Unai Zubeldia
Tentsio handikoa izan zen asteazkena. Bilera goizean, bilera arratsaldean, eta zalantzak iluntzean. “Goizean ez da izan aurrerapauso garrantzitsurik”, hasi zuen azalpena Maddi Aspiazu ELAko ordezkariak bilera amaitu berritan. “Baina arratsaldean, bai, arratsaldean beste eskaintza bat egin digute, eta langile guztiekin sakon aztertu behar dugu egoera erabakiren bat hartu aurretik”. Gipuzkoako hoteletako langileak grebara deituta daude hurrengo asterako, maiatzaren 23, 24 eta 25erako, eta, azken asteotako gorabeheren ondoren, gaur goizean argituko da egoera. “Hausnarketa eguna izango da osteguna”.
Eta erabakia jakinaraztekoa, gaurkoa. Ondo bidean, ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak 11:45ean aterako dira prentsaren aurrera, ELAren Donostiako egoitzan —iazko datuekin, langileen %65,68 dauzka ELAk, %17,91 CCOOk, %14,92 LABek eta %1,49 UGTk—, eta orduan jakinaraziko dute langileen erabakia zein den: euren eskaerei eutsi eta hiru eguneko greba egitea, edo Aspagi patronal nagusiak —Adegiko kidea da— eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak asteazken arratsaldean egin zien proposamena onartu eta greba deialdia bertan behera uztea. Aurretik, bi aldeak 10:30ean elkartuko dira Preco bitartekaritza organoan. Patronalak ez du adierazpenik egin nahi izan egoera argitu bitartean.
Aspiazuren hitzetan, irtenbidea “urrun” zegoen astelehenean. Joan den urteko urrian eten ziren 2014ko lan hitzarmena berritzeko negoziazioak, eta herenegun arte ez zuten fruiturik eman sindikatuen eta patronalaren arteko azken bi bilerek, apirilaren 27koak eta maiatzaren 9koak. “Azken bilerara proposamen berarekin etorri zirela ikusita, aurrerapausorik ez bazegoen berriz elkartzeko egunik ez zehaztea erabaki genuen”. Sindikatuak asteazken goizean ziren ematekoak grebaren inguruko argibideak, baina prentsaurrekoa bertan behera utzi zuten patronalak, azken unean, bilerara deitu ondoren.
UNTWO Turismoaren Mundu Erakundeko kontseilu exekutiboak 108. bilkura egingo du maiatzaren 23, 24 eta 25ean Donostian, eta 70 bat estatutako 300 ordezkari etorriko dira Gipuzkoako hiriburura —mundu mailako turismoaren garapenaz arduratzen da erakunde hori—. Aurrera eginez gero, beraz, oihartzun handia izan dezake grebak, eta horregatik ari da izaten beroa astea. 1.600 langile ingururi eragingo lieke greba deialdiak.
Hoteletako zerbitzuak kanpora ateratzeko azken urteotako politikari neurria hartzea eta, 2014ko azken lan hitzarmena eguneratuta, langileen soldatak igotzea. Sindikatuek bi eskaera nagusi horiek dauzkate mahaiaren gainean, eta, hain zuzen ere, azken asteotan bietan izan dira aurrerapausoak. Aste honetara arte patronalak ez zeukan asmorik soldaten gaiari heltzeko, baina hortik iritsi zen asteazkeneko proposamena.
“Sektorearen egungo egoera onaz jabetuta”, KPIa gehi %1,5eko igoerak eskatu dituzte sindikatuek 2017, 2018 eta 2019rako. Aste honetara arte, KPIa gehi %0,5 proposatzen ari zen patronala 2017rako —2,1 litzateke—, KPIa gehi %0,25 aurtengo —1,35 litzateke—, eta KPIa 2019rako. “Baina hobetu egin dute eskaintza: KPIa gehi %1 proposatu dute 2017rako eta 2018rako, eta KPIa gehi %0,5 2019rako”. KPIa gehi %4,5 eskatzen ari dira, beraz, sindikatuak, eta KPIa gehi %2,5 eskaini du patronalak. “2014tik galdu dugun erosteko ahalmena berreskuratuko genuke horrela”.
