“Igeldok gaitasun osoa du udalerri bihurtzeko”

Igeldo 89. udalerria leloa, berriz ere, kalera atera dute igeldotarrek. Maiatzaren 31n herri batzarra egin zuten, gaur zortzi Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera eskatu zioten, eta joan den larunbatean elkarretaratzea egin zuten, Donostian, diputazioaren egoitzaren aurrean. 2010etik auzitegietan dago gaia. Urte hartan aldundiak Igeldo Donostiatik banatzeko aukerari ateak itxi zizkion, eta helegitea jarri zuen Itsas Aurrek, Igeldo udalerri gisa onartzeko lanean ari den elkarteak. Helegitearen epaia noiz ailegatu zain dauden bitartean, “behintzat” diputazioarekin mahaian eseri nahi dutela azaldu du Juan Luis Cruz (Igeldo, 1960) Itsas Aurre elkarteko kideak.

Igeldo Donostiatik banatzearen aldeko aldarriak indarra hartzen hasi dira, berriz ere. Prozesuaren zein unetan zaudete?

Duela bi urte Gipuzkoako Foru Aldundiak foru dekretu baten bidez gure eskaera, 1995ean egindakoa, atzera bota zuen; desanexioaren eskaerari ezezkoa eman zion. Erabakia erabat politikoa izan zen, eta guretzat babesgabetasun momentu bat izan zen. Beraien argudioak nahiko eskasak iruditu zitzaizkigun, eta helegitea jarri genuen, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Apirilaren amaieratik epaiaren zain gaude eta espero dugu 5-6 hilabetean emango dutela epaia.

Duela urtebeteko aldaketa politikoak izan du eraginik?

Gure hausnarketa hori ere izan da. Orain arte helegitearen zain egon besterik ez genuen, baina orain beste zerbait ere eskatzen dugu. Maiatzaren 31ko herri batzarra hori ere izan zen, berriro indartzea herri mailan. Eta erabaki genuen diputazioari bilera bat eskatzea, eta behintzat, hitz egitea.

Eskaerari erantzun dio aldundiak?

Jarrera onak ikusi ditugu. Bilera eskatuta dago. Eta horrekin lotuta joan den larunbatean elkarretaratzea egin genuen, eta bihar Igeldon bertan ere egingo dugu beste bat, 12:00etan. Kontu honekin 20 bat urte daramatzagu, baina oraindik gauden bezala gaude.

Epaiarekin zer aukera daude?

Ez dakigu ziur. Litekeena da gure aurkako epaia ateraz gero, goragoko instantzia batera jotzea, eta berriro beste bizpahiru urtez itxaron behar izatea. Eta hor bidea bukatu egingo litzateke. Bestela, beste eskaera bat egin beharko genuke, orain indarrean dagoen legedi berriarekin. Eta, kasu horretan, 2.500 biztanle behintzat eskatzen dira udalerri izan ahal izateko, eta Igeldok 1.000 pasatxo ditu.

Donostiako Udalarengandik zer espero duzue?

Gure afera eta gure eskaera diputazioari zuzenduta daude, baina diputazioak pentsatzen dut udalarekin harremana izan beharko duela. Guk diputazioaren ezetza jaso genuen, eta horri buruz hitz egin nahi dugu. Ea ezezko hori nola dagoen, zergatik eman zen, eta ea mahaian zer dagoen. Diputazioa da honen ardura daukana.

Zer eskatzen diozue?

Printzipioz, bilera. Eta gero ikusiko da. Guk, igeldotar bezala, jarraituko dugu eskatzen orain arte eskatutakoa; Donostiatik banatzea. Baina orain esertzea da lehenengo gauza.

Herrian banaketaren aldeko ahotsek indartsu jarraitzen al dute?

Hainbeste urte daramatzagu… 1991n hasi ginen. Urte horretan Donostiako Udalari deszentralizazio txiki bat eskatu genion, eta ezezkoa jaso genuen. Erreferenduma ere egin genuen, eta gehiengoak banaketaren alde egin zuen. Orain, jende asko joan da, eta jende asko etorri da. Baina mantentzen dugu indarra. Etorri den jende berria ere buru-belarri ari da sartzen kontu honetan. Gatazka hogei urtera doa, eta gorabehera handiak izan ditugu. Denbora pasa da, baina lehen ikusten genuena ikusten dugu. Gaitasun osoa duela Igeldok udalerri bihurtzeko.