Beñat Alberdi
Hamaika inkestak adierazi du gazteek politikarako interes falta edo apatia daukatela. Errealitateak, ordea, badauzka beste zantzu batzuk, eta horren erakusle dira Ane Martinez, Maite Larrañaga eta Eneko Mateos, Almen ikastolako ikasleak. Izan ere, hirurak politikari lanetan aritu dira Europako Gazte Parlamentuko Espainiako kanporaketan, Kordoban. Gai korapilatsuak aztertu dituzte bost egunetan; arazoak aurkitu, eta, noski, konponbideak proposatu. Ingelesez, gainera.
Bizitzak hamaika ezusteko omen dauzka gordeta, eta hainbat eskolatako ikasleekin Europako Batasuneko arazoez eztabaidatzea izan daiteke adibideetako bat. Martinezek LGTB komunitatearen eskubideez eztabaidatu eta lege proposamena osatu du; Mateos Europako hizkuntza gutxituen egoera hobetzeko neurrien inguruan aritu da lanean; eta Larrañaga digitalizazioari buruz. 16-17 urte dituzte, eta Batxilergoko lehen mailan ari dira hirurak.
Baina zer da Europako Gazte Parlamentua? Erakunde apolitikoa eta alderdiz kanpokoa da, eta Europako gazteen beharrei erantzun nahi die. Nazioarteko saioek daukate sonarik handiena, eta Europako hainbat herrialdetako 300 ikasle inguru biltzen dira saio horietan. Eztabaidatzea eta lege proposamenak osatzea da gakoa. Izan ere, nazioarteko saioetan onartutako lege proposamenak Europako Parlamentu ofizialera irits daitezke, eta, diputatuek hala erabakiz gero, onartu egin ditzakete gero. Esaterako, parlamenturaino iritsi zen 18 urte betetzen dituzten guztiei Interrail txartel bat emateko proposamena; diputatuen soldata jaitsita lortuko litzateke aurrekontu hori. Lege proposamen horrek, dena den, ez zuen aurrera egin.
Kordobakoa, ordea, ez da izan nazioarteko saioa, horretarako sailkatzeko kanporaketa baizik. Hiru ikasleek Donostian hasi zuten bidea, eskualdeko batzordean. Almen ikastola izan zen garaile, eta Martinezek, Larrañagak eta Mateosek egin zuten ondoen politikarien lana. Horregatik joan dira Kordobara. “Izugarrizko esperientzia izan da”, azaldu du Martinezek. “Eztabaidatzen ikasteaz gain, jende pila bat ezagutu dugu, eta lagun berriak egin ere bai. Beste mundu bat zen hura”.
Ez da makala izan egin beharreko lana. Gustukoen zituzten bost gaiak aukeratu zituzten hasieran, eta batzordeetan banatu zituzten gero. “Donostiako saioan, esaterako, arazo bat planteatu ziguten”, nabarmendu du Mateosek. “Eta guk legea proposatu behar genuen arazo horri erantzuteko. Kordoban, ordea, arazoak ere antzeman behar izan ditugu”. Luze eztabaidatu behar izan zuten batzordeko hamabi kideen artean.
Laguntzaileen babesean
Arazoak aurkitu ostean, lege proposamena bideratzea da saioaren muina, eta horretarako Europako Parlamentuko ingeles teknikoa erabili behar izan zuten. “Laguntzaile bat zeukan batzorde bakoitzak”, azaldu du Larrañagak. “Aurreko urteren batean parte hartutakoak ziren gehienak”.
Proposamena osatzeaz gain, osoko bilkura falta zuten parlamentuko lana ezagutzeko: gainontzeko kideen aurrean aurkeztea eta defendatzea, alegia. 120 pertsonaren aurrean ingelesez hitz egitea eta zurea defendatzea. Hiruren hitzetan, ingelesa ez dute izan arazo: “Bost egunez ia etengabe jardun dugu ingelesez, eta moldatu gara”, zehaztu du Martinezek. Hiruren hitzetan, hizkuntza horretan sakontzeko, behintzat, baliagarria izan da esperientzia.
Oraindik ez dakite nazioarteko saioetarako sailkatuko diren edo ez, ez baitituzte jakinarazi emaitzak. Baina batzordeetan laguntzaile lanetan aritzeko aukera izango dute hurrengo batzordeetan. Beste hainbat aukera ere izango dute antolakuntza lanetan parte hartzeko, eta hirurek oso argi daukate ez diotela uko egingo aukera horri.
Leave a Reply