Hori bai, lan baldintzak aztertzean soldatez bakarrik hitz egiten dela salatu du Aspiazuk. “Baina askoz errealitate gordinagoa dago atzean”. Zabaltzen duten hotel bakoitzak zerbitzuak kanpora ateratzea erabakitzen duela salatu du ELAko ordezkariak. “Normalean, multinazionalak egoten dira atzean, eta esplotazioa esan nahi du zerbitzuak kanpora ateratzeak. Jendearen ahultasunaz baliatzen dira gutxieneko lan hitzarmenera iristen ez diren lan baldintzak eskaintzeko”. Lan jardun hori, normalean, emakumeek egiten dutela gaineratu du Aspiazuk. “Beste behin ere, emakumeak jotzen ditu prekaritateak, emakume atzerritarrak gehienetan”.
Hiru ordezkatze klausula
Sindikatuentzat egokiena zerbitzuak kanpora ez ateratzea litzatekeela azpimarratu du ELAko ordezkariak. “Baina ezinezkoa da hori, eta horregatik mugatu nahi dugu jardun hori, ondorio kaltegarriak dauzkalako langileentzat”. Akordiorako bidean, hiru ordezkatze klausula jarri nahi dituzte indarrean sindikatuek, baina lehen biak bakarrik eskaini ditu patronalak.
Hotel batek zerbitzuak kanpora ateratzea erabakitzen duenean, langileak kanpoko enpresara aurreko baldintzetan joatea litzateke lehenengoa, eta zerbitzuak kanpora ateratzean, kanpoko A enpresatik B enpresara igarotzean baldintzak mantentzea bigarrena. “Lehen bi kasuak lotu ditugu, baina hirugarrena falta da”. Enpresa jakin batek zerbitzuak kanpora atera ondoren berriz ere langileak bereganatzean sortzen den errealitatea, alegia. “Gastuak merkatzearren, langileak kanporatzeko eta gutxiago ordainduz beste batzuk kontratatzeko atea irekita mantendu nahi dute eurek, eta guk ezin dugu sinatu halakorik”. Baldintzak zehaztea falta zaie sindikatuei.
Soldata igotzearekin eta zerbitzuak kanpora ateratzeko joera erregulatzearekin batera, aurrera eginez gero, 30 langile baino gehiagoko hoteletan langileek bi egun jarraian jai hartzeko eskubidea ere txertatuko lukete akordioan, eta baita ultraaktibitatea urtebetetik hiru urtera luzatzea ere —lau urte eskatzen zituzten sindikatuek—.
Sindikatuen eskaerak ez dira ezerezetik sortutakoak; errealitatea aztertu dutela azpimarratu du Aspiazuk. “Donostian bertan 22 hotel irekitzekoak dira datozen urteotan. Hortik kontuak atera sektorea zein egoera onean dagoen. Eta, hala ere, ez dira gai eskatzen ari garena onartzeko”. Ostalaritzako arduradunek azken urteotan “irabazi handiak” izan dituztela gaineratu du ELAko ordezkariak. Greba mehatxuarekin, Aspiazuk badaki “urduri” daudela Eusko Jaurlaritza eta patronala. “Donostiaren irudia jokoan dagoela esan digute hasieratik, baina hasieratik zekiten gure baldintzak zein ziren”.
Sindikatuek badakite “eragin handia” izan dezakeela grebak, baina ostalaritzako langileen egoera ulertzeko eskatu diete herritarrei. “Asteko zazpi egunetan egoten dira irekita hotelak, 24 orduz, eta txanda asko behar izaten dira horretarako”. Igandeak, jaiegunak, oporrak, gauak… “Lan ikusezin asko dago hotel bakoitzaren atzean; lan gogorra da, eta langileen baldintzak ez daude sektorearen egungo errealitatearen pare”.
Leave a Reply