Martxo amaieran, Parot doktrina gisa ezagutzen den 197/2006 doktrina ezarrita zuten 47 euskal presok euren sententziari jarritako babes helegiteak aztertu zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta haietako 25i buruzko erabakia jakinarazi zuen. Ez zen erabaki kolektiboa izan; kasuak banan-banan aztertu zituen. Hemeretzi helegite atzera bota zituen, hiru ez zituen onartu, 22 tramiterako onartu zituen, eta beste hiruri arrazoia eman zien. Helegitea onartuta, martxoaren 30ean askatu zituzten hiru gipuzkoar: Jose Inazio Gaztañaga Gazta (Arrasate, 1961), Juan Mari Igarataundi (Zestoa, 1957) eta Jose Mari Perez Txuri (Zarautz, 1962). Lehenak 24, eta beste biek 25 urte igaro dituzte espetxean. Berez, 2006an, 2007an eta 2008an irten behar zuten, hurrenez hurren; doktrinarekin, 2017 eta 2018ra arte egongo ziratekeen preso.
Bi hilabete igaro dira ordutik, eta “ustez, kalera eginda” daude, Igarataundiren hitzetan. Hala ere, oraindik harritu egiten dira tarteka: “Autoak handiak dira, eta autobusak denak dira akordeoizkoak eta bi pisukoak”. Hasierako ongietorriak eginda, ari dira apurka egunerokotasun berria sortzen. Espetxean egindako urteek, ordea, ezinbestean eragin diete osasunean, eta hirurak dabiltza, gehiago edo gutxiago, medikutan. Arazo gehien Perezek ditu; azken uneko ezusteko batengatik, ezin izan du elkarrizketara agertu.
1987an eta 1988an atxilotu zintuzteten. Espetxeratu zintuztetenean, espero zenuten hainbeste denborarako izango zela?
juan mari igarataundi. Sartu ginenean, hamar urte esaten genuen; hamar urtean konponduko zela kontua. Gero, Aljerko negoziaketarekin, Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako izango zela esaten genuen [barre egiten du]. Tira, hori esaten zen, baina ez zen sinesten. Baina hamar urteena bai; mundu guztiak pentsatzen zuen hamar urtean konponduko zela kontua, harik eta 2000ra gerturatzen hasi ginen arte. Hor ikusi genuen ezetz, zigorrak osorik bete beharko genituela.
Espetxeko bizitza asko aldatu da preso egin dituzuen urteetan?
j.m.i. Erori ginenean, [euskal preso politikoen] kolektiboko jendea bakarrik geunden. Horrela bi urtez, dispertsioa hasi zen arte. Nire ustez, okerrera egin dugu, arlo guztietan: inoiz baino isolatuago gaude, baita espetxeetan bertan ere. Jakina, oraingo makrokartzela horietako bakoitzean hamalau, hamabost modulu daude, eta ahalik eta euskal preso gutxien sartzen dituzte bakoitzean. Espetxe berean hamar urte egin ditzakezu kide batekin, eta hura ezagutu ere ez.
jose inazio gaztañaga. Egokitzen zaizun moduluaren arabera ere, nahiko ongi bizi zintezke, edo oso gaizki. Errespetu modulu batean nahiko eroso bizi zaitezke; lehen graduko modulu batean edo jende gatazkatsuarekin egokitzen bazaizu, arazo gehiago dituzu.
j.m.i. Eta isolamenduan bazaude, zer esanik ez. Nik igaro izan ditut hiru urte kiderik gabe, eta gogorra egiten da euskaraz hitz egin ahal ez izatea, edo politikaz aritzeko aukerarik ez izatea. Preso sozialekin harremantzen zara, baina desberdina da.
