Beñat Alberdi
Irratiek zeresan handia daukate, oraindik, hurrengo abesti ezaguna zein izango den erabakitzeko garaian; horrek zehaztuko du uda honetan Euskal Herriko txosna guztietan zein kantu jarriko duten behin eta berriz. Nabarmena da, era berean, musika taldeen sustapenerako sare sozialek hartu duten indarra. Horren adibide litzateke joan den urtean Huntza taldeko seikoteak lortutako sona. Azken hamarkadan dezente aldatu da musikaren testuingurua. Egun, disko bat saltzea baino baliagarriagoa da abesti sorta Youtuben jartzea edo sarean edonork deskargatzeko moduan jartzea. Baina arau guztiek izaten dute salbuespena, eta Oñatiko musika taldeek testuinguru horretatik kanpo kokatu dute euren burua. Izan ere, laugarren aldiz herriko musika taldeen kantuak batzen dituen diskoa kaleratu berri dute: Oñati Bizirik 4.
“Hasiberriak ziren Oñatiko taldeei aukera eskaintzea, sorreratik hori izan da ekimenaren asmo nagusia”, azaldu du Anjel Lera diskoaren sustatzaileetako batek. “Talde horiei aukera eman diegu euren abestiak plazaratzeko eta euren sorkuntza ezagutarazteko”. 11 taldek eta Potx eta Lotx pailazoek parte hartu dute proiektuan, eta hogei abesti dauzka diskoak. Oraindik maketarik kaleratu ez duten musikariek grabatu dute jada lehen lana.
Filosofia bereko laugarren bilduma izaki, proiektuak erreferentzia lortu du jada Oñatin. “Entzuleengan ilusioa sortzen du proiektuak. Harrera ona izan du orain artean”, nabarmendu du Lerak. Gertukoen edo ezagunen lana entzuteak indarra ematen dio proiektuari, baina, lortu duen erreferentzia horren eraginez, ez da hasiberriei eskainitako egitasmoa soilik; dagoeneko disko edo maketaren bat grabatuta daukatenek ere parte hartu dute oraingoan. Herrian ezagun bihurtzeko bidea da, azken finean.
Grabaketak, gaztetxean
Proiektuaren filosofiarekin lotuta dago audioa grabatzeko modua ere. Modu xumean, emaitza duina lortu nahi dute; kostuak murriztu nahi dituzte, taldeentzako gastua izan ez dadin. Izan ere, Oñati Bizirik proiektuaren oinarria ez da dirua irabaztea. Sustapenerako edo taldeak ezagutarazteko bide bat da, ez taldeek sosak lortzeko aukera. Diskoa prezio baxuan jarri ohi dute salgai, edonorentzat eskuragarri izan dadin. Helburu bakarra dute salmentan jarritako diskoek eta eskainitako kontzertuetan lortutako irabaziek: grabazioetako eta edizio lanetako gastuak ordaintzea.
Kostuak murrizte aldera, baztertu egin zuten estudio batean grabatzea, eta zuzeneko soinua pilatu dute diskoan. Antixena gaztetxea bi egunez erabiltzeko baimena eskatuta, bertako kontzertu gelan grabatu dituzte hogei abestiak. Sustatzaileak azaldu duenez, gaztetxearen proiektuarekin bat egiten duela baliatuta, gaztetxeko gazteak ibili izan dira beti antolakuntza lanetan. Ez sartu, grabatzen ari gara irakur zitekeen kartela jarri zuten eraikinaren sarreran. “Eta erabiltzaileek nahikoa errespetatu zuten, egia esan”, argitu du Lerak.
Oñati Bizirik proiektuaren oinarria beti izan da zuzeneko grabaketa, baina aldaketak izan ditu lehen diskotik laugarrenera: “Taldekideek eserita jotzen dute orain, eta igartzen da kalitatean”, adierazi du oñatiarrak. 2006an prestatu zuten lehenengo diskoa, duela hamabi urte. Gaztelekuko agertokia hartu eta kontzertuak eskaini zituzten talde hasiberriek; bete egin zen aretoa.
Duela hamabi urte sortu zen proiektua gauzatzeko ideia, eta ordukoa beste garai bat zela gogoratu du Lerak: “Gaztetxe bat okupatu berri zuten, eta halako kultur eta musika eztanda bat sortu zen gazteen artean. Musika talde berri asko taularatu ziren”. Testuinguru horren bueltan, batzordeko pare bat kideri bururatu zitzaien nolabait forma eman behar zitzaiola eztanda horri. Are gehiago, euren kantuak ere grabatu behar zituztela pentsatu zuten. Izan ere, iraupen laburra izaten zuten talde askok. Horrela sortu zuten proiektua. Egun, sarera ere igotzen dituzte orduko abestiak, eta, hala nahi dutenentzat, eskura daude 2006ko Oñatiko musika taldeen lanak ere.
Beste hiru disko kaleratu dituzte ordutik: 2009an, 2013an eta aurten. Kurioski, hiru urte pasatu ziren lehenengotik bigarrenera; lau bigarrenetik hirugarrenera; eta bost pasatu dira azken bien artean. Hurrengoa sei urte barru kaleratu beharko dutela azaldu du Lerak, txantxetan. Ez daukate irizpide argirik lanak noiz grabatu eta kaleratu erabakitzeko. Argi daukate, ordea, pare bat urteko tartea behar dutela diskoen artean. “Talde berriei aukera eskaintzea da kontua, eta talde berri horiek sortzeko beharrezkoak dira pare bat urte”.
Herriko musika taldeak egoera onean zeudela iruditu zitzaielako erabaki zuten azken lana grabatzea, Anjel Lerak azaldu duenez: “Proiektua sustatzen jardun garenok kontzertu batean elkartu ginen; diskoan dagoen talde batena zen kontzertua. Une horretan bertan pentsatu genuen oso momentu ona zela Oñati Bizirik 4 lana grabatzeko”.
Leave a Reply