Unai Zubeldia
Herria astindu nahi izaten dugu egun horretan”. Trikiti doinuekin astindu ere. “Jendea dantzan jartzea izaten da helburua; erromeria giro sanoa sortzea”. Hala zehaztu du Ihintza Irizarrek, Andutz kultur taldeko kide eta Erromeria Egunaren antolatzaileak. Andutz kultur taldeak antolatuta, hamargarren urtez Erromeria Eguna ospatuko dute, bihar, Itziarren. “Garai batean erromeria asko egiten zen inguru honetan, eta hori berreskuratzeko erronkarekin sortu genuen jaieguna”.
Beste hainbat herritan horrelako erromeriak antolatzen zituztela ikusita, eurek ere antzeko zerbait egin zezaketela pentsatu zuten kultur elkarteko kideek. “Itziartarrak oso-oso trikiti eta erromeria zaleak garela kontuan hartuta, batez ere”. Adibide gisa, Irizarrek azpimarratu du trikitixa dela bertan irakasten duten musika instrumentu bakarra. Jagoba Uranga da azken urteotako irakaslea, eta trikitilari gisa parte hartuko du biharko erromerian, Maddalen Arzallusekin bikotea osatuz. Antonio Buenetxea Txankarta soinujoleari buruzko liburua ere osatu zuen Joxean Agirre idazleak: Txankarta. —1922an jaio zen eta 2001ean hil—. “Eta horrek bestelako indar bat eman zion trikitixaren inguruko giroari. Oso egun polita izaten da”.
Itziarrek “oso inguru zabala” hartzen du bere baitan. “Eta txoko edo plaza asko izaten zen hemen”. Erromeriak, neurri batean, “sozializaziorako bilguneak” izaten ziren XX. mendearen erdialdean. “Gerraostean elkarrengana biltzeko eta harreman sozialak lantzeko espazioak oso urriak izaten zirenez, egiteko hori edukitzen zuten erromeriek edo plazek”. Trikiti giroan, disfrutatzea eta harremanak egitea, alegia.
Iraileko igandeetan Zelatunen egiten dituzte erromeriak, Hernio magalean; igandero Aristerrazun izaten dira trikiti doinuak, Aiako Andatza auzoan… “Pozgarria da jendeak plaza horiek mantentzeko lan egin duela ikustea; ez da aitona-amonen garai bateko errealitatea bakarrik. Gazte asko ari da inguratzen erromeria girora”. Irizarren ustez, “garrantzitsua” da plazetan gero eta gazte jende gehiago ikustea, “beherakadaren ondoren, egoera bere onera etortzen ari den erakusgarri delako”.
Bihar, goizean goizetik, giro berezia sortuko dute Itziarren. Azken urteotan ohi duten moduan, trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, albokariak, fanfarrea… denetik izango dituzte bertan. Baita Vianako (Nafarroa) dantzariak ere, Itziar bertako dantzariekin batera. “Plazan emanaldia eskaintzen dute urtero, eta itziartarrak hara joaten dira gero, ikasturtean zehar. Duela urte batzuk sortu zen harreman polit hori bi dantza taldeen artean”. Dantza eta bertso saioaren ondoren, herri bazkaria egingo dute 14:30ean, pilotalekuan. “Mila biztanle dauzka Itziarrek, eta 400 lagun elkartu izan gara bazkarian. Paella, saiheskia… Goizean goizetik hasten da prestaketa, herritarrok zerbitzen dugu bazkaria… Giro zoragarria sortzen da”.
18:00etan hasiko da erromeria jaialdi nagusia, musikari guztiak bertan direla. Trikitilariei dagokienez, lau bikote ariko dira bihar: Ostolaza eta Narbaiza, Leire Zumeta eta Amaia Arza, Maria Lasa eta Garazi Otaegi, eta Jagoba eta Maddalen trikitilariekin. Ondoren, berriz, 21:30ean, urteroko afari berezia egingo dute Burugorri ostatuan, hala nahi duten guztiei trikitixa jotzeko aukera eskainita.
Baserritar jantziarekin
Oinarrira joanda, biharkoa “disfrutatzeko eguna” dela azpimarratu du Andutz kultur taldeko kideak. “Bertaratzeko esango nioke erromeria giroa gustatzen zaion orori”. Abisu txiki bat ere bidali du Irizarrek: “Baserritar jantziarekin etortzeko aholkua ematen dugu guk, baina aholkua besterik ez da”. Pilotalekuan izango dira ekitaldietako asko. “Baina zalantzan dagoenarentzat, aspalditik lotuta daukagu eguraldi ona, lasai”.
Leave a Reply