Zer esaten zenieten iritsi berriei?
j.m.i. Egia esan, apenas ezagutu dut jende berririk 1990az geroztik. Soilik modulu berean egokitu zaizkidanak; eta ez ziren 30 edo 35 baino gehiago izango.
j.i.G. Hasieran, denok elkarrekin geundenean, modulukoak ezagutzen zenituen, baina baita bisitetan, epaiketetan, kartzela eritegietan… jende mordoa ezagutzen zenuen horrela. Baina orain ez duzu ia inor berririk ezagutzen.
Alde handia igartzen da espetxe batetik bestera?
j.m.i. Villabonan (Asturias, Espainia) nengoenean, bost urte eta erdi egin nituen isolamenduzko modulu txiki-txiki batean. Sei patio txiki zituen; handienak 90 metro koadro izango zituen. Goitik, dena itxita, eta sareez banatuta; kaiolak ziren. Eta hor, bost urte eta erdiz! Saiatzen zara zure buruari esaten ondo zaudela, bestela erotu egiten zarelako, baina espetxez aldatu nindutenean ohartu nintzen zeinen gaizki nengoen. Kartzelak irentsi egiten zaitu, eta ez zara ohartzen; hori da okerrena. Askori hori gertatzen zaie; azken unean ohartzen dira, eta ez dute asmatzen erantzuten.
j.i.G. Alboloten (Granada, Espainia) isolamenduan geunden, baina hor egoteko, nahiko baldintza leunetan geunden. Huelvatik (Espainia) etortzen zen jendea ikusten genuen, eta haiei igartzen zitzaien handik zekarten tentsioa. Denborarekin lasaitzen ziren, baina espetxe batetik besterako aldea ikaragarri nabaritzen zen haien nerbioetan.
Zenbatekoak dira espetxe barruan hobekuntzak eskatzeko aukerak?
j.m.i. Orain, gutxi edo batere ez. Zerbait egiten hasten bazara, berehala bidaltzen zaituzte beste kartzela batera, sua piztu aurretik. Bota egiten zaituzte, jende berria ekartzen dute, eta haiek ohitzerako… Zaila da. Denborarekin, irabazita geneuzkan gauzak galtzen joan gara, eta gero xantaia egiteko erabili izan dituzte. Gobernuak ere presoak xantaia egiteko erabiltzen dituen bezalaxe, gauza bera gertatzen da kartzela barruan. Gauzak kentzen dizkizute eta esaten dizute beste zerbaiten truke emango dizkizutela.
Nola oroitzen duzue Parot doktrina aplikatu zizueten unea? [Gaztañagari] Zu irtetear zeunden.
j.i.G. Soziologo bat, edo psikologo bat, edo horrelako zerbait agertu zen, eta esan zidan: “Hauxe aplikatu dizute, eta ez zara irtengo hemendik hamabi urtera arte”. Eta gero: “Ez diozu ezer egingo zure buruari, ezta?”. Nik? Neure buruari ezer egin aurretik, beraiei egingo niekeen. Haien kezka ez da zu izorratzen ari direla, baizik eta ea zuk zure buruari zerbait egingo diozun. Eta ez zuk kezkatzen dituzulako, kanpoan izango duen oihartzunagatik baizik.
j.m.i. Indarrean jarri eta hirugarren urtean aplikatu zidaten niri: espero nuen, eta ez neukan planik eginda. Heldu zen egunean, ez zidaten abisatu ere egin, ez zidaten ezeren berri eman. Abokatuari esan zioten, eta hark esan zidan: “Aplikatu dizute”, eta kitto.
Doktrina jarrita daukaten presoak nola daude orain?
j.m.i. Gaur bertan [asteartean] jaso dugu Txominen [Troitiño, preso donostiarra] gutuna, eta esaten du ederra egin dietela, baina jada eman diotela buelta eta baikor direla, urte gutxi barru kalean egongo direla. Ez genuen halakorik espero; ia ziur geunden oraingoan kendu egingo zutela.
