Leire Narbaiza
Apirila da hilik krudelena”, hasten da T.S. Eliot-en Hilen ehorzketa poema. Apiril hau ere krudela izan da arlo larregitan. Azken astea, batez ere, oso intentsua eta gogorra. Tristura, haserrea, amorrua, higuina, mina… sentimendu horiek guztiak pasatu ditugu, bat baino gehiago batera. Horregatik gaude lur jota, porru eginda.
Ankerra izan da hilabete hau, emakumeen kontrako bortizkeria erakutsi digulako gordin. Oihu kolektiboa egin dugu egunotan. Sentipen horiek denak lagunartean, lantokian, sare sozialetan okatu ditugu. Makina bat artikulu idatzi eta irakurri dugu epaiaz, hamaikatxo ideia eta hausnarketa jaurti dira horietan.
Artikulu honetan, baina, gizonengan jarri nahi nuke jo-puntua, uste dudalako badela sasoia eurek, zuek, zeozer egiteko. Emakumeok aspaldi jarri ginen martxan, baina gizasemeek oraindik buelta asko eman behar dituzte, dituzue. Bada garaia zuek ere mugitzeko! Ondo dago sumindura agertzea, manifestazioetara etortzea eta lagundu nahi izatea. Ederki, baina pauso gehiago daude.
Goizaldean, emakume bat etxerako bidean, kalea hutsik, eta bat-batean atzean pauso batzuk entzuten ditu. Beste emakume bat da. Uf! Zelako lasaitua, pentsatuko du lehenengo andreak. Baina, gizon bat izanez gero, atezuan jarriko da. Agian, giltzak hatzen artean ipiniko ditu, badaezpada ere. Emakume horrek gizona sumatu duenean, ez du pertsona bat ikusi, erasotzaile potentzial bat baizik. Bazenekiten, mutilok? Hori berori lankide gizon bati azaldu behar izan nion pasa den astean, eta haluzinatu egin zuen. Emakume guztioi gertatzen zaigu kontatu dudana. Gizonezkoa izango banintz, eta halakorik kontatuko balidate, lotsa-lotsa eginda egongo nintzateke nire generoak eragiten duen izuarekin! Zelako beldurra sortu diguten txikitatik! Zer egin behar duzue hori aldatzeko?
Inori esajerazioa iruditzen bazaio esandakoa, Twitterren #MeToo, #BalanceTonPorc, #Cuéntalo, edo neurri txikiagoan #KontaEzazu bilatzea dauka. Mundu osoko milaka emakumek bizitzan zehar jasandako eraso sexualak kontatzen dituzte. Batzuetan, ume-denboretakoak ere bai. Leitzeak oilo-ipurdia jartzen du. Are izugarriagoa da jabetzea eguneroko kontua dela, Lur bira osoan gertatzen dela, eta erasotzaileak beti gizonezkoak direla!
Orain ez dadila inor hasi “gizon guztiak ez gara horrelakoak!” esanez. Jakina, hori baino ez genuen behar! Ondotxo dakigu. Horregatik eskatzen dizuegu beste pauso bat emateko: jarki, aurre egin, esan stop emakumeen kontrako mespretxuei, txiste sexistei muzin egin zuen taldeetan, kargua hartu bortxaketaz dihardutenei… Asaldatuta bazaudete, mugitu! Ez onartu lagunartean halakorik! Hori da bide bakarra.
Horretaz gain, beste gauza batzuk ere eskatuko dizkizuet: ez gaitzazue kondezendentziaz trata, ume txikiak bagina lez, aitakeriaz, askotan gertatzen den moduan, ez baikara umeak. Entzun iezaguzue, mesedez, sarriegi gure ahotsa ez delako aintzakotzat hartzen; edota berba egiten dihardugunean ez moztu gure hitza. Eta honekin lotutakoa, ez egin arzalpenik, mansplaining-ik; hau da, ez guri azaldu ondotxo dakiguna, gu ere ikasitakoak gara eta.
Eta izan enpatia gehixeago, jarri gure lekuan. Inflexio puntuan gaude, eta denok egin beharko dugu bira, apiril krudel gehiago egon ez dadin.
Leave a Reply