Eider Goenaga Lizaso
Umetatik liburu artean oroitzen du bere burua Imanol Agirrek (Zarautz, 1978). Bera jaio baino bost urte lehenago ireki zuen Garoa liburu denda bere amak. Argitaletxeen munduan aritu zen lanean, baina amak utzi behar izan zuenean, anaiarekin egin zen dendaren kargu. Ordutik, dendara sartzen diren bezeroei ahal bezain ondo aholkatzen ahalegintzen da.
Zuretzat zer da liburu bat?
Gozamena. Gozamena eta atsedenaldia. Lanarekin baino gehiago horrekin lotzen dut.
Eta Liburuaren Egunak [astelehenean izan zen] zerbait esaten dizu?
Zerbait sinbolikoa da Liburuaren Eguna. Baina, beno, batak besteari liburu bat oparitzeko edo liburu bat esku artean hartzeko aitzakia bat bada, ona izango da.
Liburuzain batek zenbat liburu izaten ditu batera esku artean?
Astean bi edo hiru liburu irakurtzen saiatzen naiz ni. Liburu denda txikietan pisu handia dute gomendioek. Irakurlea edo bezeroa ezagutzen duzun neurrian liburu bat edo beste gomendatzen diozu, eta horretarako irakurri beharra dago. Egun dauden plataforma handien aurrean, hori da liburu denda txikien balioa, gertutasuna, bezeroa ezagutzea eta aholkatzeko gai izatea. Bezero berri bat etorri, hari bi minutuz entzun, eta gero gomendatutako liburuarekin asmatzea… niretzat hori da arrakasta.
Aholku bidez erosten dira, beraz, liburuak?
Datu bat ematekotan, esango nuke ehunetik hogei izaten direla. Oraingoz [09:45 inguru dira] hiru bezero sartu dira, eta hirurek eskatu dute gomendioa. Euskaraz gutxiago, baina argitalpenen munduan hainbestekoa da gaindosia… Egunean bost bat kaxa sartzen zaizkigu nobedadeekin, eta jende batek bai nahi du aholkua. Beste asko best-seller-en bila edo asteburuko kultur gehigarrietan gomendatutako liburuen bila etortzen dira, eta horiek dira mugitzen direnak. Horregatik da garrantzitsua guk irakurtzea eta galbahe lana egitea. Nik, normalki, ez ditut irakurtzen best-seller horiek, bakarrik saltzen direlako; nahiago dut argitaletxe txiki batek ateratakoa irakurri. Jendea harrituko eta sorpresaz harrapatuko duten liburuak irakurtzen saiatzen naiz.
Nolako harremana duzue argitaletxeekin?
Argitaletxe txikiek asko zaintzen gaituzte, eta liburua atera baino lehen bidaltzen digute batzuetan, gutun batekin, esanez hori izango dela euren urteko apustua. Nik askotan esaten dut hori dela marketin kanpaina onena. Madrilgo argitaletxe txiki bateko bi neska autoz etortzen dira honaino, eta dendaz denda ibiltzen dira beraien produktuak aurkezten. Nola ez duzu egingo jende horren aldeko apustua?
Liburuzainaren erabakiak irakurlea baldintza dezake, beraz.
Editore batzuk etortzen dira eta galdetzen dute: “Baina, zer pasatzen da Zarautzen liburu honekin?”. Beno, ba izan daiteke, niri asko gustatu eta aholkatu egin dudala; baina, agian beste liburuzain batek ez du irakurri edo ez zaio gustatu, eta herri horretan agian ez da ale bakar bat salduko.
Euskaraz ez dago gaindosirik?
Euskarazko ekoizpena, batik bat, Durangori begira egiten da, eta ni ez naiz nor hori esateko, baina eskertuko nuke pausatuagoa izatea. Adibidez, oraintxe atera du liburua Danele Sarriugartek, eta lehengoan esaten nion editore bati “ze data egokia! Ze bizitza luzea izango duen!”. Martxoa, apirila, maiatza, uda guztia… eta abenduan Durangon izango da. Aldiz, Durangorako ekoizten diren liburuek elkarren artean lehiatu behar dute.