Aldeko sententzia espero zenuten.
j.i.G. Ni ez nengoen ziur, baina sei urte erabakitzen pasatu eta gero, pentsatzen nuen arrazoia emango zigutela, eta horregatik eduki gaituztela horrela; ahal beste luzatzen ari zirela, azkenean arrazoia emango zigutelako.
j.m.i. Urriaren 20a ere hor dago, armak uztearena; hor pentsatu genuen, “Hau da unea”. Gobernuari ez zitzaion asko kostatuko; errua epaileei botako zieten, kritikak haientzako izango ziren eta kitto. Erraza zeukaten, baina nahiago izan dute xantaiarekin jarraitu.
Zer espero duzue tramiterako onartu dituzten helegiteetatik?
j.m.i. Baten bat irtengo da, gu bezala; agian izango dira bi, hiru, bost…
j.i.g. Kontuak duen itxurarekin, ezer gutxi espero daiteke. Ez dute ezer konpontzeko borondaterik.
Parot doktrina aplikatzen jarraitzen dute. Juan Jose Zubietari maiatzaren 5ean jarri zioten, atera behar zuen data baino hiru egun lehenago.
j.m.i. Horretan jarraituko dute, Europak [Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak] esan behar duena esan arte. Baina hori ere, zigorrak bete ostean. Hor dago koska: guri arrazoia eman digute, baina sei urte gehiago ordainarazi ondoren.
j.i.g. Horiek ez dizkigu inork kenduko. Nire kasuan, auzitegiaren sententziak zioen askatasunari eragiten zion auzi bat izateagatik, “premia handienaz” tramitatuko zutela. Premia handiena, beraientzat, sei urte dira.
Zer sentitzen duzue urte horietan pentsatzen duzuenean?
j.m.i. Etsipena eta amorrua sentitzen dira hori egiten dizutenean. Eta, gainera, mundu guztiak dakienean legez kanpokoa dela egiten ari direna.
j.i.g. Ez dira sei urte horiek bakarrik, edo hirurak, edo bakoitzari gerta dakiokeen ezer. Euskal herritar bakar batek ere ez luke kartzelan egon behar berea den zerbaitengatik borroka egiteagatik.
j.m.i. Hortxe dago koska. Ez dugu esango euren legeak onartzen ditugunik, baina hala ere, euren legeak aplikatuko balituzte, kolektiboaren %80 kalean leudeke jada. Baina kolektibo gisa bazoaz, jai daukazu; ez dute kolektiboa onartzen, dena banaka doa.
Zer dago ukapen horren atzean?
j.m.i. Jende gehiago harrapatu dezakete euren bidetik. Zenbat eta eraginkortasun gutxiago duen kolektiboak, orduan eta dispertsatuago dago jendea, eta gehiago sartu dezakete eskua.
j.i.G. Euskal Herrian dagoen arazoaren ukazioa da.
Asteburuan jakinarazi du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak babesten duela ETAk armak uzteko hartutako erabakia, eta prest dagoela gatazka politikoa gainditzen laguntzeko.
j.m.i. Positiboa izan da guztiz. Argi gelditu da ez dagoela inolako desadostasunik, norbaitek horri buruzko zalantzarik bazeukan. Barruan geundela jada eztabaidan ari ginen, eta uste dut oso positiboa izan dela.
j.i.G. Arazoa da, egiten duzuna egiten duzula ere, inoiz ez dela nahikoa. Baina beraiek zer egin dute? Ez dute ezer egin, eta hori iruditzen zaie nahikoa.
Gatazka politikoa konpontze bidean dela iruditzen zaizue?
j.m.i. Oraintxe, zaila da, baina aurrera begira, denbora gutxian urratsak egiten hasiko direlakoan nago. Ez dakit zenbateraino izango den gure presioagatik edo Europarenagatik, baina zerbait mugitu beharko dute. Orain, itxura dauka ez dutela ezer egingo armak entregatu arte; gero ez dute ezer egingo armak entregatzen amaitu arte; eta gero esango digute belaunikatu egin behar dugula, edo horrelako zerbait. Oraingoz, erakundeak armak entregatzeko erabiltzen ari dira presoak.
j.i.G. Presoak beti erabili izan dira trukerako, eta orain inoiz baino gehiago.
