarmen gehiago egiten ari dira orain, eta EAEko hiru Ogasunen artean iruzurraren kontrako batzordea osatua dago, 2014tik, bai informazioa trukatzeko eta baita bakoitzak egiten dituen jardueren berri eman eta esperientziak partekatzeko ere. “Nazioartean ere ari dira pausoak ematen. Gure legealdian, adibidez, lortu zen Suitza hango kontuen informazioa ematen hastea”, dio Olanok.
Akordio berriei buruz hitz egin du Peronak. “AEBekin akordioa sinatu da, eta, horren bidez, AEBetako finantza erakundeetan kontuak dituzten gipuzkoarren informazioa jasotzen dugu. Europan, berriz, aurten jarriko da martxan duela zenbait urte Berlinen sinatu zen akordio bat, eta 54 herrialdetako informazioa banatuko dugu. Buruz ari naiz, baina paradisu fiskalak dira horietako hamabost bat”. Informazioa izatea “oso aurrerapauso garrantzitsua” dela dio: “Nazioartean jokatzen duten iruzurgileei eremua murrizten ari gara”.
Informazio asko da, ordea; eta, hori kudeatzeko, aztertzeko eta Ogasunak dituen datuekin desadostasunik dagoen aurkitzeko, baliabideak behar dira. Horretan ere urratsak egin direla dio Peronak, bai baliabide teknikoetan inbertituz —Ogasuneko aurrekontuaren %15— eta bai langile gehiago jarriz. Arlo horretan egiten dio kritika Olanok egungo foru gobernuari. 300 bat langile aritzen dira egun Ogasunean —kudeaketa, ikuskaritza eta zerga bilketan— eta foru aldundiak 45 lagun gehiago hartuko ditu taldea indartzeko. 26 jada hasi dira lanean, eta hemeretzi maiatzean hasiko dira. “Guk uste dugu hor ahalegin handiagoa behar dela; behin- behinekoak dira kontratazioak, eta lan eskaintza publikorik ez da egin. Egonkortasuna behar da arlo horretan, hau ez baita gauza puntual bat. Gainera, azpimarratu behar da errentagarritasun handiko langileak direla iruzurraren arloan lan egiten dutenak”, esan du Olanok.
Ahalegin gehiago
Azaleratutako iruzur fiskalarekin gustura egon arren, bertan gozo egoterik ez dagoela aitortu du Peronak. Eta zorroztasun handiagoa behar dela dio Olanok, koska bat gehiago igo behar dela. “Estimazioen arabera, eta estimazioak diot azaleratzen ez bada ezinezkoa delako iruzurraren zenbatekoa zehaztea, Gipuzkoan 700-800 milioi artekoa izan daiteke iruzur fiskala; %36ra baino ez garela iristen esan nahi du horrek”.
Landu beharreko beste puntu garrantzitsu bat azaleratutako iruzurraren kobraketa dela azaldu dute biek. “Azaleratutako iruzurra ez da iruzur guztia, eta berreskuratzen dena ere ez da azaleratutako guztia”, dio Peronak. %60-70 inguru berreskuratzen da. Batetik, iruzurgile askok auzibidera jotzen dute, eta horrek asko atzeratzen du kobraketa, eta, zenbaitetan, epaileek atzera botatzen dituzte espedienteak; horrez gain, denbora tarte hori ondare hustuketa egiteko baliatzen duten iruzurgileak daude. Ogasunak ahalegina egiten duela zehaztu du Peronak, bai ondasunen jarraipenean eta baita kautelazko neurriak ezartzerakoan edota ondasunen bahiketan ere.
“Kontzientziazioa, neurriak, kontrola, informazioa, eta, hala eta guztiz, iruzurra egiten duenari, egurra”. Horrela laburbiltzen du Olanok iruzurraren kontrako borroka. Iruzurgileak jada jasotzen du zigorra: zenbait kasutan, zor duenari beste hainbesteko isuna jartzen zaio. Peronak azaldu duenez, arlo horretan araudia urtez urte eguneratzen da, besteak beste, “isunak gogortzeko”.
Leave a Reply