Euskarazko kultur kontsumoari buruzko azterketak dio euskaldunen %22,9k bakarrik irakurtzen dutela euskaraz.
Kulturaren eta liburugintzaren munduan gabiltzanok badakigu errealitatea zein den. Eta hori baino okerragoa dela esango nuke; altu samar ikusten dut %22,9 hori. Buruz ari naiz, baina euskaraz gehien irakurtzen dutenak 16-25 urte artekoak direla dio; baina, noski, hori ez da irakurzaletasuna handia delako. Datu bat da, eta ez duk nik auzitan jarriko: egia da euskarazko liburu gehienak adin tarte horretan saltzen direla, eskolan eskatzen dietelako eta derrigor irakurri behar dituztelako. Datua hor dago, baina interpretazioa ere garrantzitsua da.
Behartuta ez bada, gazteek ez dute irakurtzen?
Ez nuke hori esango. Baina, euskal literaturarekin haustura bat ematen dela esango nuke. Umeak euskaraz irakurtzen hasten dira, natural-natural, baina iristen dira 14-15 urteren buelta horretara, eta gaztelerara pasatzen dira.
Zergatik? Ez dago eskaintzarik adin horretarako?
Nahi edo ez nahi, adin tarte horretan gaztetxoek irakurri nahi dutena da Federico Moccia, lehenengo ligeak, maitasun kontuak, lehenengo kontaktua sexuarekin… Euskaraz hor hutsune bat dugula iruditzen zait. Behin halako zerbait bota nuen Sautrela-n, eta Hasier Etxeberriak, haserre, erantzun zidan: “Baina, Ima, Ima, nola esan dezakezu hori? Ez dago merkaturik?”. Ni isilik gelditu nintzen, eta nire artean pentsatu nuen, “noski, libururik ez badago zail samarra da merkatua egotea”. Zeozer egiten da, baina zerbaitetan huts egiten dugu, gaztetxoak gaztelerara pasatzen direlako. Gazteleraz, adibidez, asko mugitzen dira Geronimo Stilton eta Futbolísimos bildumak; Stiltonena bakarra dago euskaratuta, duela hiru urte, eta Futboleroak lehenengo biak daude euskaraz. Gero, noski, zeinek hartzen duen arriskua, ezta? Ez da erraza.
Nola ikusten duzu euskal literaturaren egoera?
Ekoizpenaren aldetik izugarrizko idazle interesgarriak ditugu, belaunaldi berriak indartsu datoz, eta kalitate izugarrizko liburuak daude. Eta kalitatezko irakurleak ere bai. Izan ere, kulturaren mundu honetan joera dugu dena desastre moduan aurkezteko, baina ez, oso harro egon beharko genuke, bai egiten dugunaz, bai daukagunaz eta baita garenaz ere. Gure txikitasunean izugarrizko kalitatea dugu hemen.
Zein da dendara sartzen diren irakurleen profila?
Gehienak emakumeak, eta 40-55 urte artekoak. Horrek ez du esan nahi gizonak eta gazteak etortzen ez direnik. Baina ze gaztek du dirua astero liburu bat erosteko? Garbi esan behar da, liburu batek 20 euro balio du. Irakurri nahi duen gazteari liburutegira joatea aholkatu izan diot. Zenbaitek etsai gisa dituzte liburutegiak, baina ez nago ados. Irakurzaletasuna bultzatzen duten neurrian, gure osagarri dira. Sekulako lana egiten dute; irakurle taldeak bultzatzen, jarduerak egiten… Elkar elikatzen dugu.
Paperak badu xarma, baina liburu elektronikoek gero eta pisu handiagoa dute. Zuen kalterako?
Bi edo hiruren artean banatzen dute pastela, eta Amazonen gisako talde erraldoiek bereganatu dute merkatu hori. Dena den, iruditzen zait, oraindik, handiagoa dela papererako joera. Hor, berriro, denda txikiek ematen duten balio erantsiari erreparatuko nioke. Jendeak irakurtzen duen bitartean, ez da txarra, eta pantailen mundua errealitate bat da.
Leave a Reply