Desberdin ikusten da konponbidea kartzela barrutik eta kanpotik?
j.m.i. Kalean informazio gehiago dago, baina antzeko ikusten da. Agian kalean esperantza gehiago dituzu, jende gehiagorekin hitz egiten duzulako eta baikorragoak direlako. Kartzelan, errealistagoa zara, eta lasaiago begiratzen diozu kontuari. Kalean baikorrak dira, ez zaielako kostatzen baikorrak izatea; kartzelan, baikorregia bazara, gero kolpea handiagoa da.
Prospekziorik egiteko modurik ba al da? Nola irudikatzen duzue egoera hemendik bi edo bost urtera?
j.m.i. Bi urte barru, hiru laurdenak beteta dituztenak eta baldintzapekoak ateratzen hasiko direlakoan nago. Eta bost urteren buruan, preso gehienek kalean egon behar lukete.
j.i.G. Munduak buelta asko ematen ditu, eta ez naiz ausartzen ezer iragartzera. Baina honek aldatu behar du, egoera ez delako jasangarria: 700 presoko egoera bati ezin zaio eutsi, eta ezin da onartu. Erantzunen bat eman behar da, honek atera behar du nonbaitetik. Ea asmatzen dugun eta dena ondo ateratzen den.
Espainiako Gobernuak nazioartetik presioa sentitzen duela uste duzue?
j.m.i. Ez dauka horren itxura handirik, baina ziur nago sentituko duela. Brian Currinek-eta mundu osoan dute pisua, eta jada badakite zeri begiratu. Badakite zeintzuk diren urratsak, eta nork eman dituen eta nork ez.
j.i.G. Arazoa da, egoera ekonomikoa dagoen bezala egonda, horrekin egingo diotela presio: ekonomiarekin. Gu bigarren mailan geldituko gara. Nahiago nuke oker egon eta Europak presio handia egingo balu, baina arazoa ekonomia dela dirudi, eta ez gu.
Eta Eusko Jaurlaritzatik zer espero daiteke?
j.i.G. Espetxe politika konpondu behar dela esaten dute, baina gero, sei urtez bahituta egon ondoren kalera ateratzen zarenean, Ertzaintzaren bost furgoi bidaltzen dizkizute ongietorria oztopatzera. Eta EAJ, presoei biktimismoa egozten; horiek egin behar luketena da isildu eta barkamena eskatu egin duten guztiagatik, ez baitiote Euskal Herriari ezertan lagundu. Euren interes ekonomikoei baino ez diete mesede egin.
j.m.i. Oraingo Eusko Jaurlaritzatik ezin da ezer espero. Aukera izan dute Madrilen egin dutena baino gehiago egiteko, eta ez dute egin; eta orain, are gutxiago. Gelditzen zaien denbora apurrean, ez dute zer eginik. Eta EAJ, berdin; dispertsioa legez kanpokoa dela diote, baina beraiek izan ziren hori bultzatu zutenak.
Dagoeneko bi hilabete igaro dira espetxetik atera zinetenetik. Zein inpresio egiten dizue orain munduak?
j.i.G. Espetxetik irteten zara pentsatuaz sartu zineneko adina duzula. Nik barruan ere batzuetan pentsatu behar izaten nuen, “Baina zenbat urte ditut nik? 26, edo zenbat?”. Norbere burua babesteko mekanismo bat ere bada hori.
j.m.i. Hori da kalean pasatako azken urteak dituzulako buruan: egiten zenituen parrandak… Kartzelan pasatzen dituzun urteetan horretaz gogoratu zara, eta hori izan duzu buruan. Jakina, irteten zara, eta ohartzen zara jada ez dela horrela: dena aldatu da, eta jada 25 urte gehiago dituzu.