Erik Gartzia Egaña
Gaurkoa egun garrantzitsua da munduko toki askotan. Adibidez, Viktoria erreginaren omenezko eguna da Kanadan; irakaslearen eguna Sirian; banderaren eta unibertsitateen eguna Haitin… Eta, ia egunero bezala, nazioarteko egun bat ere ospatuko dute, gaur, mundu osoan: Museoen Eguna. Horren harira, ekitaldi bereziak egingo dituzte ondarea gorde eta dibulgatzen duten hainbat eta hainbat txokotan. Gipuzkoan ere bai, noski.
San Telmo museoa da herrialdeko zaharrena; 1902an inauguratu zuten. Kokaleku pribilegiatua duenez Donostian, bisitari gehien hartzen duen museoetako bat da —136.000 izan zituen iaz—. Gaurko ez dute prestatu ekitaldi berezirik, baina doakoa izango da sarrera.
Bihar egingo dituzte nazioarteko egunaren harira propio prestatutako jarduera gehienak, eta bihar ere doakoa izango da sarrera, jarduera horiekin guztiekin gozatu ahal izateko. Besteak beste, musika emanaldi laburrak eskainiko dituzte museoko hainbat txokotan. Klaustroan, erakusketa aretoetan, sarreran… Emanaldi txiki horiez gain, beste bi hitzordu ere zehaztu dituzte museoaren barruan dagoen elizan. Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako ikasleek dantza emanaldi bat egingo dute 12:00etan. Euskal dantza erakustaldia izango da lehenengo; ondoren, dantza klasikoa; eta, azkenik, dantza garaikidearen txanda izango da.
19:30ean hasiko da bigarren saioa, elizan bertan: kantu errezitala, Maria Martin sopranoaren eta Maria Hermosilla piano jotzailearen eskutik. Bi ekitaldi horietarako sarrera ere doakoa izango da. Francisco Escudero kontserbatorioko ikasleak dira biak ala biak, eta baita museoan emanaldiak eskainiko dituzten musikariak ere. San Telmo museoko arduradunak musika eskolarekin eta kontserbatorioarekin elkarlanean aritu dira biharko emanaldia prestatzeko.
Urte osoan, museoa 20:00etan ixten dute, baina bihar irekita egongo da 22:00ak arte. Horren ondorioz, berandura arte ikusi ahal izango dira museoko aldi baterako erakusketak: Argazki liburuen fenomenoa eta Tony Ray-Jonesen (Ingalaterra, 1941-1972) Small Pleasures argazki bilduma.
Hori dauka prestatuta San Telmo museoak, baina zabalagoa izango da aukera. Donostiako Museoen Sarea osatzen dute Aquariumak, Elizbarrutiko museoak, Eureka zientzia museoak, Rezola museoak, Realaren museoak, Untzi museoak eta San Telmo museoak, eta, gaur horietakoren batera bisita eginez gero, hainbat abantaila lortzeko aukera izango da: beste museo batera doan sartzeko aukera, prezio murriztua edo opariren bat. Hilaren 31ra arte egongo da eskaintza hori.
Museoen Eguneko eskaintza ez da, ordea, Donostiara mugatuko. Oiartzunen, esaterako, Ergoien auzoko Pagoaldea industrialdean dago Luberri museoa. Euskal Herriko historia geologikoaren museoa da, eta milioika urte dituzten fosilak ikus daitezke bertan; bertatik bertara ikus daiteke azken nola bizi izan diren animaliak eta landareak 600 milioi urteotan. Horrez gain, Oiartzun ibaiaren haranaren, Oiartzualdea eskualdearen eta Aiako Harria Parke Naturalaren geologia ere ikus daitezke.
Museotik kanpo lanean
Museo xumea da Oiartzungoa. “Oso txikia da”, zehaztu du Ane Sedano Luberri museoko langileak. “Ikastolekin egiten dugu lan, batez ere. Toki gutxi daude Euskal Herriko geologia ezagutzeko. Zumaiako flyscha ikustera joan gaitezke, baina oso leku zehatzak dira; gurea orokorragoa da”. Haiek ere bat egingo dute nazioarteko egunarekin: ordaindu gabe sartzeko aukera egongo da gaur eta bihar. Hori bai, ez dute prestatu bestelako ekitaldirik. “Lanez lepo gabiltzalako, eta museo txikia garelako”.
Eguneroko lanean jarraituko dute Luberrin, baita museotik kanpo ere. Izan ere, garrantzia ematen diote museotik harago egiten duten lanari. Hala, Pasaiako Mater ontzi-museoarekin batera, txangoa antolatuta daukate gaur goizerako, Pasaiako Itsas Festibalaren barruan. Irteera txiki bat egingo dute badiaren jatorri geologikoa eta portuaren funtzionamendua azaltzeko.
Arratsaldean, berriz, Donostiako Altza auzoan 6 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra antolatu dute Casares kultur etxean, 17:30etik 19:00etara bitartean. Haurrak paleontologiara hurbilduko dituzte Naturaldiaren barruko ekitaldian, eta, egitasmo horren barruan, beste jarduera bat egingo dute bihar. Casaresetik bertatik abiatu, eta Errenteriako San Marko mendira joango dira; txangoan, inguruko geologiaren berri izateko aukera egongo da. Aurretik ez da beharrezkoa izena ematea; nahikoa da 10:00etan kultur etxera joatea.
Museoen Egunean Internet bidez parte hartu nahi duenak, berriz, bat egin dezake Irungo Oiasso erromatar museoaren proposamenarekin. Oiasson, erromatarrek utzitako ondarea aldarrikatu nahi dute: egunen izenak hainbat hizkuntzatan jarri, planeten izenak, erromatarren zuzenbidea, alfabetoa, egutegia… Traol bat prestatu dute: #WeAreRomans. Igandera arte, erromatarren ondarearekin zerikusia duten argazkiak, bideoak edo dena delakoak bidal daitezke.
Museoen Nazioarteko Egunerako hiru proposamen besterik ez dira horiek. Museo gehienek daukate prestatuta eskaintza bereziren bat, eta bertatik bertara ezagutzea izango da onena. Gaur, bihar… edo urteko edozein egunetan.
Leave a Reply